Indarkeria matxista: zenbait galdera

Lau dira egun eraso matxista ezberdinei aurre egiteko erabiltzen ari garen bideak: kaleko agerraldiak, judizializazioa, komunikabideak eta heziketa. Azken horri dagokionez, badaude oso ekimen interesgarriak eta oparoak gurean, gazteei zuzendutako Beldur Barik programakoak, adibidez. Artikulu honetan, baina, beste hiruren inguruan zenbait galdera egin nahi nuke.

Iritzia: Mari Luz Esteban - Berria

Gero eta argiago dago espetxealdiak ez dituela erasotzaileak eraldatzen (Angela Davisek Euskal Herriari egindako bisitan ezin hobeto adierazi duen moduan), nahiz eta kasu larrienetarako behintzat beste alternatibarik ez eduki oraingoz. Era berean, salaketa poliziala ez da beti ez ezinbestekoa, ezta irteerarik onena ere, egoerak txarrera egin baitezake eta irtenbide bat topatzea zaildu (emakume batek haren bikotekidearengandik jasotzen dituen tratu txarren zenbait kasutan, esate baterako). Bestetik, erasoa eta egindakoaren aitortza/erreparazioaren artean orekarik doiena bilatzea litzateke helburu behinena. Neska bat bortxatu duen mutil gazte batek, adibidez, auzitegian/kartzelan bukatu behar du nahitaez? Eremu horretan, dena den, badugu zailtasun bat: feministok legeari eta legearen aplikazioari eman ohi diogun garrantzi sinboliko ikaragarria.

Aldiz, erasoen inguruko notizien mediatizazioari dagokionez, ez (omen) dugu batere zalantzarik: oro har, badago joera pentsatzeko zenbat eta informazio gehiago azaldu komunikabideetan, hobe. Eraso sexisten gaia izar mediatiko bilakatu da Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean, nahiz eta medio batzuen eta besteen tratamenduan alde handia egon, jakina.

Hala ere, azken hilabeteetan eraso anizkoitzen gainean hedatu diren erreportaje eta iritzi-artikulu andana ikusita, indarkeria matxistaren jorraketa mediatikoaren inguruan patxadaz hausnartzeko garaia heldu dela iruditzen zait. Indarkeriaren kontrako atxikimenduen metaketa publikoak eragin handia du kontzientziazioaren areagotzean. Baina «saturazio mediatikoak» ez al du inongo ondorio ezkorrik edo albo-kalterik sortzen? Ez al dago beharrik, adibidez, ekintza horiek eta ekintza horien inguruko berriak taxuz dimentsionatzeko eta helduleku berriak asmatzeko? Era berean, genero arloan gertatzen diren ezberdintasun eta azpiratze guztiak indarkeriaren logikara eramateak ez nau asebetetzen. «Dena da biolentzia» da nagusituz doan begirada feminista. Nago horrek menpekotasunaren analisiak konplexuago eta zabalago egiteko eta soluzioak bilatzeko aukerak pobretzen dituela.

Horrez gain, beste bi zalantza ditut gaur egungo gerturatze mediatikoaren inguruan: bata, ea ez ote gauden eraikitzen, nahi gabe, iruditeria bat non (gizon eta emakumeen arteko) intimitatea, sexualitatea, bi gorputzen arteko enkontru eta jolas gozagarria, besteen gorputzekiko jakinmina/hurbilketa, gorputza bera... negatibizatzen ari garen, balizko erasoa izanik behin eta berriro nabarmentzen dugun alderdi bakarra. Hemen gerta daiteke osasun arloan gertatzen den gauza bera: medikuntzak osasunaz sorrarazten duen ideia gaixotasunarekin eta patologiarekin lotua gelditzen dela, eta kito. Bigarren duda, kezkagarriagoa oraindik, notizia horien uholdetik azaleratzen den ideia ez ote den emakumeak, finean, ez garela gai eguneroko egoera horiei aurre egiteko gu geurez, eta estatuaren, komunikabideen edota mugimendu feministaren babesa bilatzera derrigortuta gaudela. Hau da, emakumeen kustodializazioa elikatzea, ahalduntzearen kontura orriak eta orriak bete arren.

Protesten arloan eztabaida interesgarriak sortu dira feminismoan azken urtean zenbait ekintzaren inguruan, nahiz eta noiz edo noiz lintxamendu doinua gehiegizkoa izan, nire gusturako. Bilgune Feministak uda aldean antolaturiko gaueko protesten harira gertatu dena, esate baterako. Begi bistakoa da emakumeen ekintza publikoak ez daudela normalizatuta. Gazteei zuzenduriko fikziozko serieak ikustea besterik ez dago egiaztatzeko emakumeoi hobesten zaigun ekintza publiko bakarra maitasunaren arlora mugatzen dela, Ruth Iturbide ikertzaile nafarrak amaitu berri duen doktore-tesian aztertu moduan. Emakume batek biktima posizioari uko egiten dion unean biktimario bihurtzen da, nabarmendu du Norma Vazquezek. Horrekin loturik, badugu beste oztopo larri bat: Euskal Herrian bizi (izan) dugun egoera politikoaren metabolizatze gaitzaren ondorioz, indarra erabiltzea tabu bihurtu da, eta hori emakumeen ekintzak mugatzeko ere baliatzen ari da. Zenbait feministak defendatu dute autodefentsaren filosofia eta jarrerara mugatu behar garela. Baina autodefentsa ez al da, azken batean, indarra erabiltzeko modu bat? Edo soilik emakume kurduek balia dezakete indarra eta guk ez? Zer mezu jasotzen ari dira neskatila txikiek horrenbeste traba jartzen badizkiegu emakumeen ekintzei? Panorama ikusita, froga/akats asko egin beharko ditugu, haserretik eta baita ludikotik ere, eta horretarako sormena piztu.

11 eraso/12 erantzun da apirilaren 9an Gasteizen feminista guztiak batuko gaituen manifestazioaren leloa. Hirugarren hanka bat gehituko nioke nik horri: 11 eraso/12 erantzun/13 galdera eta gogoeta berri.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA