Fikzioak gorpuzten

Mahai-ingurua

Otsailaren 5a. Literatura eta feminismoa lotzen dituen Sareinak taldeak antolatutako mahai-ingurua Astra gaztetxean (Gernika-Lumo). Fikzioak gorpuzten izenburupean Leire Bilbao eta Irati Jimenez idazleak hizlari.

Mahainguruaren laburpena: Onintza Irureta Azkune - Argia

Virginia Woolfen esaldi ezagunari tiraka hasi ziren bi idazleak: “Emakumeak fikzioa idazteko dirua eta beretzako gela bat behar ditu”. Beretzako zuen gelaz gain, izebaren herentziak ere garrantzia izango zuela azpimarratu zuen Leire Bilbaok. Lehenengo autonomia ekonomikoa, eta hortik aurrera geratzen zaizun soberako denbora literaturarako. Irati Jimenezek Woolfen gela bi elementutan xehatu du, batetik idazteko denbora, orduak, eta bestetik, norberaren barruan eraiki behar diren sostenguak kanpotik datorrenari eusteko, besteak beste kritikei. “Ez gara literaturaz bizi, literaturarekin baizik”, esango du.

Jolasean bata...

Jolasteko gogoz idazten du Jimenezek. Ezeren gainetik mozorrotzea eta trabestitzea du gustuko. Galdetu baitzaio minetik aritzen ote den idazten duenean (adibidez, Atsekabe zaitut lanean), eta ezetz, “jendeak uste du zerbait dramatikoa idazten duzunean, pertsonaia baten heriotza kontatu duzunean, minetik ari zarela, eta nik ez dut hala egiten”. Gezurra da, alegia, jolasa da.

… feminismoaz hausnartzen bestea

Bilbaori idazteak feminismoaz hausnartzeko balio izan dio, feminismoa nola bizi duen gogoeta egiteko. Gorputza, hilekoa… izan ditu gai bere poesian. Orain, poesia amatasunaz hausnartzeko erabili nahiko luke.

Euskal literaturaren egoeraz galdetu eta…

Blokeoa, paralisia… Bi idazleak ados. Jimenezek idazleak blokeatuta daudela dio, autokontzientzia handiz ari direla lanean, iritziaren sukarrean bizi garela eta denaz eman behar dutela iritzia, “blokeatu egin gara”. Gehiegizko autokritika azaltzeko aiztoaren metafora erabili du. Gauza bat da norberari zorrotz begiratzea eta beste bat indar gehiegiz aritzea. Hala eginez gero, “ez dizu koipea soilik kenduko, giharra, eta azkenean hezurra ere bai”.

Bilbaok esperimentazioan nagituta daudela uste du, funanbulista izaten jarraitu nahi du, “ez naiz literaturaz bizi eta ez badut gozatuko…”. Herdoilduta nabari ditu idazleak hizkuntzaren erabileran, “ez dadila hain batua, jasoa, izan”; gaien erabileran; eta adibidez, eleberri baten egituraketan.

Hizkuntzaren hertsia haur garaiko jolasen bidez adierazi du Jimenezek. Barbie, txotxona panpina eta beste hainbatekin egiten zuen jolas, nahasean eta haien hasierako funtzioak baztertuta. Tresnak (jolasak) apurtzeko beldurrez sumatu ditu idazleak, euskararekin adibidez jolastu behar dela aldarrikatzen du, hala gabiltza: “kontuz…, ez ukitu…, hau horrela da… Ezin dugu liburua zuzentzaileen esku utzi”.

Jorge Jimenez idazlea sartu da elkarrizketan, blokeoaz eta paralisiaz hizketan. Eta dio etorri direla gazteak, emakume gazteak, baina literatur sistemak berriz lehengoak aupatu dituela, “ni baino zaharragoak, eta bada esatea”. Bilbaok erantzun dio baietz, tropela sakrifikatu dutela. Irati Jimenezen ustez, “nire belaunaldiak esango du leku erdi arraroan gaudela, ez ditugu gazteak ikusten apurtzen, fanzineak ateratzen adibidez. Jostailuak hor daude baina ez dira inorenak”.

Fikzioak gorpuzten

Sareinak taldeko Josune Muñoz kritikari feministak esan du pozgarria dela bai Bilbaok bai Jimenezek fikzioak literaturan gorpuzteko egindako ahalegina, euskal literaturan horrelako gutxi egin baita. Bilbaok emakumearen gorputzaz, ernalkuntzarako gorputza zertan izan ez duen gorputzaz, hitz egin du bere poesian. Lehen esan bezala, orain amatasuna gorpuztea du intereseko. Eta aitortu du amatasunari buruzko estatistika eta teoriek baino gehiago balio diela amatasunaz ari den literaturak. Jimenezek emakumeen eta gizonen gorpuzteak aipatu ditu, emozioak, amatasuna bezala aitatasuna, zaurgarritasuna… Bilbaok eskaera bat du gizonentzat, “egin dezatela gizonkeriatik baino gizontasunetik hitz egiten duen literatura”.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA