TTIParen aurrean ere, burujabetza feminista!

Lorea, Mugarik Gabeko lagunaren bisita jaso genuen larunbatean, bilgune nazionalean. 2013tik aurrera, batean eta bestean entzun izan dut itun beldurgarri honen berri, baina onartu behar dut orain arte, iskin egin diodala, frustrazioa eragiten zidanez, ez niola arretarik eskaini nahi izan. Goxo baina gordin azaldu zizkigun itunaren aldeak. Europar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiotarako Hitzarmena, ezkutuan ari dira sukaldatzen. 2016an sinatu nahi dute.

Iritzia: Edur Epelde Pagola - Klitto!

Egun, itunaren edukien %20a bakarrik ezagutzen dugu. Baina badakigu “merkatuak ireki” eta “oztopo ez arantzelarioak” gainditu nahi dituztela. Azken batean, ekonomiaren globalizazioaren bidean, merkatu bat eta bakarra sortu nahi dute bi herrialdeen artean. Alderdi ekonomikoaz gain, eremu soziala, kulturala eta osasun arloan eragina izango duen ituna izango dela argi geratu zitzaigun. Eragina izango du, zergapetzean, elikaduraren eta ingurumenaren inguruko desarautzean, finantza sistemetan eta lan harremanetan bereziki, orain arteko negoziazio kolektiboak arriskuan jarriz. Gure bizitzako eremu eta txirrikitu guztietara iritsi nahi dutela alegia. Guzti hau lortzeko, estatu eta multinazionalen arteko auziak sortzekotan dira, ISDS (Inbertitzaile eta estatuen arteko arazoen erresoluziorako dispozisioa) delakoa sortuz. Zer ekarriko du honek? Estatu batek demokratikoki hartutako erabaki batek, ustez nazioarteko korporazio bat ekonomikoki kaltetuko balu, aipatu multinazionala, nahi izanez gero, herrialde horretako justizia administrazio guztiaren gainetik, nazioarteko arbitrajerako epaitegietara jo ahalko duela erabaki baten zain.

Estatuen botere subiranoa galtzear da eta korporazio transnazionalek hartuko lukete indarra. Ondorioz, burujabetza ekonomiko, politiko eta soziala amets dugun herrialdeok ere multinazional eta korporazioen aurrean bilutsik geratuko ginateke.

Itun honen arrisku eta mehatxuez oharturik, beldurra sentitu nuen. Gure ametsak, helburu politikoak eta milaka nahi eta desio desagertzeko arriskuan jarri zituen sentitutako beldurrak. Jabetu nintzen, bilgune feministako beste kideen gorputzak ere zurrunago bihurtu zirela, defentsa egoeran kokatu ginen. Orain zer, nola segi, norantz jo. Gure aldaketarako nahia gure kontra datorrena baino handiagoa, indartsuagoa eta boteretsuagoa ote zen kezkati geratu nintzen.

Orain boteretzeaz, burujabetzaz edota osatze feministaz ari garen honetan, ez zaigu gure arteko babes eta elkartasunean sinestea baino geratzen. Erabaki indibidualak, konponbide pertsonalak, aldaketa kolektiboekin bat etortzea ezinbestekoa bihurtu da. Elkarren beharra dugu. Eta eskubideen urraketen mehatxuak sortutako izuak, elkarren beroa inoiz baino sutsuago sentitzera narama.

Gogoan dut larunbat honetan bilguneko bileran elkartu ginenon arteko konplizitatea. Larunbat goiza elkarrekin igarotzeak sortzen digun poza. Beste behin ere oso gustura sentitu nintzen, bilgune txikiko lagunek maitasunez dinamizatutako bileran. Hiru ordu (edo gehiago!) irauten duten hileroko topaketatxo hauetan, plazerez sentitzen ditut bertan gaudenon arteko keinuak, begiradak, ezkutuan, nahigabe gertatzen direnak batzuetan, kontzienteki bestetan. Etxean sentitzen naiz feministekin, familia txikian, handitzen, osatzen eta indartzen egunero. Ia hamabost urte bai, hilero hilero titulu ofizialik jasotzen ez den eskola eder honetan parte hartzen. Gure artean ikas-irakatsi dinamika etengabean. Esker ona eta maitasuna (zer den eta nola definitu argi ez izan arren) sentitzen ditut bilgune feministako eta bertatik ezagutu ditudan lagun feminista guztienganako.

Gu ere ari gara sukaldatzen, sentitu nuen. Errezeta ugari ari gara asmatzen, sortzen eta zergatik ez TTIP-a irentsi eta euskal herri burujabea bizi?

Mila esker Lorea larunbat goiz hau gurekin konpartitzeagatik. Hemen Mugarik Gabekoek 2035a irudikatuz egindako “Emakumeentzako Odisea” bideoa:

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA