Aldageletako kamerak

Kamerak atzeman dituzte hainbat herritako toki publikoetan. Emakumeen aurkako erasoekin lotu dute Estitxu Elduaienek eta Saioa Iraolak.

Iturria: Berria

Baimenik gabeko behatxuloko begirada - Saioa Iraola Urkiola. Bilgune Feministako kidea

Behatxulotik begira ditut bi begi handi. Baimenik eskatu gabe nire gorputza, azala, mugimendua behatzen ari zaizkit. Eta ez naiz konturatu, kiroldegi, tabernetako komunetan ezkutuko begiradak pareta zulo nahiz bideo kameraren objektibotik egin dizkidatela, egin dizkigutela. Eginak baitira, intentzio argiaz gainera, voyerrek, boterearen monopolioaren jabeek, gizonek, norbanakoek eginak.

Emakumeon gorputzak objektu sexual, sexualizatuak bailitzan, erabakitzeko eskubidea gure gorputzean zaurituz, intimitatea ostuz, bortxa erabiliz eta ezerezean bihurrarazteko nahiaz eginiko ekintzak dira horiek. Azken hilabeteetan Euskal Herriko hainbat kiroldegitako emakumeen aldageletako paretetan zuloak topatu dituzte, baita tabernaren bateko emakumeen komunetan ere. Eta neure burura galderak besterik ez datozkit: Zergatik grabatzen gaituzte aldageletan? Egun, Interneten erabilerarekin gorputz biluziak ikusteko Google bilatzailean jarri besterik ez dugu, gorputz biluzi ugari ikusteko, eta hala ere, aski ez eta herriko herritar batek edo batzuek beste herritar batzuei behatxulotik begiratzeko hautua zein beharrek sortua da? Zer egingo dute irudi horiekin?

Erantzun bakarra datorkit burura: argazki kamera soinean hartu eta herritar batek edo batzuek (eta ez da kasualitatea denak emakumeon aldageletan gertatu izana), besteon, emakumeon, gorputz biluzien argazkien jabe izateak: batzuk, boteredun bilakatzen ditu eta besteok, zaurgarri. Boterea irudi horiek nahieran erabiltzeko, boterea emakumeon gorputzen kontrola areagotzeko, boterea beldurra eta mesfidantza emakumeon gorputzetan eta bizitzetan hezurmamitzeko.

Emakume bezala sozializatuak izan garenok, oro har, beldur dosi handiz elikatu gaituzte txiki-txikitatik. Behatxulo askotatik igaro behar izaten dugu gure sozializazio prozesu guztian zehar. Are gehiago, sozializazio prozesuan zehar, gure buruarengan segurtasuna izatea ahalbidetzen duten esperientziak ukatu dizkigute, gure barne mugak errotuz. Bortxaketak, esaterako, emakume guztiok emakume izate hutsagatik bizi dugun mehatxua izanik gure ekintzak eta espazioan egoteko moduak mugatzen ditu. Horrek izen eta helburu argia dauka: indarkeria eta kontrola. Eta kasu, aldageletako behatxuloetako zuloen zein kameren erabilera ere horri lotua dagoela uste dut. Eta orain ere, aldagelak espazio ez-seguru bilakatu nahi dizkigute. Paretetara, sabaira begira jartzen naiz ea zulorik aurkitzen dudan ikusteko.

Ez digute utzi beldurra erantzun bilakatzeko gaitasunez janzten. Baina egia esan, nazkatua nago eta gaude jada, hainbeste eraso, ukitu, begiratu nazkagarri, grabazio, zulo eta erailketez. Horiek guztiak ez baitira eraso isolatuak, bata bestearen atzetik doaz edo ondoan, baina denek ere bortxa dute bidelagun. Emakumeen aurkako bortxa. Nazkatuta gaude erasoen larritasunaz ohartarazteaz, duten dimentsio politikoa azpimarratzeaz, nahi ez dugunean eta nahi ez dugun norbaitek ukituak egiten dizkigutenean erasoak ez direla entzuteaz... Baina feministok ahalduntze prozesu indibidual eta kolektiboak lantzen jarraituko dugu, autodefentsa feministaz boteretze kolektiboaren bidean tinko martxan eta prest, denak aske izan arte. Hori da gure hautua. Paretetako zulo zein kamera grabazioek ezin izango dute jendarte honen aldaketa nahia geldiarazi. Zuloak hormigoiz tapatzen segiko dugu: kaleak, gauak, komunak eta aldagelak gureak ere badirela aldarrikatzen eta borrokatzen.


Zuloen atzealdean - Esti Elduaien. Azpeitiko kirol zinegotzia

Bi hilabete eskas pasatu dira Azpeitiko Garmendipe futbol zelaiko aldagelan zuloak aurkitu zituztenetik; hilabete eskas, albistea komunikabide guztietan lehertu eta herrian zalaparta sortu zenetik. Kezka, ezinegona, amorrua… denetarik sumatu eta sentitu da herrian, puri-purian egon da gaia berripaper, telebista, irrati, webgune eta sare sozialetan, eta nola ez, puri-purian, herriko kale, kafetegi, taberna eta bestelakoetan. Salaketa jarri bezain pronto, zuloak estali genituen, berehalakoan; baina behatxuloa estaltzeak ez du, inondik ere, atzeko hutsunea tapatzen.

Joan dira telebista eta fokuak, uxatu da morboa, eta gelditu da gaia herriko argitasun xumean. Eta ilun-beltzak agertu dira zenbaiten ahotan, gertatutakoaren larritasuna zalantzan jartzeraino. Neska horiei protagonismo bila dabiltzala esan diete kalean batzuek, euren buruari garrantzia emateko egin dutela. Euren gurasoek entzun dute gaiari larritasun gehiegi eman diotela, horrelakoak beti gertatu izan direla eta gertatuko direla. Halakoxe gordin eta halakoxe gogor, nola dauden galdetu ere egin gabe, eta inolako konplexurik gabe. Biktimak eurak berdugo sentitzea lortu dute, salatzearekin ondo egin ote duten zalantza pizteraino.

Emakumeen kontrako erasoa bortxaketa edo jipoi fisikoetara soilik mugatzen den ustea hedatuegi dago, marka fisikorik gabe minik egongo ez balitz bezala. Baina norberak nahi gabe, beste batek zelatatua izatea bera da erasoa zelatatuarentzat, hasteko, beste baten kontrolpean dagoelako bere intimitatea. Eta gertaeratik urrunago doa erasoaren erreplika, emakumearen kasuan: batetik, salatuz gero, txorakeriatzat hartu diotelako, eta are gehiago, protagonismo bila dabiltzala esan diotelako; eta bestetik, gertatutakoa gertatu ostean, beldurra, ziurgabetasuna, eta segurtasun eza berak sentituko dituelako entrenatzera joaten den aldiro, aldagela horietan sartzen den bakoitzeko.

Ez da kasualitatea Azpeitikoa, ez eta umekeria ere. Aurretik gertatu zen Getxon, gertatu zen Erandion, eta ondoren gertatu da Igorren eta baita Errenterian ere. Eta sintoma bertsuak daude behatxuloaren atzeko hutsunean: exagerazioaren itzala, emakumeen ziurgabetasuna eta askok jazotakoa zaurgarria dela ez ulertzea. Gizonen ikuspegitik mugitzen da gure gizartea, kulturala dena normaltzat jotzen da, eta horren aurrean erantzukizuna daukagu administraziook. Gizonen mundua emakumeengana bideratzeko erantzukizuna daukagu, benetako berdintasuna paperetik ekintzetara eta gizartera pasatzekoa, bideratzekoa eta aplikatzekoa, eta exijitzekoa. Eta baita kirolean ere, gizonena delako eremu horren gehiena, gizonen begi eta buruetatik diseinatu eta eraikia. Benetako hezkidetza behar du gizarteak, baina ez haur eta gazteek bakarrik, heldu eta nagusiek ere bai, eta geuk ikasi.

Zuloak tapatzeko nahikoak dira porlan, pladur edo baldosak. Aldagelak sarriago gainbegiratu eta zaintza zorrotzagoa eginda konponduko da hori. Baina behatxuloaren atzeko hutsunea estaltzeko sakoneko lana daukagu egiteko, eta hori guztion erantzukizuna da.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA