Osatze prozesua(k)

Osatze prozesua bide politiko kosmiko gisa ulertzen du Lorena Cabnal Guatemalako feminista komunitarioak eta emakume militante maia-xinkak. Hitz horiek entzun nizkion orain dela urtebete, baita berriki ere Feministaldian. Txundituta utzi ninduten haren teoriak eta praxiak. Eta balio izan dit sentitzen dudanari zein egiten saiatzen garenari hitza jartzeko.

Iturria: Saioa Iraola - Gaur8

Euskal Herrian, gatazkaz baino, gatazkez hitz egiten dugu feministok, askotariko gatazkak problematizatzea ezinbestekoa dela iritzi diogulako justizia sozialean oinarritutako beste jendarte eredu bat sortzeko: Euskal Herria, euskal estatu feminista bat sortzeko. Urteak daramatzagu bide horretan feminismotik eragiten, gaur egungo egoera gure aurrekarien lanaren emaitza baita. Baina aurrerabide horretan, gure gorputzetan, komunitatean, lurraldean zein mentalitatean eragin duten gatazken –nagusiki patriarkatuaren–, gatazka politiko armatuaren zein klase gatazkaren saminak, minak, orbanak, zauriak sendatzea prozesu indibidual eta kolektiboa dela pentsatzen dut, eta, horregatik, espazio anitzetan osatze prozesu paraleloak bideratzeko beharra dugula sentitzen dut; terapia indibidual, pertsonal eta intimizatuak, kolektibizatzeko eta duten dimentsio politikoa egikaritzeko. Konponbidea ez delako soilik indarkeria jakin batzuk (estatua eta borroka armatua) desagertzea, edota indar militar okupatzaileak kanporatzea, egitura administratibo-politiko bat erdiestea edota armagabetzea. Hori guztia bada, baina bada, baita ere, despatriarkalizazioa, bada gizonek boterearekiko zein indarkeriarekiko duten monopolioa des-egitea, bada ingurugiroa suntsitzearen eta ustiatzearen ondorioez jabetzea eta osatze bat abiaraztea.

Gatazkek zeharkatutako gorputzak garen kontzientziatik osatzea oinarri duten ekinbide kolektibo eta politikoek bidea arinduko digute elkarri entzunez, begiratuz, sentitu dugunaz hitz eginez eta elkar aitortuz. Osatzea da bide horretan dugun beste erronketako bat. •

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA