Gasteizko bi feminista epaituko dituzte!

Datorren otsailaren 4ean mugimendu feministako 2 kideren aurkako epaiketa ospatuko da Luis Angel Izaga jaunak Gasteizko Blusa eta Nesken Batzordearen izenean jarritako salaketaren ondorio gisa.

Jarraian, Gasteiztik bidali duten oharra:

Gasteizko eragile feminista ezberdinok urteak daramatzagu Gasteizko jaietan ematen diren eraso matxisten aurrean protokolo bat aurrera eramaten. Azken urteotan protokolo hau babestu dute Gasteizko hainbat eragile sozialek, tartean Gasteizko Blusa eta Nesken Batzordeak. Protokolo honek esplizituki dio edozein motatako erasotzaileak (ahozkoak, fisikoak, sexualak, sozialak...) mugitzen diren guneetatik at geratu beharko zirela.

 

Azken jaietan, eraso matxista ugari gertatu ziren, euretako bat Jatorrak kuadrilako 7 kideren aldetik eman zena. Blusekin izandako solasaldi ezberdinen ostean, protokoloa betetzeko zain geratu zen mugimendu feminista. Ez zen halakorik eman, ordea.


Era berean eta aipatutako eraso horrekin zer ikusi zuzenik izan gabe, zenbait eragile feministok abuztuaren 8rako ekimen baterako deialdia egin genuen. Ekimenaren helburua, jai eredu aske eta parekideen aldarria alde batetik, eta eraso matxisten salaketa bestetik. Ekimenak Blusen paseilloaren mozketa sinbolikoa izan nahi zuen. Soilik gizonez osatutako Jatorrak kuadrila pasatzerakoan paseilloa sinbolikoki etetea zen helburua, gure aldarrikapenak aireratuz. Ekimena bera ezin izan zen aurrera atera Blusek izandako jarrera bortitzaren ondorioz, eta esan beharra dago bertan parte hartu genuen emakumeok era askotako erasoak jasan genituela (ahozkoak zein fisikoak).
 

Blusa eta Nesken Batzordeak feminismoaren aurkako kanpaina sozial eta mediatiko bati hasiera emango dio eta sinatuta zuen erasoen aurkako protokoloa apurtutzat ematen du.

Gauzak horrela, abuztuaren 10ean mugimendu feministak bere osotasunean publikoki bere bertsioa kalera ateratzeaz gain, beste jai eredu baten alde lanean segitzeko asmoa agertzen du, gizon eta emakumeon arteko botere harreman desorekatua bermatzen duen jendarte patriarkarrarekin amaitu eta honek eragiten dituen eraso matxista ezberdinekin amaitu asmoz. Gainera, azpimarratu beharra dago  sinatutako protokoloa bete ez zutenak Blusak izan zirela.

 

Gerora eta Berria egunkarian argitaratutako elkarrizketa baten harira,ekintzan parte hartutako bi emakumeri "derrigortzeak" egotzita salaketa jarri zion Luis Izagak Blusa eta Nesken Batzordearen izenean .

 

Epaitegiaren baitan epaiketa saiesteko asmoz hasitako bitartekaritzak ez du fruiturik emango eta epaiketaren data otsailaren 4rako zehaztuko da. Honen aurrean, Bilgune Feministak eta Neska Gazteok Egurra taldeak bi lan-lerro (instituzionala zein herritarra) izango zituzkeen planteamendua hasiko dute epaiketa gelditu asmoz.
 

Abuztuan jada Udalak bitartekari gisa agertzeko eskaini zuen bere burua eta konpromiso hori hartuta, akordio batera iristea lortu zen salaketa bera erretiratzea lortzen delarik.

 

Planteamendu honi hasiera ematen dioten eragile feministek diskrezioz jokatzea erabakitzen dute alde batetik Gasteizen eman daitekeen zaiteka sozialean ez sakontzeko eta bestetik, zenbaitzuek Blusa eta feministen arteko gerra gisa irudikatu duten horretan ez sakontzeko. Gure iritziz funtsezkoena aurrera begira lan egitea da, eraso sexistarik gabeko jai eredu baten alde eta emakumeok libre eta beldurrik gabe sentituko garen jendarte baten alde.

 

Gara egunkarian argitaratutako artikulu baten harira, Blusek prentsaurreko baterako deialdia luzatzen dutela modu honetan adostutako diskrezio printzipioa urratuz.

 

Beraz, akordiorik ez sinatzea erabakitzen da epaiketak aurrera jarraituko duela jakitun.

 

Gogoratu beharra dago, erasotzaileak alboratu ez eta adostutako neurriak hartu ez zituen eragile batek jarritako salaketaren ondorioa dela epaiketa hau. Gainera, azpimarragarria da salatuak izan ziren emakume hauek izan zirela batez ere abuztuaren 8an erasotuak eta salaketa jarri duen kolektibo honen aburuz eraso matxistak "edukazio txarreko" edo "zoritxarreko komentario" soil dira. Horrela, EMAKUMEZKOENTZAKO ASANBLADA IREKIA deitu dugu GAURKO, URTARRILAREN 29An, Gasteiz Txiki elkartean arratsaldeko 18.30etarako. Bestetik, epaitegietan prentsaurreko masiborako deia ere egin dugu datorren otsailaren 4an eguerdiko 12etarako.

 

Argi dugu, ez dugu mugimendu feminista kriminalizatu nahi duenik onartuko. Emakumeon askatasuna zein eskubideak edozein leku edo momentutan defendatzeagatik gutako inor ez dute ez inolaz ere epaituko!!!

 

MUGIMENDU FEMINISTAREN KRIMINALIZAZIOARI EZ!

JAI EREDU ASKE BATEN ALDE,

GORA BORROKA FEMINISTA!!!

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA