"Salbuespen gabe" kanpaina Alemanian

2013an oihartzun zabala izan zuen #SchauHin (begiratu, alemanez) arrazakeriaren kontrako kanpainaren sustatzaileetako bat izan zen Keshia Fredua-Mensah politologoa (Berlin, 1989). Orain, are ekintzaile gehiago bildu dira #ausnahmslos (salbuespen gabe) egitasmo berrian. Koloniako gertakariak baliatu nahi dituzte, emakumeek eta etorkinek jasandako gehiegikeriei erantzun bakarra emateko.

Iturrua: Danel Agirre - Berria

Amaitzear al da Alemanian Ongi-etorriaren kultura esan izan zaion errefuxiatuekiko adeitasuna?

Ez du zertan. Alemaniarra gizarte heldua da, eta aukera ona du modu bateratuan erantzuteko, benetan garrantzitsua dena ongi bereizita. Koloniakoa oso tragikoa izan zen. Oraindik ez dakigu gehiegi egileei buruz, baina direnak direla ez genuke erabili behar informazio hori inola ere komunitate osoen aurka egiteko.

Eskuin muturrekoek emakume alemaniarrak atzerritzarrengandik defendatuko dituztela diote.

Alemaniarra naiz. Ez naiz zuria. Ni defendatzeko gizonezko beltz batzuk topatu beharko nituzke, gizarteak horrela funtzionatuko balu. Baina guk ez dugu inork zaintzerik nahi, ezta poliziak ere, gizarte heldu batek bermatu behar du guztion segurtasuna.

Aste honetan entzuna: «Ez naiz arrazista, baina Islama misoginoa da».

Islamari buruz oso aditu gutxi daude Alemanian, eta haren aurka makina bat iritzi sendo. Hainbat kultura eta erlijio sexista daude, kristaua barne. Politikaren bitartez lortu dituzte aurrerapausoak berdintasunerantz bide gehien egin duten gizarteek, eta, horietan, bere eskubide guztien jabe egindako emakume musulman asko bizi dira.

Badira oihartzuna lortu duten feminista alemaniarrak ere, «arazoa Islama bera da» diotenak.

Alemanian musulmanik ez bagenu, etorkinik batere ez balego, artean ere sexismo arazo larri bat izango genuke. Komunitate bati sexismoaren erru guztia botatzeak erantzukizunik ez hartzeko nahia ezkutatzen du. Ez dut uste emakumeen defentsan benetan ari den inork estigmatizatuko lukeenik komunitate bat. Feminismoa eta arrazakeriaren aurkako borroka ezin dira bereizi. Feminismoak jazarria den ororekiko interesa exijitzen du.

Alemaniara iristen diren errefuxiatuek ba al dakite genero berdintasuna zer den eta gizarte honek zer espero duen haietaz?

Inola ere ez, baina ulertzekoa da. Testuinguru oso traumatiko batetik ihes egiten dute, eta jomuga duten herrialdeaz ia ezer ez dakite, ideia orokor idealizatu bat besterik ez. Genero arazoak baino lehen, beste mila buruko min izaten dituzte ailegatzerakoan. Gizarte osoari dagokigu haiek sorostea, eta, pixkanaka, hemen geratuko badira, eskubideak eta errespetatu beharrekoak zeintzuk diren erakustea. Onena lan horretan gizarte osoak ahots bateratuarekin bat egitea litzateke.

Koloniakoak gertatu, eta immigrazioa izan da mintzagai bakarra. Baina ez da aipatu, adibidez, sexu eraso horietako asko ez direla kartzelarekin zigortzen, Alemaniako legediaren arabera...

Horrexegatik bildu gara preseski hainbat ekintzaile, eztabaidaren erabilera gaiztoa sumatzen genuelako. Emakumeek indarkeria dela-eta Alemanian oraindik ere duten babesgabetasunaz ez da inon hitz egin. Komunikabide gehienen kezka bakarra izan da gaizkileen artean errefuxiaturik ba ote zegoen. Eta behin arreta hor ipinita, eskuin muturrekoari eta populistei plataforma ezin egokiagoa eskaini zaie gorrotoz betetako mezuak zabaltzeko. Horrek ez du esan nahi feministok Koloniakoa erlatibizatu nahi dugunik, kontrakoa baizik. Sekula ez dut entzun orain arte eskuin muturreko inor sexu erasoengatik kezkatuta. Guretzat eguneroko gaia da, baina modu serioan tratatzea eskatzen dugu.

Zer-nolako erantzuna izan du #ausnahmlos kanpainak?

Pare bat egunetan milaka sinadura bildu ditugu webgunean, bai eta eskerrak emanez mezu andana jaso ere. Baikorrak gara, gizartearen zati handi baten sentsibilitatea ordezkatzen ari garela iruditzen baitzaigu.

Zuen kanpainek baino hedapen zabalagoa dute politikari populisten mezuek. Donald Trumpek Koloniari buruz iritzia eman, eta bi ordu barru planeta osoak izan zuen hark esandakoen berri. Nazioartean beste mezu batzuk barreiatuko dituzten lider sendoen falta igartzen al duzu?

Bai, batez ere Europako egoera etsigarria da. Halere, populistak beste alderdi guztiak kutsatzen ari dira, eta horrek kezkatzen nau gehien. Eztabaida publikorako bitarteko sinplista berberak erabiltzen dira azkenaldian, bai Alemanian, bai Frantzian eta bai Espainian ere. Sinplismoari sinplismo gehiagorekin erantzutea dinamika arriskutsua da;gehien Kolonian ikusi dugu.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA