Morboz idazten da sexismoaz

Madrilgo 'Diagonal' hamaboskariko kazetaria da Soraya Gonzalez. Hedabideetan ikuspegi feminista nola aplikatzen den aztertzen dihardu egunotan, EHUk antolaturiko tailer batzuetan.

Iturria: Pello A. Zuazo - Berria

Soraya Gonzalez (Madril, 1978), Diagonal hamaboskariko kazetaria izateaz gain, Pandora Mirabilia izeneko kooperatibako kide ere bada. Feminismoa eta komunikazioa uztartzen dituzte, eta egunotan Bilbon dira. Kazetaritza feminista eta fikziokoak ez diren narratibak izeneko tailerrak antolatu dituzte.

Nola uler daiteke kazetaritza feminista?

Emakume eta gizonezkoen arteko ezberdintasunez konturatzea da informazioaren perspektiba feminista izatea. Eta, idazteko eta hitz egiteko orduan, emakumeen eta gizonen arteko oreka bilatzea du xede. Horrez gain, beste helburu batzuk ere baditu: aztertzea zer den informazioa eta zer ez, sail batzuk zergatik diren beste batzuk baino garrantzitsuagoak, iturrien nolatasuna... Ikuspegi feminista horrek tranbertsala izan behar du komunikazioaren arlo guztietan.

Fikziozkoa ez den narratiba eta kazetaritza gauza bera dira?

Diskurtso informatiboan, elementu narratiboak edo literarioak erabil daitezke gauza errealen inguruan idazteko. Literatura eta kazetaritza uztartu egin daitezke, bateragarriak dira. AEBetan, 1960ko hamarkadan, baliabide literarioak erabiltzen hasi ziren kazetaritzan, eta diskurtso informatiboa erabat aldatu zuten, interesgarriago egin zuten. Gure kooperatiban horrelako testuak sortzen ditugu.

Nola jorratzen dira indarkeria matxistaren inguruko albisteak?

Informatiboki nola jorratzen diren ikusiz gero, eragin kaltegarria duten adibide ugari topa daitezke. Berdintasuna bultzatu beharrean, guztiz kontrakoa egiten da askotan. Oso modu espektakular eta sentsazionalista batean tratatzen dira albisteak, morboz idazten da sexismoaz: xehetasunei buruzko informazio gehiegi ematen da; ikuspegia testuingurutik kanpokoa izan ohi da; ekarpen handirik gabeko datuak aipatzen dira... Ez da benetako informaziorik ematen. Bestalde, biolentzia muturreko eta agerikoenean jartzen da arreta. Baina badaude beste biolentzia normalizatuago batzuk, eta ematen du horiek salatzen badituzu feminazi bat zarela. Indarkeria matxista ez da bakarrik fisikoa. Beste asko daude. Eta horiek ere albiste izan behar dute.

Eta biktimei zein trataera ematen zaie komunikabideetan?

Askotan, biktimak erruduntzat jotzen dira: salaketarik ez delako egon, adibidez. Salatu ez badu, biktima bera ere errudun dela iradokitzen da maiz. Edota eraso sexistak daudenean, biktima nola jantzita zegoen aipatzen da, edota bakarrik zegoela. Biktimei ez zaie ahotsik ematen zenbait kasutan. Kazetariek auzokideen lekukotzak bilatzen dituzte, eta lekukotza horiek halamoduzkoak izaten dira. Horrelako informazioen eta jarreren bidez, biktimaren errua azpimarratzen da. Eta hori ez dago onartzerik. Gainera, azkenaldian mito eta estereotipo berriak sortu dira: biktimaren jarrera probokatzailea, salaketa faltsuen mitoa...

Hedabideek neurriak hartu beharko lituzkete horrelakorik ez gertatzeko?

Beste protokolo batzuk bete behar dira horrelako albisteak tratatzeko orduan. Eta protokolo horiek existitzen dira. Hedabideetan lan egiten duen jendea hezi egin behar da. Baina mundu horretan prekaritate handia dagoenez, jendea etengabeko joan-etorrian dabil, eta, azkenean, protokolo horiek ez dira martxan jartzen. Horrela, bada, albiste horien trataera ez da aldatzen. Sistematikoki errepikatzen diren albisteak ematen dute askotan, agentzia batek denak egingo balitu bezala. Formatu berdinak behin eta berriz erreproduzitzen dira, eta oso deigarri egiten da.

Kazetariak, erredakzio buruak, medioaren ildo editoriala... Norena da erantzunkizuna?

Indarkeria matxistaren kontrako legea sortu aurretik, biolentzia mota hori gai pribatua zen, eta ez zen arazo sozial kontsideratzen. Medioen aldetik, badago adostasun bat gai hau jorratzeko orduan. Eta, noski, ezin da bromarik egin. Baina ez da egiten benetako apusturik biolentzia modu hori nola eta zergatik gertatzen den jakiteko eta egiazko neurriak hartzeko. Medioek lan gehiago egin dezakete, ekarpen gehiago. Baina ez dago apustu politikorik, ez dago formaziorik, ez dago sentsibilizaziorik, eta betiko hanka sartzeak egiten dira.

Emakumeak gutxitan agertzen dira iturri espezializatu edo autorizatu moduan.

Emakumeak arlo pribatuarekin lotzen dira askotan. Emakume politikarien kasuan, adibidez: amatasun baimena hartu dutela, ea bizimodu familiarra eta lana bateratzen dituzten, nola janzten diren... Tratamendu informatiboa oso informala eta arina izaten da, sentimentalistagoa; askotan ez dira abizenak aipatzen. Infantilizatu egiten dira, eta haien profil profesionalaz ez da hitz egiten. Ematen du emakumeek gorputza dutela baina gizonezkoek ez.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA