Nigandik hasita

Ez naiz jakitera iristen zein diren XXI. mendeak dakarzkigun aldaketak. Argi dut guztiz aldatu direla: komunikatzeko moduak, informazioa jasotzeko manerak, militantzia ereduak, antolatzeko erak, konpromisoa ulertzeko erak... Gainera, egunez egun entzuten dugu krisi sistemiko batek jota bizi garela, edo zibilizazio krisi batean murgilduta gaudela, eta urgentziaz aldaketak eragin behar ditugula. Eta esango nuke guztiok begiratzen diogula harridurarekin ate zulotik errealitate berri horiei. Aurreko mendeko uste osoak ez dira gauza gaur egun gertatzen dena azaltzeko; esango nuke zailtasunak ditugula mende honek dituen berritasunak zein diren eta iraganarekin duten harremana azaltzeko. Eta esango nuke asko garela zein norabidetan eragin eta bereziki nola eragin batere garbi ez dugunok, baina aldaketa erradikal bat amesten dugunok.

Iritzia: Miren Aranguren - Berria

Argi dudan beste ideietako batek feminismoarekin du lotura. Esango nuke ez dela krisi larrian dagoen mugimendu bat, apal dagoen borroka bat. Edozein aldaketatarako planteamenduetan, autoritate handia irabazi duen irizpide politiko bilakatu dela, eta egun, feminismoa eredu sozial berri baten eraikuntzarako osagaiak biltzen dituen proiektu politikoa dela. XXI. mendean sortu zaizkigun erronka berrietara moldatzeko eta, horrez gain, egungo eredu ekonomiko, politiko eta soziala aldatzeko norabidean ipintzeko ezinbesteko tresna bihurtu da. Hala nola soldatapeko lanen krisiak zaintza eta lan erreproduktiboekin duen lotura azaltzeko; ingurumenaren iraunkortasuna zein elikadura burujabetza, zaintza eta gorputz eta lurren kudeaketa berri batekin lotzeko; hezkuntza sisteman, ezberdintasunen garrantziaz jabetzeko, edota pertsonen identitate eta nahiak ertz askotatik begiratu behar direla ulertzeko.

Galdera berri asko ekarri dizkigute teoria zein praktika feministek. Hala ere, egia da borroka feministak asko aldatu direla. Geroz eta gehiago gara bizitza sozialeko eremuetan lanean dihardugun feministak, akademian, euskalgintzan, kulturan, musikan, kazetaritzan... Baina horrek mugimendu feministan eraginik izan al du? Nolakoa? Hau da, emakumeon auto-antolakuntzan eraginik izan al du? Hori al da indartu beharrekoa? Indar handiagoa dugula esan dezakegu? Zein motatakoa, ordea?

Aspaldi esan zigun Simone de Beauvoirrek feminismoa, norberaren bizitza garatzeko bidea izateaz gain, elkarrekin borrokatzeko bide ere badela. Hau da, ez dela bakarrik norberak pentsatu eta egin dezakeen zerbait, baizik eta ezinbestean zerbait globalagoan parte hartzera eraman behar gaituela. Indibiduoaz gain, gutasun bat dakarrela. Praktika politiko komun bat eskatzen duela. Ekintza norberarengandik hasi arren ekiteak elkarrekiko harreman bat ekarri behar duela sinesten dut nik ere. Gure gorputzen mugimenduak, besteekin dugun loturengatik, kolektibotasuna eskatzen duela. Gure proposamenak benetan erradikalak direla, izaera politikoa hartzen dutela, besteekin elkarbanatu eta komuna harilkatzen dugunean.

Eta geroz eta indibidualizatuago dagoen jendarte baten aurrean paratzen naizenean, kezkarekin begiratzen diot militantziak jaso duen desprestigioari. Ez bakarrik feminismoan, baina baita ere. Sakrifiziotik hedonismora pasatu garela esango nuke, eta horrek militantzian ere izan du eraginik. Militatzen ez zuena koldar bat zela pentsatzetik militatzen duena inozo bat dela pentsatzera pasatu gara. Asko kostatzen zaigu gure interes pertsonal eta gure bereizgarriak alde batera utzi eta kolektibo batean murgiltzea. Eta ausartuko nintzateke esatera feminismoan ere hortik badugula azkenaldian.

«Ibiltzen aspaldi ikasia dugu, otsoak eskutik hartu gabe», zioen kantuak. Eta susmoa dut otsoak antolakuntzan ere eskutik hartu gaituela. Eman diezaiogun garrantzia handiagoa kolektiboan eraikitzeari. Pertsonen arteko harremanean eraikiko baita sakoneko aldaketa. Antolakuntza eta borroka, ze klasikoa! Baina akaso berreskuratu beharrekoa? Nigandik hasita.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA