Lodifobiarik ez!

Itsaso B.k Klitto atari digitalerako egindako ekarpen pertsonal, dibertigarri eta interesgarria.

Orain dela hamar urtetik bigarren hezkuntzako irakaslea naiz. Irakasleok daukagun estres guzti hori dela eta, egunerokotasunari arreta gehiegirik gabe so eginez, sekulako aurkikuntza egin berri nuela konturatu nintzen aurrekoan: nire ikasleek ez zuten emakumezko erreferente lodi gazte baikorrik beren bizitzetan. “Hau betidanik jakin da! Gurpila asmatu duzula uste al duzu?” -galdetuko diezue zeuen buruei. Bai eta ez.

 Alde batetik argi daukat, orokortze ziztrina eginez, irakaslegoaren gehiengoa emakumezkook osatzen dugula eta emakumeon gehiengo honek, era berean, 38 galtza-neurria belaunetik gora igotzeko zailtasun dexenterekin bizi garela. Honetan zalantza gehiegirik ez.  Ados? Orain, hona hemen nire azterketarako galdera: guzti horietatik zenbat gara lodiak eta dieta-diskurtso edo gorputzen lotsagarritasunean itzulipurdirik egin gabe gure itxurari buruz taburik gabe diardugunak? Beldurrik gabe! Eskua altxatu horietako bat izatekotan! Badago norbait? Aaaaait! Aaaaaait! Aaaaaaait!!! (Oihartzunaren errepikapenak).

v91xnLodifobiari buruz irakurtzen hasi nintzenean ikusi nuen zaila suertatuko zela hezkuntza sailean norberaren aspektu fisikoa maitatzeko  pautak ikasleei eskeintzea. Kirolari-letxugajale-sasiosasuntsuaren estereotipoa modan egonda behintzat, Hiru Grazien irudia gela barruan sartzea ezinezko misio bihurtuko zelakoan  nengoen. Baina zer beste irtenbide neukan orduan, ni neu lodi identitatearekin erabat zeharkatuta sentitzeko aukerak eskeini zidan bizitzeko poztasun berri hori partekatzeko beharizan kontrolezina  sentitzen banuen? Irakasleok aitaren  (amaren???) batean asmatzen dugu hitzak askotan zentzugabeak direla nerabeekin komunikatzeko ahalmenak egiterakoan. “Hortaz? Zertan zabiltza, neska? Misterio honen erantzuna emango diguzu behingoz ala datorren faszikuluan agertuko da? Proposamen zehatzak, mesedez?” -entzuten zaituztet kexaka. Bai, bai, barkatu. Proposamen bakarra eta borobil-borobila: zu zeu, lodi maitea, gelan agertzea zure gorputz potoloari buruz txintik ere esan gabe. Ez ireki ahoa, onerako komentarioak esateko ez bada behintzat. “Eta horrek zer eragin positibo dauka ikasleengan, jakin badaiteke?” -egongo zarete pentsatzen.

Nire egoera kontretu eta isolatuan primeran ikusi nuen, hiru hilabetetan aldaketa nabarmenak egon zirela ikasleen jarrera eta iritziengan. Egunak joan, egunak etorri. Ekintzak gora, ekintzak behera. Abestiak hemen, antzezpenak han. Dantza batean, saltoak bestean. Eta bat-batean, nire aldetik inolako esfortzurik egin gabe, ikasleek loditasun erreferente baikor moduan hartu ninduten. Hasieran nik ez neukan gertatzen zena antzemateko gaitasunik, baina denborarekin ulertzen hasi nintzen, dibertigarria zen zerbait egiten ziarduen kilodun emakumea ikusten zuten bakoitzean, ikasleek nirekin erlazionatzeko joera zutela inkontzienteki.  Ez zen erreza izan horretaz jabetzea, ikasleek emakume “ez argal” bat edozer (benetan: EDOZER!!!) egiten ikusten zuten bakoitzean, iskanbila handiarekin, begiak dirdirka, nire bikia zela kontatzeko ilusioarekin zetozkidalako korrika batean. Eta nik ez nuen tutik ere ulertzen. Zea Mays-eko Aiora, Onintza Enbeita bertsolaria, Adele abeslaria, Melissa Macarthy antzezlea, Tess Holliday modeloa edo Invocatium nerabe musikaleko partaideetako bat… denak ziren nire klonak ni konturatu gabe?? Benetan??? Nola izan zitekeen?? Etxera heldu eta buruan pentsamendu berari bueltak eta bueltak ematen nizkion etengabe: zer demontre ote zen amankomunean geneukana emakumeak izateaz aparte? Eta, bat-batean, bonbila piztu zitzaidan eta “eureka!” oihukatu beharrean, “tortilla otartekoa!” oihukatu nuen. Den-denak emakumeak bai, baina lodiak eta “indartsuak” ginela!!! Baimenik eskatu gabe, barkamenik eskatu gabe, lotsarik gabe eta besteen arreta era baikorrean jasoz existitzen ginela! Ez genuen emakume lodi ikustezinaren papera egiten, pertsona publikoarena baizik! Gauza miresgarri eta interesgarriak egiten genituen eta jendeak maite gintuen! (Ni irakaslea izanik, abeslari, bertsolari, antzezle, modelo eta laurak bat naizela esatea, soberan dago: irakasleak superheroiak gara betidanik nahiz eta errekonozimendurik jaso ez!)

Ni egunero ikusita, ikasleak nire itxurara ohitu egin ziren. Nire fisikoa normalizatzeari esker, ezaguna izango balitz bezala ulertzen zuten nire besoetako laranja azala, nire sabela… eta “gehiegizko” espazioa okupatzeko nire era ez zitzaien bitxia egiten. Nerabe talde batek XXI. mendeko edertasun kanonetan oinarrituta ez zegoen gorputz bat normaltzat -eta are gehiago diot, edertzat!- hartzea, aurrerapausu ikaragarria zela iruditu zitzaidan, ez bakarrik nerabeentzat, baizik eta gizartearentzat orokorrean. Horregatik idazten dizuet hemen, zuek ere egin dezazuen! Iraultza honen parte izan nahi? Bai?? Orduan, zer uste duzue behar dugula hemendik aurrera gure lanpostu eta gertuko inguruetan, loditasuna identitate onargarria dela aldarrikatzeko? Nire erantzun bakarra : erreferente baliagarriak.

Lehenengo pausua emanda dago lodifobiaren kontrako gurutzada honetan. Aurpegietan begiak ditugu eta gizenak garela ikusterakoan, gehienok, lodi identitatea besarkatu dugu poztasunez, adjektibo honen xarma ulertu bezain pronto. Orain behar dugun gauza bakarra, lanerako gogoa da.  Ni loditasun erreferente osasuntsua izateko prest nago. Azken finean, hitz eta pitz egon naiteke beste hiru ahalpaldi, baina zalantzarik gabe partida honetan bi talde daude: alde batetik, norberaren gorputza gorrotatzeko eta behin eta berriz eraldatzeko obsesioarekin bizi direnak eta, beste alde batetik, norbera den moduan maitatzeko esfortzua egiten dugunak, egunero dauzkagun traben aurka umorearekin eta diskurtso zentzudunarekin borrokatuz. Nik oso argi daukat non kokatu, baina zu zein taldetan zaude? Edo beharbada galdera errepikatu beharko nuke  inor atzean geratu ez dadin. Orduan, hobeto esanda: zuk zein taldeta egon NAHI duzu? Erreferente baliagarri izan nahi? Anima zaitez eta hasi dezagun gure euskal iraultza lodia! Gure gizartean, esan diezaiogun lodifobiari ezetz! Gorputz guztiak eta edertasun guztiak onartu ditzagun!! Eta noski, beti, gure gizartea orokorrean hobetzeko ezinbestekoa zaigun borroka feministari begira! Gaurtik aurrera ehunka gaztetxoen bizitza aldatu dezakezu jarrera aldaketa txiki batekin. Erakargarria egiten zaizu? Batu zaitez!  Eta noski, zure esperietzia kontatu iezaguzu!

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA