Beldurrari eta lotsari ostikoka

1981ean sortu zen Oiartzunen emakumezkoen taldea. Tituluen borrokan ibili zen multzo hartako bi jokalari ohi dira Eli Artola eta Marian Gil. Lehen urteak gogoratu eta gaur egun egiten ari direna goratu dute biek ala biek.

Iturria: Unai Zubeldia - Berria

Mamuten entrenatzen ginen, supermerkatuaren atariko aparkalekuan». Lehen urte haietako argazkia ateratzen hasi da Eli Artola, Oiartzun taldeko aurrelari izandakoa (Donostia, 1969). «Supermerkatuko orgak izaten ziren ateak. Pentsa, aldagelarik ere ez geneukan hasiera hartan». Bizpahiru urte geroago iritsi zen taldera Marian Gil, aurrelari postuan hasi eta hegaleko atzelari gisa amaitu zuen jokalaria (Osorno la Mayor, Palentzia, Espainia, 1967). «Talde puska geneukan», adierazi du erabat irmo. Irribarre txiki bat atera dio Artolari.

1981ean sortu zen Oiartzunen emakumezkoen taldea. «Hasi, eskolan hasi ginen gu futbolean, kasualitatez». Artolak azaldu duenez, futbola gustuko zuten hainbat jokalari elkartu ziren. «Eta mutilen aurka jokatzen hasi ginen. Oso onak ginenez, harrera ona egiten ziguten». Aita entrenatzaile izateak ere erraztu zion bidea alabari [Iñaki Artola, Karla Lekuona zenarekin batera Oiartzuni bultzada eman ziona]. «Galdetu egin genion ea talde bat sor genezakeen». «Harrituta» geratu zen hasieran. «Baina hasi ginen hondartzako txapelketa batean, udako torneo batean gero...». Eta Oiartzualdeko jokalari gehiago inguratuz joan ziren pixkanaka. «Horrela gorpuztu zen».

Artola aitak fitxatu zuen Gil. «Garai hartan eskubaloian aritzen ginen gu, baina Beraunen Oiartzunen aurka jokatu genuen partida baten ondoren, Iñaki Artolaren bidez elkartu nintzen eurekin». Gogoan daukate hasiera «zail» hura. «Guraso batzuek, artean, ez zuten onartzen euren alabek futbolean joka zezaketenik». Azken urteotan «aurrerapauso handiak» eman direla uste dute biek. «Nahiz eta oraindik ere asko daukagun egiteko», zehaztu du Gilek.

Lehen urteetako egoeraren adibide gisa, «maila bakarra» zegoela azaldu du Artolak. «13 urte izan nahiz 25 izan, denok elkarrekin jokatu behar izaten genuen. Ez zegoen oraingo mailaketarik eta aukerarik». Zelai bateko eta besteko egoerarekin kexaren bat edo beste izaten dute orain jokalariek. «Baina guretzat aurrerapauso izugarria izan zen Mamuten entrenatu ondoren Ugaldetxon entrenatzea». Lana, ikasketak, aisia... Gaur egun ez da samurra izaten norberaren egunerokoa futbolarekin uztartzea. «Eta pentsa garai haietan zer zen!». Artolaren hitzetan, ez zuten izaten kexarik. «Pozik ibiltzen ginen».

Gilek argitu du lehen urte haietan ez zirela jabetzen emakumezkoen futbolean «oinarri garrantzitsua» jartzen ari zirenik. «Futbolean jokatzea eta ondo pasatzea zen gure helburu bakarra». Baina Artolak onartu du orain, «atzera begira jarritakoan», konturatzen direla pauso garrantzitsua izan zela eurena. «Norbaitek hasi beharra dauka ateak jotzen eta pausoak ematen, eta zerbait ondo egin genuen, behintzat».

1986-1987an eta 1987-1988an Espainiako Kopa irabazi ondoren, 1990-1991ko denboraldian igo zen Oiartzun maila gorenera, eta ligako titulua irabazita amaitu zen sasoi hura —berdinduta amaitu zuten Oiartzunek, Añorgak eta Atletico Madrilek—. Biek ala biek gogoan daukate herrian izan zen «ospakizun giroa». Baina, gauzak zer diren, ez Artola eta ez Gil ez zeuden Oiartzunen garai hartan. Madril aldera joana zen Artola eta Italian sartu-irtena egiten ari zen Gil. «Ordurako izugarria zen aldea. Emakumezkoen futbola profesionalizatuta zegoen han. Beste mundu bat zen. Jokalariek diru saria zeukaten, zelaiak harrigarriak ziren... Gogoan daukat partida batzuetan baloia ukitu ere ez nuela egiten».

Espainiako selekzioarekin ere jokatu zuten biek. «Eta ona izan zen esperientzia, nahiz eta hasieran ez zen erraza izan. Beste maila bateko futbola zen hura». Artolari erreleboa emanda, pauso hura «esperientzia atsegina» izan zela adierazi du Gilek. «Lagun asko egin nituen, eta Madrilera edo beste nonbaitera joaten naizenean elkartzen gara batzuetan».

Krisi garaian ere, irmo

Futbolak onetik bezala dauka, ordea, txarretik, eta Oiartzuni ere iritsi zitzaion pauso bat atzera emateko garaia: krisi ekonomikoa. «Pena izan zen, baina, tira, taldeak oinarriari eutsi zion, eta urte askoan Bigarren Mailan irauteko gai izan zen». Artolaren ustez, Oiartzunek ezin du galdu iparra. «Jokalariak haztea eta bere mailan gauza politak egitea, hori da Oiartzunen egitekoa». Nahiz eta biak gozatzen ari diren taldea, berriz ere, Lehen Mailan ikusita. Inork zalantzarik baldin bazeukan, entzun ondo Gilen esana: «Oiartzun ez da jaitsiko; oso ziur nago». Ez da edonoren esana, Jon Alkorta entrenatzailearen laguntzaile gisa aritu delako lanean denboraldi honen hasieran.

Euskal Herriko hiru talde daude maila gorenean: Athletic, Reala eta Oiartzun; eta Gipuzkoakoak dira azken biak. Bideragarria al da egoera hori? «Zelai guztietara bidaiak autobusez egin behar badituzte ere, kirol arloan, bai», erantzun du Gilek. «Nahiz eta diru kontuetan bestelakorik esango duten batzuek. Gizonezkoen futbol taldeei hainbeste diru eman beharrean, emakumezkoen talde apalenei lagundu behar lieke Espainiako Federazioak, umilagoei». Diru kontuen zain egon gabe, ordea, zelaian dauka erantzun beharra Oiartzunek, eta «partida erabakigarria» dauka etzi, Albaceteren aurka. «Etxean dago gakoa. Oso zelai berezia da, eta Oiartzunek hor eutsiko dio mailari». Mamuteko aparkalekuan beldurrik eta lotsarik gabe hasitako bidean pauso gehiago ematen jarraitu ahal izateko.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA