Andre gehiago lan merkatuan, baina baldintzak hobetu gabe

2008an baino 21.000 emakume gehiago daude Euskal Herriko lan merkatuan. Bost lanaldi partzialetik lau emakumeentzat dira, eta haien soldatak gutxiago ari dira igotzen.

Iturria: Iker Aranburu - Berria

Martxoaren 8aren atarian, emakumeek lan munduan duten egoerari begirada bat eman dio Gaindegiak, eta datu on bat eta datu txar asko aurkitu ditu. Notizia ona da 2008. urteaz geroztik handitu egin dela lan munduan sartu nahi duten emakumeen kopuruak; txarrak, berriz, lanaldi partzial gehienak haienak direla, haien soldatak txikiagoak direla eta gutxiago hazten ari direla, eta aldi baterako kontratuen gehiengoa haiena dela.

Gaindegiak bildutako datuek diotenez, 2008tik 2015era lau puntu hazi da andreen jarduera tasa,21.000 emakume gehiago daudelako lan merkatuan. Datu nabarmena da, krisiaren urteak izanik, herritar askok amore eman baitute lana aurkitzeko zailtasunengatik. Horrek azal dezake epe horretan gizonezkoen jarduera tasa 3,3 puntu jaitsi izana —75. 300 langile gutxiago—.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan igo da jarduera tasa, baina batik bat Araban —5,9 puntu—, eta horri esker, hark du tasa handiena: %71,8 hain zuzen ere. Bizkaiak du, berriz, txikiena (%68,1), nahiz eta han ere asko handitu den (4,9 puntu). Abiapuntu hobea zuten Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak, eta, hala ere, hobera egin du lurralde horietan ere. Edonola, datuak ez dira guztiz bateragarriak, 2012ra arteko datuak bakarrik daudelako.

Gero eta emakume gehiago ari dira lan egiten edo lana bilatzen; baina, hala ere, gizonezkoak baino gutxiago dira: lan egiteko adinean dauden emakumeen %69,4 daude lan merkatuan, gizonezkoen tasatik oso urruti (%78,1).

Baina gauza bat da lan merkatuan egotea eta beste bat lana izatea. Herenegun berritu zituzten Hego Euskal Herriko langabezia erregistratuaren datuak, eta horretan ikusi zen emakumeen eta gizonen arteko arrakala handitzen ari dela: 108.050 emakume daude lanik gabe, %17,16. Gizonen artean 91.601ek ez dute beharrik, aktiboak direnen %13,02k. Krisiaren hasieran bi kopuruak berdindu egin ziren, hasiera langabeziak gogorrago jo zuelako gizonezkoak nagusi diren bi sektoreetan, industrian eta eraikuntzan. Baina azken bi urteotan lan merkatuak izandako suspertzeak batez ere gizonezkoei egin die mesede.

Prekaritate handiagoa

Gainera, lana aurkitzen dutenean ere, oro har lan prekarioagoak aurkitzen dituzte emakumeek. Aldi baterako kontratuak dituztenetetatik %54,3 dira emakumeak. Tasa horretan ez da aldaketa handirik izan azken urteotan (%54,6 zen 2008an). Arau horretan salbuespen bat ere badago: Nafarroa Beherean aldi baterako kontratua dutenen %49,6 dira emakumeak. Oro har, faktore horretan orekatuagoa dago Ipar Euskal Herria (%51,8), Hego Euskal Herria baino (%54,4).

Aldi baterako lana dutenen artean emakumeak gehiengo izatea ez da, noski, Euskal Herriko ezaugarria soilik. Esaterako, hori gertatzen da Finlandian (%59,9), Danimarkan (%53) eta Frantzian ere (%52,9). Gutxiengoan daude, ordea, Espainian (%48), Katalunian (%48,3) edo Alemanian (%48,7).

Prekaritatearen beste ezaugarri bat enplegu partziala da, kasu askotan ez baita bilatutakoa, behartutakoa baizik. Atal horretan emakumeen eta gizonen arteko bereizketa izugarria da: Euskal Herrian lanaldi partziala duten bost lagunetik lau emakumeak dira. Hori bai, krisiaren urteotan portzentaje hori pixka bat jaitsi da: %83,1 ziren 2008an, eta %79,5 ziren iaz. Emakumeen egoeraren hobetzeari baino gehiago, batez ere Hego Euskal Herrian lanaldi partziala asko hedatzeari zor zaio jaitsiera hori. Kontratu berrien ia %40 dira lanaldi laburrekoak.

Enplegu partzialaren feminizazioa orokorra da Europan ere, baina ez Euskal Herrian bezain nabarmen. Europako Batasun osoan lanaldi partziala dutenen %73,9 dira emakumeak. Feminizazio hori pixka bat apalagoa da Europa iparraldean: Danimarkan %65,3 dira, eta %62,4, aldiz, Finlandian.

Kontratu laburragoek eta partzialek ondorio garbi bat dute soldatetan: emakumeenak askoz txikiagoak dira. Azken datua 2013koa da, eta erakusten du Euskal Herriko emakume batek 21.453 euro patrikaratzen dituela urtero; gizonezko batek, berriz, 29.119 euro. Hau da, emakumeena %26,3 apalagoa da. Krisiaren urteotan arrakala hori ere handitu egin da, 2008an emakumeena %24,6 txikiagoa baitzen. Hori gertatu da 2008-2013 epean emakumeen saria %3,7 hazi delako, eta %6,1, berriz, gizonena.

Badira beste bi datu azpimarragarri. Bata da epe horretan gehiago igo dela Ipar Euskal Herriko emazteen saria (%8,5), Hegoaldekoena baino (%3,5). Hala ere, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan andreen diru sarrerak askoz txikiagoak dira: 16.864 euro haientzat, eta 21.949 euro hegoaldetarrentzat.

Beste datu deigarria da gizonezkoen artean kontrakoa gertatu dela: soldatak gehiago hazi dira Hego Euskal Herrian (%6,6), Ipar Euskal Herrian baino (%5).


Honekin batera, Elkartzen elkarteak Martxoak 8rako egin duen irakurketa kontua hartzea interesgarria iruditzen zaigu: "LA IDEOLOGIA DEL CAPITALISMO ES PATRIARCAL! POR LO QUE LAS MUJERES SUFRIMOS CON MAYOR CRUELDAD LA EXPLOTACIÓN Y EL EMPOBRECIMIENTO"

ETIKETAK

Elkarbanatu!