Ez gara beltzak

Angela Davis handiaren bisitaren biharamuna oraindik gorputzean dugu askok. Ikusmira izugarria sortu zuen aurretik, eta ajea maila horretakoa da.

Iturria: Kattalin Miner - Berria

Egia baita aldaketa bat ekarri duela gurean, esaterako, Davisek batu dituen biltzarretako publikoari begiratuz gero. Izan ere, emakume pila zegoen entzule eta protagonista, nahiz sarri gizonek tentaldiari eutsi ezin eta mikroak hartu dituzten azkar eta aise. Klasikoak finean.

Emakume asko dena den Davisen bueltan, baina bada detaile bat zeharo harritu nauena eta kontua da beltzik ez dudala inon ikusi. Pentsa genezake ez dagoela beltzik gure artean. Baina egia dena da badagoela beltz feminista, latina feminista, eta mila koloretako emakume feminista pila Euskal Herrian. Are gehiago, emakume arrazializatu feminista eta euskaltzaleak badaudela, kartzela ezagutzen dutenak, eta asko independentistak gainera. Agian ahaztu egin zitzaigun haien ekarpena zein izan zitekeen. Hortaz, dirudienez, Angela gure laguna da bai, baina lagun beltz gutxi dugu akaso, militatzeko, dantzara elkarrekin joateko.

Pentsatu dut izan litekeela beltz hori gurean euskaldun horrekin aldatu dugulako. Alegia, gure belztasuna nazio zapalkuntza eta hizkuntza gutxituarekin ordezkatu dugula. Eta noski, Maria Merçe Marçalen zapalkuntza hirukoitzari jarraiki, zentzu osoko kontua izan daiteke maila batean.

Baina hala ere ez dakit ni neu ote naizen, baina kontuz ibili behar genukeela uste dut alderaketa horiekin; izan ere, bistaratzen baitzait euskalduna bere horretan oso zuria dela oraindik. Garela. Zuriegia eta europarra beltza eta hegoaldekoa izateak pisu handiegia duen mundu batean. Balio diezagula, hortaz, Davisen bisitaren ajeak geure buruei bistazo bat eman eta gure zuritasuna, gizontasuna eta klase-ertain heterosexualtasuna errebisatzeko behintzat. Eta aurrera.

ETIKETAK

Elkarbanatu!