Arropa merkearen prezio garestia

Nork ordaintzen du hain merke erosten dugun arropa?

Rebecca Gallagher gazte galestarra zur eta lur gelditu zen Primark dendan erosi zuen 12 euroko soinekoa garbitzeko jarraibideak irakurtzen hasi zenean.

Iturria: Ane Urkola Agirrezabala - Argia

Eskuz idatzitako eta jositako mezua aurkitu zuen bertan: “Ordu askoz lan egitera behartuta”. Langile anonimoak bidalitako larrialdi mezuak bira eman dio munduari.

Rebeccak Primarkera deitu zuen aurkitutako mezuaren inguruko azalpenak eskatzeko, baina 15 minutu itxaron ondoren, deia moztu zioten. Primarkeko bozeramaile batek adierazi du ez dela inoiz horrelako gertakaririk izan, eta bezeroari eskatu diote soinekoa bueltatzeko, “etiketa nola itsatsi zuten aztertzeko, eta aztertu beharreko beste gertakaririk ba ote dagoen jakiteko”.

Albisteak izan duen zabalpen mediatikoa medio, jarrera aldatu behar izan du enpresak. Izan ere, ez da lehenengo aldia enpresa hori salatzen dutena; Gobernuz Kanpoko Erakunde askok salatu dituzte Primark bezalako enpresak, eta ekintzaileek uste dute ehungintza enpresek langileak esplotatzen dituztela Bangladesh bezalako herrialdeetan.

Kolektiboek salatzen dutenez, langileen lan-eta segurtasun baldintzak oso kaskarrak dira, eta horren erakusle dira azken urteetan gertatu diren istripuak. 2013ko urriaren 8an, Bangladesheko Dhaka hiriko arropa fabrika batean izan zen sute batek 9 hildako eragin zituen. 2013ko apirilaren 25ean, Bangladeshko Rana Plaza eraikina erori zen;  El Corte Inglés, Primark edota Mango kateen zerbitzura lan egiten zuten ehungintza fabrikak zeuden bertan, eta 1.127 pertsona hil ziren, eta 2.400 zauritu.

Rebecca gaiaren inguruan hausnartzera bultzatu du gertakari horrek: “Ez dut inoiz pentsatu nola egiten zen erosten dugun arropa, baina gertaera horrek pentsarazi dit nola lortzen dugun erosten dugun arropa hain merkea izatea”.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA