Baztango Bilgune Feminista sortu da!

Baztanen, Bilgune Feministako taldea osatu dute eskualdeko zenbait emakumek, eta pasa den astean aurkeztu zuten taldea prentsaurrean. Ongi etorri neskak!

Urtarrilaren 13an, 19:00tan Arizkunenean bilera irekia deitu dute, eta Baztango emakumeei bertara hurbiltzeko deia luzatu diete, informazioa jaso eta galderak egiteko.  Animatu!

Jarrarian, prentsaurrean irakurri zuten testua topatuko duzue.

Baztanen urteak daramatzagu emakumeon eskubideen defentsan, emakumeon aurkako erasoak salatzen eta emakumeak ahalduntzeko talde desberdinetan lan egiten. Urteetan, Baztango hainbat talde eta norbanakoak, Martxoak 8 eta abenduaren 25eko jardunaldiak antolatu ditugu, bertzeak bertze, emakumeok pairatzen dugun zapalkuntza, egiturazko zapalkuntza dela ikusaraziz, eta ez kasu isolatuak, sinestarazi nahi diguten bezala. Bertze kasu batzuetan, emakumeon arteko harremanak sendotu eta emakumeon arteko elkarlana bulkatu dugu. Baztango plazetan Mutildantzekin eman diren bazterketak zein erasoak ere salatu ditugu, baita emakumeok bestetan, nahi dugunarekin eta nahi dugun bezala, eremu publikoan parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatu ere. Aurten berriz, Emakumeen Mundu Martxako (EMM) hainbat jarduera antolatu ditugu gure arteko sareak sendotuz, emakumeon borrokari gogotsu ekiteko. Martxoak 8, Azaroak 25, Eguzki Lore, Plazara Dantzara, Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Ekimena, EMM,…, borroka eta lan hauek guztiak beren fruitua eman dute, eta horrexek berak eraman gaitu emakumeak antolatu eta agerraldi hau egitera.

 

Zoritxarrez Baztanen ere emakumeon zapalkuntza eguneroko ogia da. Sistema kapitalista patriarkalak, gurean ere, arras errotuta ditu bere oinarriak. Eraso sexista ugari izan ditugu azken urteetan, jakinda ere eraso gehienak salatu gabe gelditzen direla. Aunitzetan, gizonezkoek baino guttiago kobratzen dugu lan bera egiteagatik. Eskualde osoko lantegi industrial handietan oraindik ez dira emakumeak kontratatzen. Hauek dira lan mundu “arautuan” gertatzen direnen bidegabekeria batzuk. Bertze aldetik, historikoki emakumeok aitzinerat eramaten ditugun zaintza lanetan eramaten den esplotazioa eta aitortza eza dago. Baserrietan eta lehenengo sektorean orokorrean ematen diren kondizioak ere lotsamangarriak dira, esplotazio gehienak gizonen izenean egonik, diru laguntzetara zein kotizazioetarako emakumeok aukerarik izan gabe. Adibideak pilaka daude eta jasanezina den egoera batera eraman gaitu sistema honek.

 

Honi denari aitzin egiteko, eta duintasunez eta eskubide guztien jabe garen herritarrak bezala bizi nahi dugulakoz, antolatu gara. Euskal Herriko Bilgune Feministak (EHBF) urteak daramatza nazio mailan emakume, abertzale eta feministen ahotsa izaten. Helburuen artean, Euskal Herriaren burujabetza feministaren bidean estrategia feministan aurrerapausoak ematea da. Baita Euskal Herrian aldaketa sozial eta politikorako abiatuta dauden prozesu kolektiboetan parte hartzea ere. Baztanen ere bat egiten dugu EHBFk dituen helburuekin eta Euskal Herriko bertze herrietako bilguneekin euskal emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza hirukoitzari aurre egiteko elkarlanean arituko gara.

 

 

Helburu horiez gain, indarkeria sexistaren aitzinean emakumeok indartu eta autodefentsa feminista lantzea izanen dugu erronka nagusia. Baztanen dagoen indarkeria egoeren azterketa sakona eginen dugu, agerian zein altxapean dauden indarkeriak identifikatu eta salatuko ditugu. Emakumeok pairatzen dugun prekarietatea eta lan eskubideen urraketak ere, lehentasuna izanen dute bertze gaien artean. Hau dena aitzin eramateko ezinbertzekoa da emakumeok elkartzea eta antolatzea. Horregatik dei egiten diegu Baztango emakume abertzale eta feminista guztiei gurekin batera Baztango Bilgune Feminista martxan paratzeko. Hemendik dei egiten dizuegu urtarrilaren 13an arratsaldeko 7etan Arizkunenea kultur etxean eginen dugun bileran parte hartzera. Konpromisorik gabe hurbil zaitezkete informazioa jaso eta galderak egitera.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA