Gasteizko Blusen saiakera feminismoa kriminalizatzeko

Blusa eta Nesken Batzordeak mugimendu feministako bi kide salatu ditu "koakzioa" egin izana leporatuta, feministek festetan eraso matxistak salatzeko egin zuten ekintzaren harira. Ostegunean 12:00etan prentsaurreko jendetsua egingo dute epaitegi aurrean.

Iturria: Topatu.eus

Gasteizko jaiez geroztik, tentsioa nabarmen areagotu da Blusa eta Nesken Batzordearen eta mugimendu feministaren artean. Gatazka eraso sexisten aurkako ekintza sinboliko eta baketsu batek eragin du, ez udatik gaur arte Arabako hiriburuan indarkeria sexista leporatuta atxilotutako gizonak 60 baino gehiago izateak.

Luis Izaga Blusa eta Nesken Batzordeko bozeramaileak mugimendu feministako bi kide salatu ditu, Berria egunkarian eman zuten elkarrizketa batean ekintzaren "erantzule" gisa identifikatu ostean. Feministen asmoa hasieratik izan da prozedura judiziala eteta, eta bi lan-lerro garatu dituzte horretarako: instituzionala eta herritarra. 

Udalak bere burua bitartekari bezala aurkeztuta, bi aldeak akordio batera iritsi eta salaketa erretiratzea lortu zuten hasiera batean. Eragile feministek diskrezioz jokatzea erabaki zuten, ez sakontzeko Gasteizen eman daitekeen zatiketa sozialean eta batzuek Blusa eta Nesken Batzordearen eta feministen arteko gerra gisa irudikatu duten horretan. Baina, Blusek adostutako diskrezio printzipioa urratu zuten, agerraldi bat egin baitzuten Gara egunkarian publikatu zen artikulu baten harira. Horregatik, feministek akordiorik ez sinatzea erabaki zuten, epaiketak aurrera egingo zuela jakitun.

Ostegunean, otsailak 4, izango da auzi saioa Gasteizko epaitegian. Bi kideri jarritako salaketak "feministak kriminalizatu eta mugimenduari zilegitasuna kentzeko" helburua duela uste dute, eta, horregatik, babesa adieraztera deitu dute jendarte eta jai eredu parekide eta osasuntsuaren alde dagoen herritar oro. 12:00etan agerraldi jendetsua egingo dute epaitegiaren aurrean.

 

GATAZKAREN JATORRIA

Gasteizko eragile feminista ezberdinek urteak daramatzate jaietan ematen diren eraso matxisten aurrean protokolo bat aplikatzen. Azken urteetan, hori babestu eta aurrera eramateko konpromisoa hartu dute hainbat eragile sozialek, tartean Blusa eta Nesken Batzordeak. Protokoloak esplizituki dio edozein motatako erasotzaileak (ahozkoak, fisikoak, sexualak, sozialak...) mugitzen diren guneetatik kanporatuak izango direla. 

Azken festetan izandako eraso sexistetako bat Jatorrak kuadrillako zazpi gizonek egin zuten: irain sexistak egin zizkioten emakume bati. Eraso horren harira, feministek elkarrizketa bat hasi zuten Blusekin, eta protokoloa betetzeko zain geratu ziren. Baina, ez zen horrelakorik gertatu, ez zuten jaiak hasi aurretik adostutakoa bete. Argudiatu zuten irainak "edukazio txarreko" edo "zoritxarreko" komentarioak besterik ez zirela izan.

Era berean, eta eraso horrekin zerikusi zuzenik izan gabe, hainbat eragile feministek ekintza bat egin zuten jai eredu aske eta parekidea aldarrikatzeko eta eraso matxistak salatzeko: sinbolikoki moztu zuten Blusen eta Nesken kalejira soilik gizonez osatutako Jatorrak kuadrilla pasatzerakoan. Kartelak eskuetan hartuta eta erasoen aurka oihuka egin nahi izan zuten ekintza, baina ez zuten lortu Blusek eta Neskek izandako jarrera "bortitzaren" ondorioz. "Bertan parte hartu genuen emakumeok era askotako erasoak jasan genituen, ahozkoak zein fisikoak", argitu zuten feministek. Azaldu zuten ekintza erabat "politikoa" izan zela, sinbolikoki salatzeko emakumeek jaietan pairatzen dituzten eraso sexistak. Alegia, ez zela Blusen eta Nesken aurkako ekintza zuzen bat.

Pasatakoari buelta emateko ahaleginean, erasotuak erasotzaile gisa markatu eta feminismoaren aurkako kanpaina sozial eta mediatikoa hasi zuen Blusen eta Nesken Batzordeak. Horrekin batera, eraso sexisten aurkako protokolotik atera ziren. Jaietan bertan ere bi manifestazio paralelo egin zituzten egun berean: bata, Blusa eta Nesketako Txirrita kuadrillak deituta, eraso sexisten aurka (ez baitute batzordearen jarrera sexistarekin bat egiten). Bestea, eraso sexistak justifikatu eta mugimendu feminista "kriminalizatzeko" helburua zuena, Blusa eta Nesken Batzordeak deituta. Kanpaina sozialari mediatikoa gehitu zioten, eta Luis Izaga ordezkariak hainbat elkarrizketa egin zuen komunikabide desberdinetan. Esan zuen ekintza baketsua egin zuten emakumeak "bortizki" sartu zirela Jatorra kuadrillakoen aurka, eta "beldurtuta" sentitu zirela. Bere bertsioa borobiltzeko, honakoa adierazi zuen: "Jaiak bakean ospatzen genituen feministak agertu arte". Adierazpen horrek ere haserre sortu zuen, mugimendu feministak uste baitu jendarte matxista ez dela "bakean" bizi, "gatazkan" baizik.

 

TETATINAK

Ez da Blusa eta Nesken Batzordeak jarrera eta ekinbide sexista erakusten duen lehen aldia. 2014ko jaietan pegatina batzuk atera zituzten tetatina izenpean, "Urte osoan baino titi gehiago ukitzea ahalbidetzen dizuten pegatina majikoak" esaldiarekin. Batzordeak azaldu zuen baimenik gabe etara zituztela kuadrilla guztien logoak ageri diren pegatina hori, baina ez zuen ezer gehiago esan. Luis Izagak, aldiz, adierazi zuen berak ere ukitu izan zituela titiak, eta horregatik ez ziola inoiz inork ezer esan. Adierazpen horiek sekulako polemika eragin zuten, eta barkamena eskatzera behartuta ikusi zuen bere burua. Baina mugimendu feministak batzordeari exijitu zion barkamena modu kolektiboan eskatzeko eta jai parekideen alde pausoak ematen hasteko. 

 

Gaur gaurkoz, ez da horrelakorik gertatu.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA