Ihesaldia eta bortxa

Iraken, Afganistanen edo Sirian hasitako ihesaldiak Balkanetako ibilbidean Libano, Turkia, Hungaria, Kroazia, Grezia, Alemania, Frantzia... zeharkatzeko eta askatasun helmugara iristeko bidaiaz, ihesaz ari naiz. Errefuxiatuen uholdea irudikatzen duten irudi eta hitzek larrituta, galdurik eta atsekabeturik naukate. Ihesaldi gogorra, gai korapilatsua, eta bonba eta misilen amaierarik eza. Europan, xenofobiaren adierazpen gero eta gehiago han-hemenka. Gainera, Europako hainbat herrialdek txarrantxa hesiz itxi dituzte mugak eta setiatutako eremuetan giltzapeturik dauzkate milaka herritar nora ezean eta aterabiderik gabe, han egotera beharturik. Are eta zorrotzago Pariseko atentatuen ostetik. Horrek pasabidea zailtzen die iheskideei, ibilbidea luzatzen, eta bidezidor ilun eta malkartsuetan milaka kilometro egitera behartzen.

Iritzia: Saioa Iraola Urkiola - Gaur8

Errefuxiatua eta emakumea izatea ez da errefuxiatua eta gizonezkoa izatearen berdina. Emakumeen eta haurren zaurgarritasun egoera azaleratzen duten gobernuz kanpoko erakundeetako oharrak irakurri ditut, bai eta komunikabide hainbatetan agertutako albisteak ere. Baina aukera izan nuen aurreko asteburuan Berit Dahlström-ekin honetaz hitz egiteko, Suediako Vänsterpartiet-en Europako taldeko idazkari politikoa bera. Orain hilabete batzuk, NBEtik Balkanetako ibilbidea egin dute, eta ikaragarria izan dela dio emakume errefuxiatuen bizipenak entzutea: bortxatuak, lan prekarioetara behartuak, kolpatuak, salduak izan ohi dira, bai ihesaldiaren lehenengo momentutik bai Europako herrialdeetan ere. Erasotzaileak? Errefuxiatu gizonak, herrialde anitzetako poliziak, gobernuz kanpoko erakundeetako kideak nahiz militarrak. «Calais-en emakumeak eta haurrak arratoi artean bizi dira; eta hori Europan, Frantzian», nabarmendu zidan Beritek.

XXI. mendean, krisi sistemikoaz dihardugun honetan, beharbada gizateria krisi baten aurrean ere bagaudela zehaztu beharko genuke. Beste aldera begiratzeak jada ez digu balio. Xenofobia indarra hartzen ari den honetan, bultza dezagun igarotze seguruaren eta asilo politikoaren aldeko belaontzia arduraz, internazionalismoz, antiarrazismoz eta feminismoz. •

ETIKETAK

Elkarbanatu!