Errugbia estereotipoak uxatzeko

Errugbiak estereotipoak uxatzeko balio die neskei

Neska nerabeari ez zaizkio bere aldakak gustatzen, ez dira filmetako emakume aktoreenak bezalakoak. Errugbian jokatzen hasi da eta konturatu da, hain zuzen, aldaka zabal horiei esker jokalari bikaina dela.

La Marea aldizkariak argitaratu duen erreportajean Espainiako Estatuko hainbat emakume errugbilariren bizipenak kontatzen dira. Sarri kirol oso maskulinotzat hartu denari esker emakumeak eredu sexistaren atzaparretatik askatu eta boteretzen direla diote elkarrizketatutakoek.

Iturria: Onintza Irureta - Argia

Zoeri, adibidez, ispiluan ikusten zituen bere aldakak ez zitzaizkion gustatzen, ez ziren edertasunaren kanonean sartzen. Errugbian jokatzen hasi zen ordea, eta izter eta pelbis sendoei esker baloia hartzerakoan nekez galtzen du oreka, plakajeetan zaila da bera lurrera botatzea. Orain, ispiluan begiratzen denean, bere aldakak ederragoak iruditzen zaizkio.

Patriciak Espainiako, Frantziako eta Zeelanda Berriko ligetan jokatu du. Neska errugbilariak nola ahalduntzen diren nabari du, beren buruengan konfiantza nola hartzen duten. Haren ustez, errugbiak ez du inor alboan uzten bere fisikoagatik. Garaia, txikia, argala, zabala izan, zelaian hartuko duen tokiaren arabera gorputz mota bat edo beste izango da egokiagoa.

Rosa psikologoa da eta alabak errugbian jokatzen zuela baliatuz bera ere taldean sartu zen. Rosak dio gorputza gorputzaren kontra ari diren kirol horretan alferrikakoak direla neskek hainbeste aldiz entzun dituzten mezu sozialak: “ez zaitez zikindu”, “kontuz ibili”. Errugbian emakumeak ez dituzte epaitzen espazioa betetzeko moduagatik, horrek eragin askatzailea du eta emakumeek konfiantza hartzen dute. Rosarentzat orain bere gorputza ez da modan dagoenera errenditu behar den objektua, bere garraiobidea da. Gorputzak eraman eta ekarri egiten zaitu, ezin duzu bere itxuragatik baztertu. Gorputza ez da erakusteko, inguruarekin komunikatzeko erreminta da.

ETIKETAK

Elkarbanatu!