Eskola feminista Iruñean

Pasa den larunbatean, eskola feministaren lehen saioa burutu genuen Iruñean. Feminista asko batu ginen, eta teoria eta praktikaren uztarketarekin, ideia eta emozio ugarirekin itzuli ginen etxera! Mila esker bertaratu zineten guztioi! Izugarria izan zen! Hurrengo geltokia, Bilbo!!!

 

Jarraian, Berria egunkarian, Iker Tubia kazetariak mahainguruaz egindako kronika, eta Ahotsa.info atari digitalekoek egindako bideoa.

Zigor bikoitza: kartzela eta patriarkatua

Euskal Herriko gatazka 'betaurreko moreekin' aztertu dute eskola feministetan. Emakumeek espetxeetan betetzen duten zigor bikoitzaz aritu dira, besteak beste

Iker Tubia -  Berria

Emakumeentzat sortu ziren espetxeak XV. mendean, Gaztelako erresuman. Moja baten ideia izan omen zen, emakumeen «delitu moralak» zigortzeko. Gerora, zabaldu egin ziren, eta, gaur egun, gizonen neurrira eginak daude. Zigorra, beraz, bikoitza da emakume presoen kasuan. Miren Zabaletak eman du kartzelen sorreraren datua. Izan ere, euskal gatazkaz aritu ziren atzo Iruñeko Katakrak gunean, Emagin elkarteak antolatutako eskola feministetan. Arratsaldeko mahai inguruan kartzelaz solasean aritu ziren. «Zapaldutako guziak zigortzeko erabiltzen dituzte. Gogorrak dira preso guzientzat, baina bereziki emakumeentzat», esan zuen Zabaletak.

Bere esperientzia propioa kontatu zuen, kartzelan egondako euskal militante gisa, haren esperientzia indibiduala irakaspen kolektiboa izan zitekeelakoan. Harekin batera izan ziren Iker Moreno, ezker abertzaleko militantea, eta espetxean egondakoa; baita Oihana Etxebarrieta kazetaria ere. Kartzelako harreman afektibo-sexualen inguruko tesina egin zuen, eta bere bikotea kartzelan egon zen.

Zabaletaren hitzaldiak egoera gordina jarri zuen mahai gainean. Emakumeek, askatasun galera ez ezik, etengabeko epaiketa morala jasan behar dute kartzelan sartzen dituztenean. Adibide bat aipatu zuen: «Ama baldin bazara, epaiketa morala egiten dizute: Nola da posible, zu ama izanik, horrelako nahaspilatan ibiltzea?». Zigor bikoitza, euskal presoa izateagatik, eta beste bat, emakume izate hutsagatik. Kasurik okerrena, esan zuenez, horretaz gainera gaixo dagoenaren egoera litzateke.

Sei urtez egon zen espetxean, eta haietako bost Valladoliden (Espainia). Han, zazpi modulu daude gizonentzat, eta «zulo» bat emakumeentzat. Masifikaturik daudela salatu zuen, patio txikian soilik hiru hilabetez ematen duela eguzkiak, eta gela bakarra dutela dena egiteko: otorduak, tailerrak, kirola... «Ez ziguten uzten modulutik ateratzen, oilarrak asaldatuko zirelakoan». Gizonen balizko erantzuna ere, haien lepo uzten zuten. Emakumeen gorputzak erabili egiten dituztela salatu zuen, beraz.

Jazarpen moralari dagokionez, adibideak eman zituen. Adibidez, emakume bat zigortu egin zuten korridorean gizon bati musu emategatik. Gizona ez. Zigorra, gainera, gizon bati matxinada batengatik ezartzen zaiona baino handiagoa izan zen. Beste adibide bat: gizon transexual bat zegoen harekin moduluan. Oraindik tratamendua egiten ari zen, eta silikonazko zakila erabiltzen zuen. Kendu egin zioten.

Hori horrela izatearen arrazoia eman zuen Zabaletak: «Sistema patriarkalak berdintasunaren jantzia jartzen du, baina espetxeek ez dute eboluzionatu. Horregatik dira sistemaren ispilurik gardenena». Hala, haren ustez, arazoa ez da indibiduala, kolektiboa baizik. Presoak berehala etxeratzea ezinbestekotzat jo zuen, eta balizko estatu feminista batek espetxeak apurtzeko beharra azpimarratu.

Espetxeak ez ditu, baina, barnean diren emakumeak bakarrik zigortzen. Baita kanpokoak ere; barnean bikotekidea dutenak, adibidez. Etxebarrietak lehenengo pertsonan hitz egin zuen horri buruz. Bikotea preso izateak lan zama handia dakarkiela azaldu zuen. «Lan hori hartzen dugu, hasieran nahi dugulako edo nahi dugula uste dugulako, baina gero konturatzen zara ez dizutela beste aukerarik ematen», esan zuen. «Momentu horretan uste dugu maitasuna adierazteko modu bakarra dela».

Alde txar batzuk aipatu zituen: presoaren ingurua norberarena bihurtzea, edo zuzeneko lehen bisitetan ezeroso egotea, inguruak espero duena emateko gogorik ez izateagatik, esaterako. Baina, hala ere, gauza onak ere aipatu zituen: «Beharrizan propioak ez dituzunez aserik, beste toki batzuetan bilatzen duzu», esan zuen. «Ahalduntze prozesu bat da».

Militantzia maskulinoa

Emakumeez ez ezik, gizonez ere hitz egin zuten atzo. Morenok jarri zituen hitzak. Izan ere, «kartzela urdinetan izaera arrosa» agertzeko zailtasunak aipatu zituen. Ez bakarrik funtzionarioengatik, baita kideengatik ere. Epaiketa morala berriz ere. «Niretzat, iraultza bat izan da alderdi erabat urdin batean nire arrosatasuna bizitzea. Kiroldegian, dantzarako zapatilak janztea». Espetxetik kanpo, ezker abertzaleko militantzia eredua maskulinoa dela nabarmendu zuen, eta gauza bat gogorarazi: gizontasun ereduari buruzko hausnarketa egiteko dagoela.

Egun osoko hausnarketaren ondoren, jarduerak ez dira bukatu. Otsailaren 27an, berriz egingo dituzte eskolak. Bigarren itzulia Bilbon izanen da. Egitarau bera izanen da, baina mahai inguruko partaideak ez dituzte zehaztu.

ETIKETAK

Elkarbanatu!