Frankismoaren genero krimenak ikertzeko kereila aurkeztu dute

Women's Link Worldwide elkartea gehitu da Maria Servini de Cubria epailea ikertzen ari den auzibidera. Salaketan biktimen lekukotzak bildu dituzte.

Iturria: Jon Rejado - Berria

"Frankismoan emakumeek sufritu zuten indarkeria plan sistematikoa izan zen", salatu du Carmen Miguel Women’s Link Worldwide elkarteko Espainiako zuzendariak. Gaur goizean aipatu elkarteak diktaduran emakumeen aurkako indarkeria ikertzeko kereila aurkeztu du. Argentinako auzibidera gehitu da, genero krimenak aintzat har ditzaten.

 

Glenys de Jesus Women’s Link Worldwide elkarteko nazioarteko zuzendariak gogora ekarri du emakumeen kontrako indarkeriak "eragin sinbolikoa" zuela. "Emakumezkoen gorputzak baliatu zituzten arerioa zigortzeko". Horrez gain, "jokabide otzana" behartzeko asmoa zuela oroitarazi du. "Rol soziala apurtu zuten emakumeak zigortzea bilatu zuten".

Bartomeu Gari historialariak azaldu du emakumezkoek jasan zuten indarkeria. "Asko eta asko bortizki torturatu zituzten, bortxatuak eta erailak". Halaber, gogora elkarri ditu nola ilea larru-arras mozten zieten, besteak beste. "Emakumerik gabe ezin da historia bere osotasunean kontatu", nabarmendu du Carmen Miguelek.

Salaketarekin batera sei lekukotza aurkeztu ditu aipatu elkarteak. Lekukotza horietako bat biktima batek egina da, eta beste laurak biktimen familiek kontatu dituzte.

ETIKETAK

Elkarbanatu!