Gizonezkoak igeriketa sinkronizatuan

Uretan dagoela «arnasa» hartzen omen du. Pau Ribes kataluniarra txikitandik eroso eta aske sentitu da uretan eta igeriketa sinkronizatuan. Gizonezkoentzat itxita zegoen atea ireki du.

Iturria: Mikel Ibargoien - Gaur8

Igeriketa sinkronizatua emakumezkoen kirol moduan ikusi izan du makina bat pertsonak urteetan zehar, baina Pau Ribesek zailtasunak zailtasun erakutsi du kirolak ez duela sexurik eta edozein pertsonak edozein kirol praktika dezakeela. Alegia, emakume askok eta askok beste kirol modalitate batzuetan egin behar izan duten bide berbera jarraitu du, oztopoak eta aurreiritziak gaindituz.

Pau Ribesen saiakerak, gainera, saria izan du. Kataluniarrak historia egin zuen Gemma Mengual bidelagun zuela igeriketa sinkronizatuko Munduko Txapelketan lehenbizikoz abian jarritako modalitate mistoan bosgarren lekua lortuta. Halaber, berriki Txinan egon da World Trophy txapelketan Berta Ferrerasekin bikotea osatuz eta brontzezko domina kolkoratuta egin zuten buelta.

Bidea ireki duzu igeriketa sinkronizatuan, izan ere, urteetan zehar jendeak emakumezkoen kirol moduan sailkatu izan du.

Hala da. Gainera, igeriketa sinkronizatuaren kasua bitxia da, hasieran gizonezkoak hasi zirelako kirol hau praktikatzen. Hala ere, gero joera hori aldatu egin zen eta gizartean bestelako ikuspegia egon da txertatuta.

Normalean horrelako egoerak emakumeekin gertatzen dira, zenbaitek artean arraro ikusten baitute emakumeek zenbait kirol praktikatzea. Zu, nahiz eta gizonezkoa izan, txanponaren alde horretan zaude.

Emakume askok bidea egin behar izan dute eta baita nik bezala igeriketa sinkronizatua hautatu dugun gizonok ere, edota gimnasia erritmikoan eta patinajean dihardutenek. Nik uste dut gustatzen zaigun hori egiteagatik borrokatu behar dugula eta sexuak ez duela oztopo izan behar horretarako. Gainera, argi utzi behar da kirolak ez duela sexurik.

Zure lanak eta borrokak fruituak eman dituzte eta udaran Kazanen jokatu zen Munduko Txapelketan izan zinen historian lehenbizikoz abian jarri zen modalitate mistoan Gemma Mengualekin batera.

Oso momentu polita eta berezia izan zen. Nire ibilbidean zehar arazo dezente izan ditut lehiatzeko, izan ere, adin batetik aurrera arautegiak ez zigun baimenik ematen mutilei lehiaketetan parte hartzeko. Ondorioz, lehiatzeari uko egin behar izan nion eta bat-batean, Munduko Txapelketarako lau hilabete eskas falta zirenean, estreinakoz modalitate mistoa egongo zela iragarri zuten eta aukera berri bat sortu zitzaidan; ezin nuen alferrik galdu.

Aukera hori primeran baliatu zenuen Mengualekin batera bosgarren postua erdietsita.

Izugarri pozik nago. Alde batetik, lortu genuen emaitza ona izan zelako, eta, bestetik, gertaera historikoa izan zelako. Aurrerapausoaren garrantzia agerikoa zen guztiontzat eta txapelketan zehar zegoen giroan ere nabaritzen zen hori.

Zer moduz moldatu zineten?

Primeran. Hasieratik ondo ulertu genuen elkar eta niretzat oso lagungarria izan zen Gemmaren maila eta esperientzia duen pertsona bat alboan izatea, ikaragarri lagundu zidan.

Zer sentitu zenuen igerilekura jauzi egiteko momentu iritsi zenean?

Munduko Txapelketa batean parte hartzea erantzukizun handia da eta tentsio puntu hori nabaritu nuen, baina Gemmarekin batera egoteak eta elkarri ematen genizkion animo mezuek barruan daramazun zama arintzen laguntzen dute.

Emaitzaz harago zer suposatu zuen zuretzat Munduko Txapelketa batean estreinakoz jokatzen zen modalitate mistoko parte hartzaileetako bat izateak?

Oso berezia izan zen bai niretzat, baina baita gainerako gizonezko igerilarientzat ere. Beste herrialdeetako parte hartzaileekin esperientzia eta sentimenduak partekatzea eta jarraitu dugun bidea elkarri kontatzea oso polita da. Lehenbizikoz gauza horiek guztiak mutil gehiagorekin partekatzeko aukera izan nuen; aurretik nire taldekide diren emakumeekin baino ezin nuen egin hori.

Une horretan igaro zinen argitara, urte mordoa itzalpean egin ostean. Nolakoa izan zen zure hastapena igeriketa sinkronizatuaren munduan?

Niri txiki-txikitatik gustatu izan zait uretan ibiltzea eta igeriketa sinkronizatuan hasi aurretik ere igeri egitera joaten nintzen. Oso ume mugitua nintzen eta kontzentratzea ikaragarri kostatzen zitzaidan. Liburu baten aurrean jartzea amesgaizto bat zen niretzat, eta, uretan, berriz, beste ume bat nintzen. 7 urte nituenean gurasoekin “Sueños de agua” izeneko igeriketa sinkronizatuko ikuskizun bat ikustera joan nintzen. Han neskak eta mutilak zeuden, mutilak waterpoloko jokalariak ziren eta igeriketa sinkronizatuko oinarrizko mugimenduak egiten zituzten. Asko erakarri ninduen ikusitakoak eta probatzeko arra sortu zitzaidan. Gurasoak ere jabetu ziren ikuskizunak liluratu egin ninduela, eta kirolaren gaineko informazio bila hasi ziren klaseetara joateko aukera izan nezan.

Esan daiteke beraz, ura eta igeriketa sinkronizatua ihesbide bat izan zirela zuretzat?

Bai, zalantzarik gabe. Uretan lasai sentitzen nintzen, etxean bezala. Paradoxa bat eginez, uretan arnasa har nezakeela esan daiteke. Poza nabari nuen eta asko gozatzen nuen egiten nuen horrekin. Igeriketa sinkronizatuan hasi nintzenean nire gurasoek esan zieten entrenatzaileei ikastolan kontzentrazio arazoak nituela eta kosta egiten zitzaidala azalpenak jarraitzea. Entrenamenduetan, ordea, adi-adi egoten nintzen eta ematen zizkidaten gomendio eta agindu guztiak jarraitzen nituen. Entrenatzaileak gurasoei horren berri ematean ezin zuten sinetsi. Ura zen nire mundua, eta hor zegoen gakoa.

Igeriketa sinkronizatuan hasitakoan mutil bakarra zinen edo bazegoen besterik?

Ez, ez, ni nintzen mutil bakarra. Nire gurasoekin izena ematera joan nintzenean irakaslea ere harritu egin zen mutil batek igeriketa sinkronizatua egin nahi zuela entzunda, ordura arte beste mutilik ez zen gerturatu eta. Nire gurasoek azaldu zioten ikuskizun bat ikusi eta asko gustatu zitzaidanez probatu egin nahi nuela, eta ez zuen inongo trabarik jarri. Entrenamenduetan eman nezakeen maila ona zela ikusitakoan Granollersko igeriketa klubera bidali ninduten nire garapena hobea izan zedin eta han ere ni nintzen mutil bakarra.

Arraro sentitzen zinen mutil bakarra izanda?

Inondik ere ez. Nire taldekideekin oso ondo moldatzen nintzen eta gustura nengoen. Halere, egia da momentu zailak igarotzea tokatu zaidala. Beti dago arraro begiratzen dizun jendea edo desberdina zarela esaten dizuna, baina zentzu horretan asko lagundu didate nire gurasoek, entrenatzaileek eta lagunek.

Zure ingurukoek, beraz, ondo ikusi zuten zuk zuek igeriketa sinkronizatua praktikatzea.

Bai. Nire lagunek futbola eta saskibaloia bezalako kirolak praktikatzen zituzten, baina ondo ikusten zuten ni neu igeriketa sinkronizatuan aritzea. Bazekiten hori zela niri gustatzen zitzaidana eta gustuko zuten zertxobait desberdina zen lagun bat izatea.

Hala ere, esan duzu begirada arraroak eta momentu zailak igaro zenituela. Zer izan da entzun behar izan duzun gauzarik gogorrena?

Ba horrelakoetan ohikoak diren komentarioak egiten zizkidaten: beti neskekin ibiltzen nintzela esaten zidaten, homosexual gisa sailkatzen ninduten komentarioak jasan behar izan nituen, begirada txarrak…

Zuretzat ez zen egoera samurra izango.

Komentario horiei ez zaie jaramonik egin behar. Niri belarri batetik sartu eta bestetik irteten zitzaizkidan. Lehen aipatu dudan moduan kirolak ez du sexurik eta hori argi eduki behar da. Bakoitzak gustatzen zaion hori egin behar du, eta horregatik borrokatzea funtsezkoa da. Gainerakoek esaten dizutenak ez du zure bidea eten behar.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko jo hona

ETIKETAK

Elkarbanatu!