Larrun: Indarkeria matxista

Aurtengo udako jaietan zalaparta izan da han eta hemen. Emakumeek eraso sexistak salatu dituzte, inoiz baino gehiago. Ondorioz, mota bateko edo besteko erantzunak antolatu dituzte indarkeria matxistaren aurka ari diren taldeek. Ekintza batzuek deseroso sentiarazi ditu batzuk, beste batzuk haserretu egin dira emakume feministek erasoei irmo erantzun dietelako. Pankartaren atzean gizartea eta erakunde publikoak elkartzea lortu dela uste dute mahaikideak, eta ontzat hartzen dute. Ordea, indarkeria mota larrienetan ateratzen gara kalera, batik bat emakumeren bat hiltzen dutenean. Harago jotzeko garaia dela uste du mugimendu feministak, politikoki zuzena den horretatik ardurak hartzeko garaia dela eta eraso arintzat hartuak direnak ere irmotasun betez salatzeko ordua dela. Iruñeko gaueko manifestazioaren ereduak garrantzi berezia izan du mahai-inguru honetan eta mugimendu feministaren gogoeta sendoen berri jakiteko aukera ederra izan da.

Iturria: Onintza Irureta Azkune - Argia

Uda beroa izan da. Sexu erasoak eta eraso sexistak izan dira hainbat herritako jaietan. Erasoek erantzunak jaso dituzte, eta era berean erantzun horien aurka ere erreakzioak izan dira. Mesedez, egingo uda honen balorazioa?

Maitena Monroy. Udan kanpoan izan naiz eta gertu-gertutik ez dut jarraitu. Ñabardurekin bada ere, badago azpimarratu beharreko gauza bat, ondorioa positiboa da: lehen salatzera ausartzen ez ziren bortizkeria salatzen hasi dira emakumeak. Lehen esango zuten: “Halako gertatu zait, baina beste inork ez du jakingo”. Errua eta lotsa barneratuta zeuden. Aldaketa dago, ohiko tratu txarretan eta indarkeria sexualean salaketa kopuruak gora egin du, gehiago ausartzen gara.

Salaketek hautatzearen kontrako eta eskubideen kontrako taldeen erantzuna dakarte. Jada ez da neomatxistez edo matxistez hitz egin behar, matxista izateaz gain hautatzearen kontrakoak eta eskubideen kontrakoak dira. Emakumeen aurkako bortizkeria giza eskubideak haustea da. Talde horiek diote emakumeak biktimizatu egiten direla eta salaketa faltsuak jartzen ari direla. Aurreiritzi horren kontra lan egin behar dugu.

Beste gauza baikorra, Bilbon behintzat (hori ezagutzen baitut ondoen), indarkeria sexistaren aurkako erantzun maila da, giza eskubideen alde gauden populazioa kontuan hartuta gutxiengoa bada ere. Udan, maiatzetik urrira bitarte, jaiaren barne hartzen da emakumeak behartzea. Oraindik gizon matxista askoren imaginarioan ez da puskatu. Oro har emakumeen eta emakume gazteen erantzuna garrantzitsua izaten ari da, asaldatu dira.
Ikusi behar duguna da ea ematen ari garen erantzunak nahikoa diren, nik uste dut ezetz. Egia da, erailketetan baino ez gara ateratzen kalera, eta zehazki indarkeria sexual edo sexistaren aurka.

Maria Viadero. Erantzunen eta suminduraren uda izan da. Talde askok balorazio baikorra egin dute. Jai giroan gertatu diren eraso sexistak salatzera sarri atera da kalera. Ohikoena bestelako erasoak salatzea da, feminizidioak edo erailketak adibidez, gizarteak gogorragotzat dituenak. Aurten, jai giroari, eremu publikoari, lotutako indarkeria salatzea desberdina izan da. Indarkeriaren konplexutasuna zabaltzen lagundu du.

Jendearen erantzunei esker, jaietan eta hedabideetan protagonismo askoz handiagoa lortu du gaiak. Indarkeria mota desberdinen abanikoa zabaltzea lortu da, nola batzuk besteekin lotuta dauden ikustea lortu da. Jai giroko eraso sexistak justifikatzeak indarkeria onartzen duen imaginarioarekin dauka zerikusia, sotila iruditzen zaio lerde dariola ibiltzea edo txosnetan eskua sartzea. Eztabaida soziala sortu da, erantzun probokatzaileei esker.

Konpartsetako jendea entzun nuen esaten: “Aurten eraso sexista gehiago izan dira”. Ez, emakume asko joan ohi da etxera bere buruari esanez, “kabroi batzuek, matxista ustel batzuek, eskua sartu didate”. Salaketa askoz publikoagoa egin da eta konpartsek eta jaietako taldeek erasoak salatzeko ardura beregan hartu dute, bai jaien antolaketan dauden talde feministek, baita bestelako taldeek ere. Erasoen aurkako protokoloak barneratzen ari dira, eta abar. Eremu publikoan gertatzen diren indarkeria sexista mota askoren gainean sakontzen ari gara, horietako batzuk sotiltzat hartuak, eta ez dute ezer sotiletik. Askoz muturrekoago indarkeria motak justifikatzeko baliatzen dira.

Idoia Arraiza. Mariak esandakoarekin ados nago. Gaia ikusarazi da salaketa sozial eta publikoen bidez eta elkarretaratzeek oihartzun mediatikoa izan dute. Garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea mugimendu feministaren borrokari esker lortu dela. Dena dela, aldaketa kuantitatibo eta kualitatiboa egon da, jai batzordeek edo jaien antolatzaileek protokoloak onartu dituzte, horren ondorioz elkarretaratzeak egin dira, eta abar. Gero ikusiko dugu protokoloarekin eta elkarretaratzearekin nahikoa dugun edo zer gehiago egin behar den erasoak gelditzeko.

Indarkeria motetan sakontzeaz ados nago Mariarekin. Izebergaren irudiarekin azaltzen dut nik. Eraso sexista zer den eta zer ez den, marra gero eta beherago dago. Orain arte tratu txarrak bikotean, erailketak eta gauean ezezagun batek egindako bortxaketa aipatzen ziren, eta orain jarrera sotilagoak edo halatzat hartzen direnak ere zerrendan sartzen ari dira. Horiek ere larriak dira eta berdin-berdin salatu behar dira.

Hala ere, esan behar da indarkeria asko pairatzen segitzen dugula, eta eraso gehiegi, udan ere bai. Jaietan denak balio duenaren sinesmena presente dago oraindik. Hausnartu beharko dugu zer egin jai ereduarekin, alkoholaren kontsumoarekin, zeina aitzakia gisa erabiltzen den erasoetan.

Gizartea jabetu dela esan al dezakegu? Ondo erantzuten ari al da?

M. M. Zalantzak ditut. Ez daukagu datu soziologiko asko, baina aipatu ditzakegu azaroaren 25aren harira Eusko Jaurlaritzak ateratako datuak. 10etik 4k pentsatzen du emakumeek salaketa faltsuak jartzen dituztela. Adierazle oso arriskutsua da, erakusten du nola ez garen ari lortzen imaginario kolektiboaren aurreiritziak puskatzen. Nahiz eta datuek dioten populazioaren gehiengoa ikaratu egiten dela indarkeria egoeren aurrean. Baina, espainiarren %33k bikote harremanetan kontrolatzea ez du indarkeriatzat hartzen.

Hor eragin behar dugu, zeren indarkeria egoera zehatzen gainean jarduten badugu, laguntza-lana baino ez dugu egingo, zehatzagoa, eta babestera zuzendua. Indarkeriarik ez egotea nahi dugu eta horretarako aurreiritziak puskatu behar dira.

Eusko Jaurlaritzaren inkestan datu positiboak ere bazeuden.

M. M. Egia da gaur egun ez dela lehen bezala legitimatzen, baina orain justifikatu egiten da. Emakumeak biktimatzat hartzen dira; histerikoak direla, gauzak bere onetik ateratzen dituztela, “ez da hainbesterako”, “ez dago horrela jarri beharrik”, ez dira aintzat hartzen, “jolasak dira”… Jolasena eskolan gertatzen da, neskaren aurkako indarkeria dagoenean inguru sozialak esango du jolasak direla. Zenbait indarkeria maila asko onartzen da. Hil ez, hori oso zatarra da, egia da, gizarteak esan du, “honaino iritsi gara”. Hil ez, baina kontrolatu…

M. V. Datu baikortzat dut, eta poza hartu nuen, inkesta berean populazioaren %90ak indarkeriarekiko mespretxu orokorra erakusten du eta oso interesgarria iruditu zitzaidan indarkeria horren zergatitzat gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak aipatu izana. Jauzi kualitatibo oso interesgarria iruditu zitzaidan, esan bai bortizkeria gaizki dagoela, baina beti ez baitugu lotzen desberdintasunarekin. Aurrerapenetan pentsatu nahi dut, zeren bestela etxean geratuko nintzateke negarrez, eta ez nuke borrokan segituko.

M. M. Ez geratu etxean, tabernara joango gara! [barrez ari dira hirurak].

M. V. Baina egia da inkesta berean agertzen zela tratu txar psikologikoa ez dela hain larria, eta salaketa faltsuen ustearen datua ere hor dago. Berdintasuna lortu dugunaren irudikeriak asko kezkatzen nau. Unibertsitatera goazenean gazteek diote salbuespenezko egoerak direla gaur egungoak eta ez dela salaketarik behar. Burbuila artifizialean bizi gara, eta gero ez dugu ulertzen zergatik gertatzen den indarkeria. Justizia Sailak esaten du salaketa faltsuen mitoa sortzen ari dela, eta min handia egiten ari dela. Horrelako aurreiritziek, emandako pauso gutxi horiei min ikaragarria egiten diete.

 

Jarraitu irakurtzen

ETIKETAK

Elkarbanatu!