Emaraun: Elkarrizketa Kurdistan

Estatu Islamikoaren eskuetan bortxaz bahiturik diren Yezidiar emakumeen alde borrokatzen duen plataformaren lan-ildoak adosteko, Emakume Kurduen Mugimenduko kide batzuk, emakume ikerlarien talde bat eta Turkiako emakume antolakundeetako hainbat militante Ipar Kurdistango hiriburuan bildu ziren urriaren 5ean.

Ekimen honen inguruan gehiago jakiteko Emakume Kurduen Mugimenduko kide bat elkarrizketatu nahi izan dugu.

Nola sortzen da Indarrez Bahitutako Emakumeen Alde Borrokatzeko Plataforma?

2014ko abuztuaren 3an Dash-en edo Estatu Islamikoaren eskutik Shingalen (Hego Kurdistanen, Iraken) eman zen Yezidien aurkako sarraskiaren larritasunaren kontzientziazio lana bultzatu eta Daesh-en okupazioari aurre egiteko emakumeen antolakundeen sareei borrokarako dei egiteko ekimenez sortu zen plataforma.

Borrokarako ildoak adosteko, gainera, Yezidien kanpamenduetara joan berri gara Shingal eta Zakhora. Hala, elkarrekin, aldarrikapen, behar eta metodoak adostu ditugu, ondoren borroka hauek mundura zabaldu asmoz.

Zein da egun Yezidien komunitateak bizi duen egoera Daesh-en okupazioaren ostean?

Benetan larria da eta nazioartean uste dena baino haratago doa bereziki Yezidien aurkako genozidioa. Tortura sexualen praktika sistematikoen aurrean gaude; bahiketak, esklabutza eta odaliska (Inperio Otomanoan palazioetako emakume esklabua) izatera kondenatuak gara. Daesh-en egitasmo sozial eta politikoak, emakumeon gorputzak, haien jabetzako gerra territorio patriarkal bezala ulertzen ditu.

Egia da, bestalde, Daesh-en okupazioak Musulmandar Sunni ez diren beste komunitate guztiak ere erasotu dituela, eta aldi guztietan, bahiketa sistematikoa eta forma anitzeko indarkeria sexuala baliatu dutela.

Daesh-en okupazioaren ondorioz, 400.000 Yezidi erbesteratuak izan dira Shingaletik, eta egun, oraindik, 4000-7000 emakume eta haur Daesh-en eskuetan bortizki bahiturik aurkitzen dira, nork jakin zein egoeretan.

Bahituak diren emakume eta neskak behin eta berriz salduak dira esklabutza eta odalisken merkatuetan, eta gatibu dira zonalde geografiko zabal batean: Irak, Siria, Qatar, Arabia Saudi eta Arabiar Emirerri Batuak.

Badirudi, hauetatik 1500 Yazidiar emakumek egoera hauetatik ihes egitea lortu dutela, eta hauetako batzuek haien senideak dauden errefuxiatuen kanpamenduetara iristea lortu dute.

Zein da errefuxiatuen kanpamenduetako egoera?

Errefuxiatuen kanpamenduetan den lagun orok elikadura, atseden, babes eta segurtasun arazo larriak ditu. Gogorra da benetan irudia. Psikologikoki eta fisikoki birrinduta daude.

Eta are larriagoa da Dash-en eskuetatik ihes egitea lortu duten emakumeen osasun egoera orokorra; izan ere, pasatakoa pasa ondoren eta kanpamenduekin jo ondoren, euren senide eta komunitatearen aldetik bazterkeria eta mespretxua bizitzen ari baitira.

Zeintzuk izanen dira zuen plataformaren lan ildoak?

Gure eragin-eremuen zerrenda oso luzea da. Batetik, Nazioartean egoeraren zabalpena egitea da gure nahia, eta horretarako, ekintza Diplomatiko eta legalak aurrera eramango ditugu, Daesh-en eskuetan Yazidien aurka eginiko sarraskia “genocidio” bezala aitortua izan dadin Nazio Batuen Konbentzioaren baitan.

Honi loturik, lekukotasunak eta frogak biltzeko lana aurrera eraman nahi dugu, dagokienak (estatu, antolakunde eta erantzuleak) Nazioarteko Gorte Kriminalaren aurrean epaituak izan daitezen.

Bigarrenik, eta plano sozialago batean, Yezidiar emakumeak bahituak izan diren herrialdeetan, emakumeen antolakundeekin elkarlanean, ekintza batzuk (eskaerak, eserialdiak, manifestazioak, bideoak eta eskutitz kanpainak) adostu eta aurrera eramango ditugu presioa egin eta jendarteak arreta mantendu dezan. Ildo honetan ere paper garrantzitsua jokatzen dute komunikabideek ere.

Hirugarrenik, eta plano zabalago batean, nazioartean ezagunak diren emakume aditu akademiko, jurista, artista, kazetari eta abarrak mobilizatuko dituen kanpainaren bat ere abian jarri nahi dugu.

Azkenik, eta elkartasunari bide emanaz, lekuko autoritateekin, iritzi sortzaile eta emakumeen antolakundeekin lan egin nahi dugu, ihes egiten duten emakumeen bergizarteratzea eta onarpena erraz dadin eta euren familia eta komunitatera itzuli ahal izan daitezen. Honi loturik, guk ere, Amed-en (Ipar Kurdistango hiriburuan) Errehabilitazio eta Ahalduntze Zentro bat irekiko dugu Daesh-en indarkeriaren biktima zuzen izan diren emakume hauei laguntza emateko.

Besterik aipatu nahi al duzue?

Elkartasunerako deia lau haizeetara zabaldu nahi dugu eta eta emakumeen elkarte eta antolakundeei dei egin nahi dizuegu Daesh-en indarkeria sexista salatzeko kanpainetara bat zaitezten,hauek emakume guztion aurkako erasotzaileak direlako eta zentzu horretan mundu osoko emakumeok elkarrekin lan egin behar dugulako egoera larri honi aurre hartzeko.

Milesker.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA