Boteretzea, Flower Power eta Txubaskero ikusezinak

Bilboko Bilgunek antolatutako jardunaldien lehen eguneko kronika, Irati taldekidearen eskutik.

Jardunaldiak ez dira amaitu! Hemen egitarau osoa

Heldu gara KRMLra. Baina non hostia gaude? Maider enegarrenez hasi zaigu azaltzen oinez nola heldu. Guk, interes aurpegiak jarri ditugu. Ane ere galdu da… Eta Ane, tira, baina merienda berak dakar. En fin, egia esan, lekuak merezi du. Eskerrik asko KRML, zuen proiektuaren parte txiki bat izaten uzteagatik gaurkoan.

19:05 eta ez da inor gerturatu. Urduritzen hasiak gara… Non dago jendea? Beno, ez dio ardura. Inor ez badator masaje tailerra egingo dugu. Hala ere, atarira hurbilduko naiz eta kartel bat jarriko dut. Hori iman bat da…

Hara! Funtzionatu du! Hor dator Oihu-K-ko bat eta 14 bilgulagun gehiago. Akabo masaje tailerra. Denok barrura! Pasilo luzeak, Spraya, irribarreak eta auzo lanaren usaina.

Behin gelan, boterea marraztu dugu, definitu, bere aurpegi guztiak aztertu eta erradiografia bat egin diogu hiru dimentsiotan. Lehengo, aurpegi txarra jarri diogu, berarekin adiskidetzeko ondoren. Ahalduntze eta boteretzeaz ere mintzatu gara. Zuek bazenekiten batzuontzat, ez direla gauza bera? Ahalduntzea norbanakoaren prozesua da, boteretzea aldiz, kolektiboa. Biak dira, jakina, beharrezkoak!

Bai zera! Erraza da hori esatea, Bilgunes, baina nola egingo dugu hau? 4Bekin; azaldu digu Amaiak: 1- Borobilean, 2- Batera 3- Bazterretik eta 4-Barrezka. Angela Davis ere ekarri digu gogora. Ze polita!

Lore bat ere egin dugu. Boterearen lorea. Osea, flower power. Norbanako ariketa izan da eta horrela, gure buruarenganako hausnarketa ahalbidetu digu Maiderrek: genero, gorputz, gaitasun ekonomiko, arraza, hizkuntza, aukera sexual, ikasketa mailari… erreparatuta.

20:40. Berandu den arren, azken dinamika egiten animatu gara luntxaren aurretik: Maiderrek koloreetako txartel txukunak atera ditu Mary Poppinsen poltsatik eta zein egoeratan sentitu garen jabe eta zeinetan ez aztertu dugu arloka: Merkatuan, Estatuan, Etxean eta Jendartean. Oso aberasgarria izan da ikustea nola batzuentzako boteregarriak diren egoerak besteentzako guztiz kontrakoa izan daitezkeen. Baina proposamen bikaina heldu zaigu Iruñeatik: amak amatasunarekin presioa sartzen dizula, zure aukera sexualagatik txarto begiratu dizutela, zipaio batek bortizkeriaz hitz egiten dizula… Txubaskero ikusezina jantzi eta irrist egin dagizula denak! Ederra!

Erantzutea. Erantzutea ere beste tresna bat da. Baina, zer gertatzen da, guk, emakumeok, feministok, ikusezinok, bazterretako gizakiok, ahaldundu eta erantzuten dugunean? Kritikatuak izaten gara. Lehengo kritikak kanpotik datoz eta ondoren, guk geuk ere geure burua kuestionatzen amaitzen dugu. Hori da patriarkatuaren armarik potenteenetarikoa, errua. Horrela gogorarazi digu Maiderrek.

Bai. Egia da. Lan handia daukagu egiteko eta seguruenik txubaskeroarekin ez dugu nahiko izango. Baina lasai, maitiak: borobilean gaude, batera gaude, bazterretatik gatoz eta ezerk ere ez digu irribarrea ezabatuko!

ETIKETAK

Elkarbanatu!