Klase borroka eta Angela Davis

Angela Davis bisitan datorrela baliatuko dut, gogorarazteko arraza eta generoa kategoria sozioekonomikoak ere badirela. Gogorarazteko, Engelsek duela asko esan zuena, lehenengo klase-menperakuntza “emakume” dela; ezkerrari gogorarazteko misoginoa izaten jarraitzen duela, baina, batez ere, gogorarazteko bere demokrazia ez dela gurea, mugimendu feministak gure salbatzaileen bakea ez dela gure bakea dioenean bezalaxe, baizik eta, hori bera dela, gure salbatzaileena; gizonezko gudariaren atsedena gudari emakumezkoen ametsgaiztoa dela, eta ezkerrak ez duela jakin izan birkontzeptualizatzen gaur egun gure bizitzak gidatzen dituen zapalkuntzaren ardatzak. Eta birkontzeptualizazio hori burutzen ez bada, zaurgarriak eta zaurituak diren herri eta gorputz gisa dauzkagun beharrak ez dira asetuko, pobrezia egonkortu egingo da eta ultra-eskuinaren indarkeria hedatu egingo da, Europa osoan jada gertatzen ari den bezala.

Iturria: Jule Goikoetxea - Klitto!

Baliatuko dut, gogorarazteko ezker hegemonikotik defandatzen den demokraziak beti daramala adkejtibo isildu bat, oihuka isildutakoa, eta adjektibo hori “patriarkal” dela. Gure demokrazia ez dela soilik liberala eta kapitalista, baizik eta hetero-patriarkala ere badela, eta ez dela kasualitatea azken urteetan ezkerrik erradikaleneko ordezkariek kapitalismoaz, sozialismoaz eta demokraziaz hitz egin izana soilik mitinetan. Ez dute patriarkatuaz hitz egiten, nahiz eta gizateriko sistema esplotatzailerik errotuena, zaharrena eta hegemonikoena den.

 

Duela zenbait denbora, “Indiferentes” deitutako artikuluan, esan nuen gure arazoa ez zirela misogino eskuindarrak, urriak eta aspergarriak direnak, baizik eta ezkertiar axolagabeak, asko eta graziosoak direnak. Ongi dago maiz gogoratzea nola funtzionatzen duen kapitalismoaren ekoizpen sistemak. Baina zoragarria litzateke, horrez gain, gizakiaren ekoizpen sistema gogoratuko bagenu, gizon langilearena. Izan ere, langileak ekoizten du balioa, aberastasuna, prestigioa…. Baina inork ere ez du hitz egiten langile hori ekoizten duen subjektuari buruz. Ezkerrak eta bere teorizazio guztiek oharkabean ezkutatutako beste faktore bat. Ez da Marxen arazoa. Marxek ez zeukan zertan azaldu eta artikulatu mundu osoa. Ezkerraren arazoa da, patriarkala dena: ezkerreko gizonek ez dituzte albo batera utzi nahi sistema honek zakila edukitzeagatik ematen dizkien pribilegio guztiak.

 

Maiz entzuten dugu “lanpostu horretan, kultur ekitaldi horretan, lehiaketa horretan, proiektu horretan… emakumea delako jarri dute”. Ez, barkatu. Gizonak zaretelako, alegia, zakila duzuelako, zaudete zuek lanpostu horretan, kultur ekitaldi horretan, kirolekoan, industrialean, fiantzieroan edo lehiaketa horretan. Ez alderantziz. Patriarkatuaren seinale ukaezinak.

 

Sistema patriarkala gizonezkoek emakumeak gobernatzen dituzten sistema bat da; beraz, sistema bat non izakiak, euren bizitza, boterea, euren prestigioa eta ongizatea aldatzen den, faktore baten arabera: zakilik duten ala ez. Gizarte arrazistak bere izakiak azalaren kolorearen arabera banatzen dituen modu berean, gizarte patriarkalak zatiketa sexualaren arabera banatzen du kapitala (sinbolikoa, ekonomikoa, soziala). Batzuek ahaztu egiten dute egunero-egunero, “sexua” ez dela kategoria biologikoa, “arraza” ez den bezalaxe. Kategoria politikoak eta sozialak dira biak ere, ezberdintasuna esplotatzeko, eta ez ospatzeko, artikulatuak. Esklabu sisteman, gorputz arrazalizatuak, beltzak, ez dira ezberdinak, esplotatuak dira. Gorputz arrazalizatuek, sexualizatuek gure kasuan, gizateria ekoizten dute, sortu egiten dute, garbitu, hezi eta zaindu, dohainik eta modu behartuan, kasu askotan. Gizateriaren ekoizpena esplotazioaren bitartez burutzen da eta, beraz, sexualizazio operazio horren bitartez egiten da. Berriz diot: egunero, zuen etxeetan, lanean, kaleetan.

 

Beraz, Monique Wittig jarraituz, proposamena egingo dut: ulertu daitezela arraza eta generoa klase politiko eta sozio-ekonomiko bezala, jabe-langile klasea klase-borroka bat gehiago baino ez delarik; ez bakarra, ezta klase-borroka patriarkala baino lehenetsiagoa ere. Klase-borroka patriarkalean gizon-emakume kategoriek ez baitute ezberdintasuna adierazten, baizik eta mendekotasuna; kapitalista-langile edo zuri-beltz bereizketa ezberdintasuna ez den moduan, esplotazio mekanismoa baizik, Angela Davisek dioen bezalaxe.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA