Angela Davis_Larunbata (Berria)

Askatasunaren bila ehundutako sareetan

AEBetako hiri txiki bateko protestek (Ferguson izan du gogoan), edo umeen marrazki xaloek (zakukadaka jaso zituen, elkartasun keinu), mundua eraldatzen lagun dezakete. Lezioa eman du Angela Davisek.

«Zakukadak ekartzen zizkidaten». Ez ditu ahazteko Angela Davisek elkartasun keinu gisara ?heriotza zigorrera kondenatuta egon zen 70eko hamarraldian, preso, eta kanpaina zabal bat egin zen mundu osoan haren alde: Free Angela! garai batean Ekialdeko Alemaniatik jaso zituen postalak. «Milioi bat lore Angelarentzat izena zuen proiektuak, eta, zinetan, miloi bat bidali zizkidaten», oroitu zuen atzo Donostian eskaini zuen mintzaldian, irri artean. Eta esku txiki haiek egindako zirriborro xalo haiekin zerbait handiagoa ernaldu zela ulertu zuen handik urte askotara, umetxo haiek (ordurako heldu) ezagutu zituenean. «Esan zidaten marrazki haiek egiten beraien bizitza aldatu zela; zerbait globalaren parte sentitu zirela». Eta, hain justu ere, lotura klase horiek justiziaren aldeko ekintzak eta ahotsak ehuntzera doazenak  arrunt garrantzitsuak iruditzen zaizkio Davisi mundua eraldatzeko bidean. Herri, klase eta feminista izaeradun borrokaren ikuspegia egun mintegian, atzo, Donostian, arretaz entzun ziren haren hitzak, eta izan ziren Euskal Herriko mugimendu feministako ordezkarien partetik ere ekarpen aski mamitsuak.

«Beti egon naiz interesatua mugak gainditzearekin», onartu zuen. «Beti izan dut halako joera bat konexioak egin nahi dituzten komunitateekiko». Hain zuzen ere, feminismoaren aldeko jardunbidea, arrazakeriaren kontrako borrokarekin eta klaseen arteko lubakiak gainditzeko bideekin uztartzeko erakutsitako argitasunak egin du, hein handi batean, ezagun eta erreferente Davis. Eta beti harago egin nahi izanak eraman du, azaldu duenez, gogoeta horietara. Haragoko bideetan ibili delako: beti iheskorra dirudien askatasunaren bila. Gaztetxotako oroitzapenak ditu gogoan: «Iruditzen zitzaidan Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldetik iparraldera joan, eta han aurkituko nuela askatasuna». Hain zuzen ere, Alabamako Birmingham hirian jaioa da, 1944an, beltzak toki askotan baztertzen zituzten leku eta sasoian. «New Yorkera joan, ordea, eta beste era bateko arrazakeria aurkitu nuen». Eta, harago egin nahian, Europarako bidea egin zuen gaztetan. «Askatasuna han aurkituko nuela uste nuen».

Montgomeryko autobusak

Beti bila ibili da, eta, kontatu duenez, bidean sarri ikusi du itxura batean elkarrekiko arrotzak eta urrunak diren komunitateen artean usu «lotura emozional sendoak» egoten direla, sakondu beharrekoak. Eta goratu nahi izan zituen, bereziki, usu protesta horietan «ikusezin» aritu diren andreak; esaterako, 1955ean Montgomeryko autobusetan beltzen bazterkeriaren kontrako borroka hasi zutenak gogoratu zituen. Rosa Parks hartzen da sarri emakume horien eredutzat, baina talde oso bat irudikatzeko ahalegina arrunt garrantzitsua iruditzen zaio Davisi. «Boikot arrakastatsu hori egin zutenak etxeko langileak izan ziren: txurien etxeetara lanera joaten ziren etxeko langileak», adierazi zuen. «Arrazakeriarik eta diskriminaziorik gabeko etorkizun bat irudikatu zuten». Andre horien jarduna soilik arrazakeriaren kontrako borrokaren ikuspegitik ezin dela aztertu argi du; feminismoarekin eta gizarte bidezkoago baten aldeko borrokarekin lotzen ditu. Davisentzat akuilu etengabe bat da hori. «Beti izan dut interesa konexio horiek ikusteko; ikusezina dena ikusteko».

Sasoi hurbilagoei so, Katrina urakanak AEBetan ?2005ean triskantza handia eragin zuen, milaka lagun aterperik gabe utzi zituen? lagatako ondorio larriei ere errepara dakieke, Davisen ustez, oro baldintzatzen duen amaraun horri erreparatzeko. «Mundu osoa hasi zen ikusten pobrezia handia zegoela AEBetan, eta lotura zuela arrazakeriarekin». Argigarria iruditzen zaio Ferguson hiriko adibidea ere. «Hiri txiki-txiki bat da», nabarmendu zuen. Handik, ordea, oihartzun zabala hedatu zen 2014. urtean arrazakeriaren kontra. Poliziak gazte beltz bat hil zuen, eta gertaera horren kontrako protesta handiak egin ziren. Beltzen bizitzak axola du leloaren inguruan ardaztu ziren protesta horietako asko, eta aldarri horren garrantzia nabarmendu zuen Davisek: horretan sakontzen jarraitzekoa.

Soilik beltzei erreferentzia egiten dienez, aldarri eta mezu «unibertsalen» aldeko ahots askok lelo hori auzitan jarri dutela gogorarazi zuen. Ozen defendatu zuen, ordea, mezu horren egokitasuna. Gainerakoan, «eliteen demokrazia iraunarazteko» arriskua dagoela ohartarazi zuen; justizia bilatzen dutenen ahotsa behin eta berriro apaltzekoa. Eta lelo horren abaroan bazterrean dauden ahots askok beren aldarrientzako arnasa aurki dezaketela argi du. «Palestinan, esaterako, elkartasuna berehala erakutsi zuten Fergusoneko jazoeren harira». Milaka kilometrora: bazterrekoek, bazterrekoekiko.

Ekintzarako deia

Feminismoan aurrera egiteko tentsio puntu bat beti behar dela onartu zuen: «Beharrezkoak ditugu biak, pazientzia eta pazientzia eza; beharrezkoa da nolabaiteko min bat, larrimin bat». Eta ekintzarako deia egin zuen, jardunean jardutekoa. «Feminismoak ez die beldurrik izan behar kontraesanei; ez da beharrezkoa kontraesan guztiak argitzea praktikara heldu aurretik; praktikaren epistemologia esaten zaio horri». Jakintzaz harago, gogoa akuilu ona dela oroitarazi zuen, eta gazteek horretan aparteko lekua merezi dutela uste du.

Gaur Arnaldo Otegi bisitatzera joango da Logroñoko espetxera. Keinuak ere, ekintza eraldatzailerako bidean, giltzarri direlako.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA