Boteretzeaz nahi bat

Inder Bilgunekideak Klitto atari digitalerako egindako ekarpena.

Zurekin izan nahi dut une hau. Zurekin egon nahi dut, horrela nirekin ere egon ahal izateko. Nahieran eta nahi beste. Ez naiz heltzen zu nahi bezala entzutera, aditzera. Zarata gehiegi dago, burura sartu zait eta kendu ezin. Solstizioa ospatu nahiko nuke. Nahi dut, eta ez egin behar dut. Ez egin behar dudalako, desio dudalako. Solstizioa. Behintzat elkar konektatzeko, limurtzeko zeozer. Denbora edo eta akzioa. Buru hutsetik atera eta gorputzaren territoriora lurreratzeko ohitura bat. Oraingo tradizioen azpiko geruzetara joan eta erroak bilatu, berrasmatu. Amari esan diot ez dudala familia-bazkaririk nahi, berarekin batera masturbatzeko arratsalde bat nahi dudala “gabonetarako”.

Neguari entzun nahi diot. Hotzak hezurrak gogortu arte. Elurra mendietan geldi egoten den moduan, nire kobazuloa irudikatu, eraiki eta bertan sartu, sartu eta bertan egon. Izan eta egon. Iluntasunera joan. Jaio aurretik babesleku izan nuen iluntasunera une batez itzuli. Eta bertan argia izan, hil-argia, iluneko argia. Argi baten modura mugitu. Argiz bete, natura izan.

Natura… hitz hau ere kutsatua dago, begi bakarrez eraikia. Izpiritualtasunez hustua. Eta dena dago nire zeluletan itsasita. Nondik hasi deskolonizatzen. Koloniarik gabe lurrintzen. Usaindu nahi dut nire zelulen esentzia. Nire esentziaren muina. Lurrazpiko nukleora joan eta nire barrenera sua ekarri, izarren osteko iluntasunera joan eta bertako hautsa jaso. Geruza guztietatik igaro eta iragan.

Gorputz-makina, gorputz-objektuaren zaratak espazio gehiegi betetzen du hemen barruan. Eguneroko errituak behar ditut gorputz-sinbolikoari lekua egiteko. Emozioen urak sentitu gorputz-komunitarioa osatzeko. Hemen, gorputz hontan habitatu duten izate eta izaki guztiei harrera egiteko. Korronte batek gu, zu, ni zirkulatzen gaitu.

Zirkulua. Zikloa. Energia. Boterea.

 

“Izan garen guztia dago gure gorputzean, gure subjektibitatean; gutako bakoitzaren zerbait dago munduan eta besteengan ere. Buruestima, denboraren eta besteekiko konexioaren arteko sintesia da.” Marcela Lagarde

 

“Ni naiz jolasten duena eta jokoa bera.” Chantal Maillard

 

“XXI. mendean premiazkoa eta ezinbestekoa da gorputzen matxinada.” Beatriz Preciado

ETIKETAK

Elkarbanatu!