Emakume zapatistak

EZLN zapatisten nazio askapenerako ejerzitoa nola antolatzen den azaltzeko, udaran Askapenarekin brigadan izandako euskal herritar bat elkarrizketatu dugu. Emakumeen parte hartzea eta rolak nolakoak diren ere aztertu dugu ikuspegi feministatik.

Iturria: Nahia eta Garazi - Munduko emakumeak bloga Topatu.eus-en

Egunsenti ederra izan zuen 1994 urteak, EZLN-k (Ejército Zapatista de Liberación Nacional), aurretik inolako adierazpenik egin gabe, armak eskutan Mexikoko Txiapas estatuko hainbat hiri hartu zituelako urtarrilaren 1an. Egun hartan bertan, Estatu Batuen, Kanadaren eta Mexikoren artean merkataritza askea ezartzeko akordioa sartzen zen indarrean (TLCAN, gure TTIParen modukoa). Haien eskubideak are gehiago urratuko zituen akordio hau indarrean sartzeak behar zuten borrokarako bultzada eman zien zapatistei. 

Gaur egun, EZLN-k lurralde bat askatzea lortu du, eta Mexikoko Gobernuaren eskusartzerik gabe antolatzen da. Horretaz hitz egiteko eta, bereziki, emakume zapatisten egoera eta borroka nolakoa den jakiteko, Oihana Iraolarekin jarri gara harremanetan, udaran hilabetez egon baitzen bertakoekin esperientziak elkartrukatzen Askapenak antolatutako brigadarekin. Jarraian duzue bertan ikasitakoaz kontatu diguna.

 

Begirada historian jarrita, zer paper izan zuten emakumeek EZLNen altxamenduaren garaian? 

Lehenik eta behin, aipatu nahiko nuke EZLN aitzindaria izan zela emakumeen eskubideak exijitzen; lehenengo aldiz mugimendu sozial iraultzaile edo gerrilla batean, lehen argitalpenean, lehen agerraldi publikoan. EZLNk bere jarduera publiko egin baino hilabete batzuk lehenago, “Emakumeen Lege Iraultzailea” bozkatua izan zen. Komandanta Ramona eta Komandanta Susanak lau hilabete igaro zituzten komunitate zapatistetan zehar, eztabaidatzen asanbladetan, komunitate bakoitzean onartua izan arte. Emakumeek jarri zuten erresistentzian lehen harritxoa eta gaur arte erresistentziaren ibilbidean ezinbesteko izan dira emakume zapatistak. Ordutik, emakume zapatistak borroka bikoitza eraman dute aurrera bere eskubideen aldarrikapenak Mexikoko gobernu federalari zein Zapatistari exijituz. 

Zeintzuk izan dira borroka zapatistaren baitan emakumeek lortu dituzten mugarriak (ley revolucionaria de mujeres…)? Haien egoera nola aldatu da? 

Aipatu dudan moduan, 1993an “Emakumeen Lege Iraultzailea” sortu zuten, eta bertan hamar lege edo eskubide biltzen dira. Nik hamar legeak aipatu nahiko dituzke, hemen doaz: 

     Bat.- Emakumeek, etnia, sinesmen, kolore edo ikuspegi politikoa axola gabe, borroka iraultzailean parte hartzeko eskubidea dute, hauen borondate eta gaitasunen arabera. 

     Bi.- Emakumeek lan egiteko eta soldata duin bat jasotzeko eskubidea dute. 

     Hiru.- Emakumeek izan eta zaindu ahal duten seme-alaba kopurua erabakitzeko eskubidea dute. 

     Lau.- Emakumeek komunitateko gaietan parte hartzeko eskubidea dute, baita arduradunak izateko era demokratiko eta askean hautatuak badira. 

     Bost.- Emakumeek eta bere seme-alabak lehen mailako osasun arretarako eta elikadurarako eskubidea dute. 

     Sei.- Emakumeek hezkuntzarako eskubidea dute. 

     Zazpi.- Emakumeek bere bikotea aukeratzeko eskubidea dute eta ez indarkeriaz ezkontzea behartuak izatera. 

     Zortzi.- Emakume bat ere ez da jipoitua izango eta ez ditu tratu txarrak jasango ez familia, ez inorengatik. Bortxaketak edo saiakerak gogorki zigortuak izango dira. 

     Bederatzi.- Emakumeek antolakundearen zuzendaritza karguak izan ditzakete, baita armada iraultzailean kargu militarrak izan ere. 

     Hamar.- Emakumeek lege eta arautegi iraultzailean dauden eskubide eta betebehar guztiak izango dituzte. 

Nik bertako emakumeekin 1994ko altxamenduaz eta EZLN-ren sorreraz hitz egiteko zortea izan nuen, eta aukera sortzen zen bakoitzean galdetzen nien haien eguneroko bizitzetan zein aldaketa eman ziren 1994tik aurrera, emakume guztiek behin eta berriz aipatzen zutena zera zen: emakumeek ejertzitoaren maila desberdinetan parte hartzeko aukera (baita zuzendaritzan ere) izan eta dutela. Izan ere, horrek emakume erreferenteak sortzea ekarri du eta denek lorpen handi bat bezala bizi dutela esango nuke. Bestalde, beti aipatzen zuten bikotekidea aukeratzeko eskubidea lortu zutela eta, gerora, eduki nahi zituzten seme alaba kopurua erabakitzeko aukera ere izan dutela.

 

Gaur egunera etorrita, nola antolatzen dira komunitate zapatistak? 

Haiek dioten moduan, “manda el pueblo y el gobierno obedece” (herriak agintzen du eta gobernuak hori betetzen du). Hori da premisa. Hiru gobernu organo dituzte: 

1) Erresistentzian bizi diren komunitate indigenak. Komunitateak biztanleria indigena bizi den nukleo txikiak dira. Ez dituzte gobernuaren laguntzak onartzen, ez dituzte zergak ordaintzen, beraz, politikoki eta ekonomikoki modu autonomoan kudeatzen dira. Autoritateak modu asanblearioan antolatzen dira. 

2) Udalerri autonomo zapatista edo errebeldeak. Komunitate zapatista zenbait biltzen dituztenak, 38 inguru daude gaur egun. 

3) Karakolak (lehen 'aguascalientes' zirenak). Autogobernurako eskualdeko guneak dira, bost hain zuzen ere: La Realidad, Oventik, La Garrucha, Morelia eta Roberto Barrios. Karakola bakoitzean Junta de Buen Gobierno (JBG) bat dago. Haiek dioten bezela, “a un lado” EZLN eta bertako buruzagitza: Comite Clandestino Revolucionario Indigena (CCRI). 

Nik La Realidadeko Karakola ezagutzeko aukera izan nuen eta, beraz, bertako antolakuntza eredua azalduko dut, Karakola batetik bestera aldaketak egon baitaitezke. La Realidad- eko JBG hamabi pertsonek osatzen dute uneoro, sei emakume eta sei gizon, herriak erabakiak, urtero edo hiru urtetik aldatzen dira. Bi aste egoten dira karakolean, eta gero haien etxeetara itzultzen dira, eta hurrengo txanda sartzen da (urtean bi edo hiru txanda egiten dituzte). JBG zeregina komunitateko edozein arazo kudeatzea da eta giza eskubideen urraketen berri ematea. Dena eztabaidatzen dute, dena. JBG sorrerak gobernu zibil bat sendotzea eta EZLN-ren estruktura militarra soilik lan defentsiboetara mugatzea bilatzen du. 

CCRI JBG funtzionamendu egokia izateaz arduratzen da. 

Horrez gain, komunitateetan eskola autonomo zapatistak eta klinika autonomo zapatistak daude. Bertan, kafea, eztia eta artisautzak ekoizten dituzte, eta Radio Insurgente komunikabidea ere badute. Nik esango nuke proiektu zapatista desobedentzia zibileko eredu gisa hartu behar dela. Eta, testuinguru historiko, politiko, sozial, territorial zein kultural bati eta urte luzetako borrokari erantzuten diola. 

 

Zer paper daukate emakumeek kudeaketa honetan? 

La Realidadeko JBG hamabi lagunez osatuta zegoen, sei gizonezko eta sei emakumezko. Honez gain, emakumeak irakaskuntza “promotoras de educación” zein osasungintza “promotoras de salud” ardura izan dezakete, gizonezkoek bezalaxe. 

Hizkuntza eta kulturaren transmisioa emakumeen eskuetan gelditzen da gehienbat. Eta sendabelarren inguruko jakintza izugarria dute, ametatik alabetara transmititzen den jakintza bat da, balio handia ematen diotena. 

 

Emakumeak daude organo eta esparru guztietan? 

Bai. Baina horrek ez du esan nahi berdintasuna dagoenik eremu guztietan. Nik ikusi dudanaren arabera, emakumeak dira etxeko lanez eta haurren zaintzaz arduratzen direnak. Artasorora lanera joan behar badute emakumeak goizago esnatzen dira tortitak egitera eta gero gizonekin artasorora joaten dira.

 

Emakumeek ba al dute antolakunde edo espazio propiorik?

Bai, nik ezagutzeko aukera izan dudan komunitatean emakumeek haien kooperatiba propioa zeukaten, denda eta jatetxea. Emakumeek egindako artisautza lanak saltzen zituzten eta bazkaria eskatzeko aukera zegoen, aurrez eskatuta oilaskoa barazkiekin prestatzen zuten. Emakumeek antolatu eta kudeatzen zuten espazioa zen.

“Segunda Ley Revolucionaria de Mujeres” irakurtzean, gure mendebaldeko aldarrikapenengandik oso urrun dauden arauak aurkitu ahal ditugu, hala nola fideltasunik eza debekatzen duena. Zer esango zenuke horren inguruan? 

Fideltasunaren kontzeptualizazioa, patriarkatuak harreman sexu afektiboen baitan, bikote harremanei dagokionez zehazten duen oinarri nagusienetako bat da. Ados nago. Baina fideltasun ezaren epaia ez da berdina emakume zein gizonentzat. Hau da gizonek legitimitatea badute bestelako harreman sexu afektiboak izateko, eta asko badituzte guaiak dira. Aldiz, emakumeok jarrera horiek baditugu estigmatizatzen eta epaitzen gaitu jendarteak. Batzuk, dena eta besteok ezer ez. Zentzu horretan, ez da gai erreza. Gauza bat da teoria eta bestea praktika, gure eguneroko hautu eta bizipenak. Hauek pertsonalak eta politikoak badirela iritzi diot. Mendebaldeko jendartean eta euskal herrian kasu, gure eztabaidak, teorizazioak eta praktikak baditugu bestelako harreman eredu batzuen alde; asko egin dugu eta asko dugu egiteke. 

Baina, iruditzen zait ezin dudala, ezin dugula hemengo begiekin begiratu eta bertako emakumeak epaitu, hori ikuspegi kolonialista batetik begiratzea litzateke-eta. Bertako emakumeek hain askapen bidea egin behar dute eta guk gurea. Gure bidea ez da baliagarria izango haientzat, eta guretzat haiena ere ez, baina ziur zerbait ikasi dezakegula elkarrengandik, zapaltzaile eta etsai bera daukagulako aurrean patriarkatua eta kapitalismo basatia. Gainera, emakumeek erabaki badute lege hori, zerbaitegatik izango da. 

 

Biolentziari dagokionez, komunitate zapatistetan alkohola debekatu zuten emakumezkoen aurkako indarkeria asko handitu zelako gizonak edaten hasi zirenetik. Nolakoa da egoera orain? 

Esan duzuen moduan, gaur egun komunitate zapatistetan alkohola kontsumitzea debekatuta dago, emakumeen eskari bat izan zen, gizonek edaten zutenean emakumeen aurkako indarkeria egoerak areagotu egin zirela ikusi zutelako. Egun komunitateetan ez da edaten baina ezin da esan indarkeria kasuak ez daudenik. Bertan nengoela gai honen inguruan bi emakumerekin hitz egiteko aukera izan nuen. Lehen erantzunean egun komunitateetan indarkeriarik ez zegoela erantzun zidaten, baina, begiradan nabaritu nien egia guztia kontatzen ez zirela ari. Elkarrizketa aurrera joan ahala komunitatean indarkeria egoerak bizi zituzten emakumeak bazirela esan zidaten. 

 

Euskal Herrirako ze ekarpen ekarri duzu Txiapasetik? 

Utopia errealitate bihurtu genezakeela. Ametsak bete genitzakeela. Bidea alternatibak eraikitzea dela. Sisteman arrakalak egin behar ditugula, arrakala txiki horietatik gauza handiak eraiki daitezkeelako.

Bestetik, presak ez direla onak, benetan garrantzia duenari begiratu behar diogula ez momentuak behartzen gaituen horri. 

Hirugarrenik, erabakiak modu asanblearioan hartzea mantsoagoa dela, zailagoa, gehiago eztabaidatu behar dela, kontraesanak sortzen direla… Baina, horrela eginez gero, herriak zilegitasuna ematen diola erabaki horri, bere sentitzen duela. 

Baita ere, aipatu nahi nuke, nire ustez, zapatisten antolakuntza eredua edo egitura ez dela guztiz horizontala, behin eta berriz hori entzuten dugun arren, baina haiek horrela sentitzen dute, eta horrek gauzak ongi egin direla erakusten du. 

Horrez gain, aipagarria da emakumeen eskubideen defentsa gizarteko edo komunitateko erronkatzat hartzen dutela (gizonek ere) eta hori lorpen izugarria dela uste dut, hemen oraindik emakumeon borroka da. Hori lortzeko, emakume zapatistak barrura begirako, hots, kide zapatistei begirako, lan eta borroka handia egin dutela ikusten da. 

Eta zerrenda amaigabea da… Asko dugu ikasteko, dena dakigula uste dugun arren.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

 

Aurten ere brigada bat irtengo da Askapenak antolatuta Txiapasera, eta baita ere Andaluziara, Herrialde Katalanetara, Boliviara, Venezuelara, Argentina-Uruguayra, Palestinara, Sardigniara eta Saharara. Gure ustez, aukera ezin hobea dira gurea bezala sistema kapitalista-inperialista-heteropatriarkalaren aurka borroka ari diren herriak lehen eskutik ezagutu, esperientziak elkartrukatu eta elkartasun zubiak eraikitzeko. Gure borroka asko aberastu dezakegu hartu-eman hauetatik, arlo guztietan, feminista barne. Horregatik, animatzen zaituztegu brigadetan parte hartzera presente edukiz zoazten herrialdeko emakumeen errealitatea, ikuspegia eta borrokaz ikasteko balio behar duela baita ere. Eta zuen esperientzia kontatu nahi badiguzue, pozez irakurriko ditugu zuen iruzkinak!

ETIKETAK

Elkarbanatu!