Hirigintza patriarkala

Apurtu zure kaiolak

“Arkitekturak boterearekin zerikusia du. Boteretsuek eraikitzen dute, hori delako dagokiena. (…) Posible da hizkuntza arkitektoniko batek esanahi politiko konkreturik ez izatea, baina horrek ez du esan nahi arkitekturak ez duenik funtzio politikoa bere gain hartzeko potentzialik”. (Deyan Sudjic, 2007)

Iritzia: Ibai, Iñigo, Izaro eta Mariñe - Topatu.eus

Beti ez da erraza izango, baina buru aske eta koherente izatean gaudenok, ezkertiar, feminista, abertzale… begiak ireki behar ditugu. Egun, arkitekturak eta hirigintzak herritar tipo jakin bati erantzuten die: gizona, diruduna, motorduna, familia edo etxeko kargarik gabekoa… Eraikitzeari ekin genionetik, gu gara boteretsu horiek, gizonok. Eta geure beharrei erantzuten ari gara. 

Le Corbusier (arkitekto ospetsuenetariko bat): “Norentzat eraiki behar da etxea? Gizonentzat, ez dago dudarik. Gizona eta bere berokia.” 

Baina, mundu kapitalista, patriarkal eta androzentriko honen desinformazioan, ba al daukagu irtenbiderik?

 

“Boteretsuek eraikitzen dute, hori delako dagokiena” (Deyan Sudjic, 2007;6) 

“Beti ez da proletariorik egon, baina beti egon dira emakumeak” (Simone de Beauviour, 1983;14) 

 

Sistemak giltzapean nahi gaitu, eta horretarako hirigintza eta arkitekturaren bitartez kaiolak (eskualdeak, herriak, auzoak, eraikinak, gelak, altzariak...) eraiki dizkigu. Ideologikoki kaiola gainditu eta ireki dezakegu, gure egunerokotasunaren borroka delako. Baina, ez gaude egungo sistemaren kaiola apurtzen, kaiolatik ihes egiten ari gara. Alegia, nahiz eta txoria kaiolatik irten, kaiolak kaiola izaten jarraituko du. Nahiz eta ideologikoki gainditu, gure hiriek patriarkalak izaten jarraituko dute.

Adibide azkar eta hurbil bat; pentsatu zure eskualdean, zure herrian, zure auzoan. Abiadura handiko trenak, autobideak, metroak… Gizonok familia ardurarik ez dugunez, helburu bakarreko bidaiak egin ohi ditugu: metroz etxetik lanera, autoz lanetik etxera. Berriz, emakume gehienek bizitza konplexuak eta ordutegi bikoitzak dauzkate, eta egoera horrek sortutako helburuei erantzuteko mugitu behar izaten dute; erosketara, zaintza lanetara, laguntza lanetara, gestioak egitera, etab. Bidaia amaigabeak. 

“Helburu askotarako bidaia motz ugari alde batetik. Bestetik, lanean soilik oinarrituriko bizimoduaren joan-etorriko bidaiak”. (Hiria Kolektiboa, 2010;28) 

Egungo mugikortasun (edo irisgarritasun) azpiegituren diseinuak lan produktiborako bidaiak balioztatzen ditu beste edozein bidai moten gainetik. Irisgarritasun planek herritar eredu unibertsal faltsu bati erantzuten diote, eta ez egunerokotasunak eskatzen duen konplexutasunari. Hau da, irisgarritasun kontzeptua zabaldu behar da; oztopo arkitektonikoak deuseztatzeaz gain, errealitate fisikoari eta sozialari egoki erantzun behar diogulako. 

Orain pentsatu hiri-auzo segurtasunaren ereduan, Anai Handian… kamerak + zipaioak. Orain pentsatu zure lantokiaren distribuzioan… Orain pentsatu autoarekiko mendekotasunean… Orain pentsatu zure etxean… Orain… Orain ez pentsatu, hartu mailu bat eta apurtu zure kaiolak!

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA