Lehen urratsa: EH

Hainbat herrialde zapaldutako emakumeen borrokak izan ditugu hizpide, baina, gu zer? Euskal Herrian bizi gara, nazio zapaldu batean, klase langilerian kokatzen gara, burgesiak zapaldutako klasean hain zuzen ere, eta emakume gara, genero zapalkuntza pairatzen dugu. Zapalkuntza hirukoitza jasaten dugu. Eta, egoera horren aurrean zer? Zer egin dugu? Zer egiten ari gara? Eta, etorkizunean zer egin genezake? 

Gure zilborretik begirada altxatzea ez dator batere gaizki, azken finean, asko dugu beste herri zapalduengandik ikasteko: borroka moldeak, antolakuntza ereduak, proiektu politikoak etab. Baina, gure burua ezagutzen ez badugu, ez goaz inora. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu Euskal Herrian Mugimendu Feministak izandako bilakaeraz hitz egitea.

Iturria: Nahia eta Garazi - Topatu.eus

Euskal Herrian garatu diren feminismoaren joera teorikoak nazioartean garatutakoen isla izan dira. Baina, 70. hamarkadan herri honek jasaten zuen egoera politikoak eta herri zapaldua izateak zuzenean eragin zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministaren hastapenetan.

Euskal Feminismoaren sorrera Ipar Euskal Herrian kokatzen dela esan daiteke, 1974. urtean, Ezker Abertzalean militatzen zuten emakumeen egoera aztertzeko asmoarekin. Ordura arte, erakunde mixtoetan militatu izan zuten emakumeek, espazio propiorik hartu gabe. Une horretan, ikusi zuten genero zapalkuntzari aurre egiteko elkartu beharra zutela. Garaiko emakumeek, nahiz eta Frantziako mugimendu feministan oinarritu, ideia hauek praktika politiko abertzalearekin uztartzeko beharra ikusi zuten. 1976an Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde (EEBAA) sortu zen, Euskal Herriko emakume langileek jasaten duten zapalkuntza identifikatzeko asmoarekin, eta zapalkuntza hirukoitzaren kontzeptua proposatu zuten: sexu, klase eta nazio zapalkuntza.

EEBAA, KASeko hainbat kidek eta inguruko feminista batzuk, KAS Emakumeak sortu zuten 1978an Hego Euskal Herrian, gauzatzen ari zen erreforma politikoari aurre egiteko asmoz. KASek zituen helburu estrategikoei (Euskadi independientea, sozialista, batua eta euskalduna) Euskal Herri ez-patriarkarra gehitu zioten. Horretarako, lau helburu zehaztu zituzten: sexuaren araberako lan-banaketa indargabetzea, nork bere gorputza kontrolatzea, sexu harremanen garapen librea eta berdintasunezko parte hartzea (kudeaketa politiko eta ekonomikoan). 

80. hamarkadan, Aizan! Erakundea sortu zuten, eta nahiz eta KASen barruan ez egon, borroka feminista gainontzeko borrokekin erlazionatzen zuen. Euskal emakumearen egoera azaltzeko, Marxismoan oinarritu ziren, Euskal Emakume Langilearen kontzeptua sortuz zapalkuntza hirukoitzean sakondu ahal izateko.

1984ean, Euskadiko Emakumeen Bigarren Topaketa hegoaldeko emakume asanbladekin batera antolatu zen. Bertan, Aizan!-ek azpimarratu zuen emakumeen eskubideen aldeko borroka nazio eta klase borrokarekin uztartzearen garrantzia. Ikusi zuen emakumeen askapen borroka ez zela bigarren plano batean geratu behar, eta planteatu zuen euskal emakume langilearen askapena aurrera eramateko ezinbestekoa zela nazio eta klase eskubideak lortzea.

 

Jarraitu irakurtzen

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA