11 eraso 12 erantzun, Feministok prest!

Indarkeria matxistaren «askotariko formen» aurka egitera deitu dute

Apirilaren 9an protesta nazionala egingo du Euskal Herriko mugimendu feministak Gasteizen

Iturria: Aitor Biain - Berria

Bideoa: Hala Bedi Bideoak

Indarkeria matxista salatzeko manifestazio nazionalera deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak. Apirilaren 9an izango da, Gasteizen, 11 eraso, 12 erantzun. Feministok prest! lelopean. «Kaleak betetzeko gonbidapena egiten dugu; gure aliantzak erakusteko, eta altu eta ozen eraso bakoitzaren aurrean egongo garela esateko prest gaude», adierazi zuen atzo mugimenduko bozeramaile Zuriñe Rodriguezek.

Hain zuzen, mobilizazioak hiru helburu dituela nabarmendu dute antolatzaileek: batetik, eraso matxistak gaitzestea; bestetik, «azkenaldian gertatzen ari den mugimendu feministaren kriminalizazioa» salatzea; azkenik, bortizkeriari buruzko hausnarketa sozial bat sustatzea.

Izan ere, indarkeria matxistaren «forma askotarikoak» eta «konplexutasun guztiak» ulertu eta kontuan hartzea «beharrezkoa» dela uste dute. «Bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hilketak soilik; kontu estrukturala da, eta sistema batean oinarritzen da», azaldu du Rodriguezek.

Beraz, ildo horiek ere kontuan izan behar dira, mugimendu feministaren arabera, eta modu horretan adieraziko dute mobilizazioan ere. «Arazoaren muinari heltzeko ordua da, konpromisoak hartzeko ordua. Badakigu bere jatorriak zeintzuk diren, eta aurre egiteko prest gaude».

Egitura «agerian utzi»

«Bortizkeria matxista ez da bakarra; gure jendarteak eraikitzen duen egitura sendoa da», adierazi du Rodriguezek. Bada, egitura hori osatzen duten espazio guztiak «agerian» uztearen beharra azpimarratu dute.

Instituzioen jarrera salatu dute manifestazioaren deitzaileek. «Agintariak genero bortizkeriagatik oso arduratuta agertzen diren bitartean, errealitatea bestelakoa da». Izan ere, berdintasun aurrekontuetan murrizketak egin direla gogoratu dute; horrek bortizkeria saihesteko baliabideak koordinatzen dituztenak «gutxiesten» dituela erantsi dute. «Feminizidoa ez da kasualitatea. Gure jendartearen erdigunean dago, generoen instituzionalizazioaren bitartez», adierazi du Eli Etxebarriak.

Era berean, ekonomia kapitalistak emakumeengan eragiten dituen ondorioez ere ohartarazi nahi izan dute; sistema berak bultzatzen baitu bortizkeria, haien hitzetan. Hala, kapitalismoak zerbitzu sozialak «murriztu» eta andreak «prestigiorik gabeko lanak egitera» behartzen ditu, mugimendu feministako kideen arabera.

Gaua ere espazio horietako bat da. «Batzuentzat jaiak ondo pasatzeko espazioak diren bitartean, beste batzuentzat erasoak, bazterkeria eta beldurra sentitzeko espazioak dira», salatu du Bego Karrandik. Izan ere, alkoholaren, gauaren eta jaiaren aitzakian, nabarmen areagotzen dira andreen aurkako erasoak. Hain zuzen, azken egunotan inauterietan izandako eraso matxistak gogoan izan dituzte.

Heteroaraua ere kritikatu dute. Kattalin Minerrek salatu du arau horietatik «ihes» egiten dutenek bortizkeria matxista ere jasaten dutela. Bada, lesbianen, transexualen eta arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenen aurkako erasoak ere bortizkeria matxista direla nabarmendu du.

Gauzak horrela, egoerari aurre egiteko «prest» daudela adierazi dute, eta apirilaren 9an Gasteizera joateko deia egin dute. Eguna iritsi bitartean, baina, atxikimendu kanpaina bat abiarazi dutela ere jakinarazi dute.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA