Maitasunari mehatxu

2016ko otsailak 14, Mikelazulo espazioa, gosari beroa, Mari Luz Esteban antropologoa eta hogeita hamar lagun inguru, gertu. Hizpidea: Maitasuna. Hain zuzen ere, gai horri buruzko liburua argitaratu zuen Estebanek 2011n: Crítica del pensamiento amoroso [Maitasun pentsamenduari kritika], Edicions Bellaterra etxearen eskutik. Bertan, bilketa-lana egin zuen, batik bat: batetik, hainbat pentsalariren ideiak ekarri zituen eta azaldu nola pentsatu den maitasuna, nola ulertzen dugun gaur egun, eta zer toki hartzen duen gure bizitzetan; bestetik, hainbat emakume eta gizoni egindako elkarrizketen bidez agerian uzten du zer-nolako talkak sortzen diren maitasun-diskurtsoaren eta maitasun-bizipenen artean. Eta, jakina, hitzaldian bezala liburuaren ere, gonbita luzatzen du Estebanek, maitasunari mehatxu egiteko, gaur ezagutzen eta ulertzen dugu moduan.

Jarraian, hitzaldian aipatutako zenbait gako.

Iturria: Danele Sarriugarte - Klitto!

Bada garaia, laztana

Gayle Rubinek 90eko hamarkadan esan zuen eran bazela garaia sexuaz hitz egiteko, Estebani iruditzen zaio ordua dugula maitasunaz jarduteko. Zaila da gaia, maitasuna sentimendu konplexua delako, era berean estereotipoz betea eta, gainera, orain arte kolektiboki sobera landu gabea. Wendy Langford antropologoaren iritziz, bi ikuspegi nagusitatik erreparatu izan zaio maitasunari: gauza misteriotsu eta atzemangaitza balitz bezala, ulertezina eta arrazionalki kontrolaezina, ALA neurtu eta negoziatu daitekeen zerbait bezala. Estebanek bigarren ikuspegi horrekin egiten du bat.

Maite Asensio Berriako kazetariak Estebani esan zion, elkarrizketa batean, muturrera eramandako enpatia dela maitasuna. Gure bizitza sarritan monotonoetan intentsitate-iturri dugu maitasuna, gure esperientzien ehule. Gaur egun nagusi den ideologian, ordea, mendekotasunak ezartzeko bidea ere bada.

Maitasunen hierarkia

Maite ditugu adiskideak, senideak, auzoak, burkideak… eta, noski, bikotekideak. Maitasun-formek, oro har, lau ezaugarri hauek betetzen dituztela uste du Estebanek: (maite dugunaren) idealizazioa, erotizazioa, maite dugunarekin intimitatea eraiki nahia eta harremanak irauteko nahia. Beraz, Estebanen iritziz, maitasun-formen arteko aldea ez da horien nolakotasuna, baizik eta horien arteko hierarkia.

Goian aipatutako maite-kuttunei erreparatuta, gure jendartean bikotekidea dago hierarkiaren gailurrean, gertutik datorkio ama, eta askoz beranduago agertzen zaizkigu adiskideak edo auzoak. Horrek ez du esan nahi gure bizitzetan adiskideek muntarik ez dutenik, baizik eta pentsamoldearen aldetik, adibidez, maitasun-bizitzaz galdetzen digutenean, bikotekide eta familiarekiko harremanaz pentsatu ohi dugula kolpean. Hierarkiari eusteko eraikitzen dira maitasun-moten arteko diferentziak: bikote-harremanak nabarmen sexualizatzen dira eta gainerakoei, aldiz, kutsu erotikoa erauzten zaie.

Maitasun-formen arteko aldea ez da horien nolakotasuna baizik eta horien arteko hierarkia: bikotea eta ama gailurrean, adiskideak azken buruan.

Harremanen arteko horizontaltasuna, horren aldeko apustua egiten du Estebanek.

Maitasunak eta kapitalak elkar maite dute

Gaur egun Mendebaldean nagusi den maitasun-eredua, bestalde, maitasun erromantikoa dei daitekeena eta Estebanek “maitasun-pentsamendua” kontzeptuaren baitan biltzen duena (laster hitz egingo dugu horri buruz), momentu historiko zehatz baten sortua da, eta zuzenean du zerikusia subjektua ulertzeko modu berri batekin.

Mendebaldean gizarte moderno kapitalista sortzeaz bat, XVIII. mendeko amaiera aldera, subjektua ulertzen hasi ginen kanpoaldea ez ezik barrualdea zuen izaki bat bezala, alegia, emozioak jarri ziren subjektu horren erdigunean. Garaitsu horretan hasi ginen ezkontzaren kontratu-izaera maitasunarekin mozorrotzen. Emozioak erdigunean ipintze horrekin lotu dugu progresoa ere, sakonki errotua dugu ideia, eta ezkontzaren hariarekin lotzeko, esango dugu, adibidez, “komenientziazko” ezkontzak baino baliozkoagotzat jotzen ditugula “maitasunezkoak”. Kontuak kontu, maitasunezko eredu garaikide honi esker ere mantentzen da sistema.

Kapitalismo eta maitasunaren arteko lotura komenigarria salatzen duten bi autore aipatu zituen Estebanek. Eva Illouzek, adibidez, kontsumoarekin lotzen du maitasuna, eta bere esanetan bi norabidetako bidea da: batetik, emozioen bidez sustatzen da kontsumoa (iragarkiak ere oso erromantizatuta daude, bikoteak eta familiak ageri dira oso sarri). Bestetik, maitasun-harremanak zaintzeko beharrezkotzat jotzen da kontsumoa: afariak, oporraldiak…

Anna Jonnasdottir autoreak emakumeen eta gizonen arteko desoreka hartzen du hizpide. Maitasunaren aurrean ez dira berdin kokatzen emakumeak eta gizonak, eta maitasuna tresna da emakumeen mendekotasuna ezartzeko. Gizonek eskubidea dute besteari beren buruaren puska bat eskaintzeko (maite dutenari), baina baita beste puska batzuk beren buruentzat gordetzeko ere. Emakumeei, aldiz, nekez baimentzen zaie tarteak hartzea eta gauzak egitea soilik beren buruen mesedetan. Jakina, plusbalia bat sortzen du emakumeek beren buruentzat hartzen ez duten puska horrek guztiak. Esaldi gogoangarri batean biltzeagatik: “kapitala baldin bada alienatutako lanaren pilaketa, autoritate maskulinoa da alienatutako maitasunaren pilaketa”.

Anna Jonnasdottir: “kapitala baldin bada alienatutako lanaren pilaketa, autoritate maskulinoa da alienatutako maitasunaren pilaketa”.

Fokua bikotean jarrita (gogoan hartu lehen aipatutako harremanen hierarkia), bestelako lotura komunitarioen garrantzia lausotzen da, eta horrek ere mesede egiten dio kapitalismoari. Dibortzioaren legalizazioa eta hedapena dela-eta, pentsa liteke bikoteen logika tradizionala apurka arrakalatzen ari dela, baina, gutxiago iraun arren, idealaren funtsak bere horretan jarraitzen du. Amaitu ere amaitu daitezkeela onartu dugu, baina jauzian jarraitzen dugu bat bukatu ahala beste baten bila, oinarria astindu gabe.

Maitasun-pentsamendua, kontzeptu gisa

Aipatu moduan, Estebanek “maitasun-pentsamendua” kontzeptua proposatu du, pensamiento amoroso, honetaz guztiaz jardun eta nagusi den maitasun-ideologiari kritika egiteko. Monique Wittig pentsalari feministaren “pentsamendu heterosexuala” kontzeptuaren ildotik eraiki du.

Kontzeptua aukeratzeko arrazoiak: bikotetik harago joateko (maitasun-pentsamenduak maitatzeko moduan eragiten duelako oro har, ez soilik “maitasun pasionala” ulertzeko moduan); pertsona ulertzeko modu bat delako; instituzioak blaitzen dituelako (osasuna, hezkuntza, legea…); lanaren banaketa sexual zehatz bat dakarrelako; gure identitatea eratzen duelako, emakume eta gizon eraikitzen baikaitu (Estebanen iritziz, emakumeak definitzeko modu bat litzateke: bizitzaren erdian maitasuna ipini diotena, edo, kontrara, bizitzaren erdian ipini dioten maitasun horren aurka borrokatzen dena).

Emakumeak definitzeko modu bat litzateke: bizitzaren erdian maitasuna ipini diotena, edo, kontrara, bizitzaren erdian ipini dioten maitasun horren aurka borrokatzen dena.

Ideologia eta balore hauek erabat ditugu gorputzean errotuta, haragitu egiten ditugu. Oso ikasia daukagu maitasunaren performatibitatea. Hortaz, maitasun-pentsamenduaren ereduari aurre egiteko ez da nahikoa teoria ezagutzea, ezinbestekoa da praktikan ere aldaketak txertatzea. Esate baterako, Estebani estrategia ona iruditzen zaizkio auto-defentsa feminista tailerrak, lan ideologikoa eta praktikoa uztartzen baitira bertan.

Amildegia, ideal eta errealaren artean

Esperientzia funtsezkoa da, beraz. Hori dela-eta, Estebanen liburuan biltzen dira hainbat elkarrizketa, antropologian ere nahiko ohikoa denez. Liburuko puska handi bat hartzen dute, eta feministekin egin zuen lan autoreak, besteak beste, praktika kritiko horretatik abiatuta zorrotzago bizi ohi dituztelako maitasun idealaren eta maitasun-harreman zehatzen arteko kontraesanak.

Oso ikasia daukagu maitasunaren performatibitatea eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da, teoriaz ezagutzeaz gain, praktikak ere aldatzea.

Era berean, elkarrizketoi esker hainbat gauza ikasi ditu Estebanek: harreman guztiak alderatu behar direla, alegia, bikotekidearekikoaz pentsatzeko pentsatu behar dela baita ere amarekikoaz, lagunekikoaz…; adiskidetasunaren inportantzia (txerto osasungarria dira, maitasun erromantikoaren aurka); maitasun-harremanetan oso garrantzitsua dela negoziazioa eta baita tartekako ebaluazioa ere (noizean behin geratu eta ebaluatu ea harremana nola doan; ez etengabe, haatik).

Maitasun erromantikoaren aurkako txerto osasuntsua dira adiskideak.

Nola mehatxatu maitasun-pentsamendua?

Jorge Oteiza artistak enigmei buruz zioenari tiraka, Estebanek uste du maitasunaren diskurtso kritikoa lantzeko eta bestelako ereduak eraikitzeko beharrezkoa dela bertatik sartu-ateran ibiltzea: maitasuna bizitzea, baina baita horrekiko distantzia hartzea ere.

Horrez gain, aitortza, elkarrekikotasuna eta birbanaketaren balioen aldeko apustua egiten du. Are, balio horiek maitasunetik aparte (ere) ulertu eta plantetatu behar genituzkeela uste du. Maitasuna garrantzitsuagotzat daukagu justizia edo elkartasuna baino, eta autorea ez dator bat sailkapen horrekin; aitzitik, uste du hiru balio horiek beste toki batzuetan ere bilatu behar genituzkeela, esan nahi baita, pertsona gisa aitortza jaso behar dugu, baina ez maitatuak garelako.

Zadie Smith idazle ingelesaren White Teeth eleberriko pasarte batekin biltzearren:

“Gauza bitxia da mundu moderno honena. Hizketan aditzen dituzu neskak diskoteketako komunetan, eta esaten dute: <>. Orain, nola iritsi gara honaino? Zer arraio gertatu da mende desatsegin honetan, sinetsarazi badigu jende maitagarria garela, espezie maitagarria garela, oroz gain? Norbaitek maite ez gaituenean, zergatik pentsatzen dugu norbait horrek gabeziaren bat daukala, nolabait ere gaizki dabilela? (…) Zorion-postalek sarritan esaten digute: jende guztiak merezi du maitasuna. Ba ez. Jende guztiak merezi du ur garbia, baina jende guztiak ez du denbora guztian maitasuna merezi”.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA