Maitasun deklarazioa

Klitto!ko kolaborazioa dela eta, lanketa ideologikoa eta pentsamendu feminista garatzeko artikulu bat idazteko prest nengoen, eta gai interesgarri asko nituen buruan. Izan ere, azkenaldian mugimendu feminista indartsu dabil eta fronte asko irekiak ditugunaren sentsazioa daukat (guztietan diskurtsoa sortzea eta eragitea beharrezkoa izanik).

Baina aukeraketa horretan nengoela, burua gelditu eta gorputzari kasu egin diot eta beste zerbait konpartitzeko gogoa nuela sentitu dut. Maitasunaz hitz egin nahi nuela esan didate tripek, bihotza maitasunez beterik sentitu dudalako, eta zuen begien aurrean biluzteko prest nago.

Iritzia: Idoia Arraiza Zabalegi - Klitto!

Sentsazio horren atzetik zuek agertu zarete, emakume eta lesbiana ezberdinen aurpegiak, nire burkideak, militante kideak. Bizitzako momentu eta borroka puntualetan agertu direnak, beraiekin borroka luzeagoak konpartitu ditudanak, edota egun bidelagun ditudanak. Iraultza feministan nire alboan sentitzen zaituztedanak. Erreferente eta babesgune zaretenak. Zuengandik eta zuekin batera hainbeste ikasi dut… Heteropatriarkatuak eragindako kontraesan eta minei izena jartzen, zentzua topatzen eta sendatzen lagundu didazue. Zuekin batera ari naiz neure burua eta mundua iraultzen.

“Minak sendatzea ekintza politikoa da” leloa erabili zuen Bilgune Feministak torturaren aurkako egunean. Guztiz ados nago proposamenarekin. Guztion ardura da talde borroka batek sortutako minak (gorputzetan azaleratzen direnak) sendatzea eta beharrezkoak diren osatze prozesuak martxan jartzea. Are gehiago esango nuke nik: minak ez ezik, plano emozionala politizatu eta kolektibizatu behar dugu. Plano indibidual eta pribatuan bizitzetik, publikoan edo bileretan agertu eta konpartitzera pasatu behar dugu. Gai ordenan edo agendan sartzeaz gain, kultura politiko berri baten oinarrian egon behar du. Emozioak politizatu eta kolektibizatzeko beharra ikusten dut, maitasuna eta maitasun-forma guztiak barne.

Mari Luz Estebanek lan interesgarria egin du maitasunaren teorizazioan. Berak zerrendatutako maitasun harremanetan dauden lau elementuak hartu ditut eta zuekin nola materializatzen diren deskribatzen saiatu naiz:

Idealizazioa: erreferenteak zarete niretzat, iparra eta zeruko izarrak. Zuen gaitasunak miresten ditut zuen akatsen gainetik. Gure arteko harremanak gatazkatsuak ere izan arren, elkarrekin dena gainditu dezakegula uste dut. Feminismoaren bidea korapiloz beterik egon arren, zuekin batera eraikiko dugun beste jendarte eredu bat posible dela sinesten dut.

Erotizazioa: gustuko ditut emakume borrokalariak, tokatu zaienarekin konformatzen ez direnak, desobedienteak; buru-berokiak jartzen dituztenak eta beraien zaurgarritasuna onartzera ausartzen direnak; mahai-inguruetan hitza hartzen dutenak eta isilpean inurri lana egiten dutenak; eszenatokietara igotzen direnak edo izaren azpian iraultza egiten dutenak. Nire presentzia, ekintza eta begiraden bitartez, zuek guztiak seduzitzen saiatzen naiz.

Intimitate nahia: zuekin sortutako harremanak produkzio militantearen planoa gainditzen dutelako. Pertsonala politikoa dela barneratu genuenetik, erresistentziak eraisten aritu gara segurtasunezko espazioak sortuz, epaiketak kanpoan utziz, sekretuak elkarri aitortuz eta konplizitate agerikoak nahiz klandestinoak eraikiz.

Iraunkortasun nahia: sentimendu hau bizitza guztirako izatea nahi dudalako. Ziurrenik zuetako askorekin ez gara bizitza osoan elkarrekin mantenduko, borroka ezberdinetan banatuko gara, distantziak zeharkatuko gaitu… batzuekin jada gertatu den bezala. Baina bidelagun feministak nahi ditut nire bizitzan, kolektibo ez egituratu baten parte sentitu. Zuekin nahi dut borrokatu eta zuekin bizitzari heldu.

Harro nago. Harro proiektu feminista nire bizitzaren ardatz nagusia izatea aukeratzeagatik. Harro proiektu hori kolektiboa izateagatik.

Eta eskertuta sentitzen naiz. Eskertuta, militante kideak izateaz aparte, lagunak, maisuak, senideak, terapeutak eta maitaleak izan zaretelako eta zaretelako. Eskertuta, zuei esker gaur naizena izatera iritsi naizelako, zuekin deseraiki, hautsi, korapilatu, hazi, maitatu, osatu eta neure burua berrasmatzen jarraitzen dudalako. Zuei esker, nire bizitzak zentzua daukalako. Zuei esker eta zuekin batera banaizelako.

Maite zaituztet,

Idoia.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA