"Segurtasunaren" izenean

Saioa Iraola Urkiolaren artikulua Gaur8n.

Mugetako kontrolak indartzea; segurtasun neurri zorrotzak ezartzea garraio zein leku publikoetan; segurtasun gastuak igotzea; Lille, Paris, Herbehereak, Belgika eta Frantzia lotzen dituzten Thalys abiadura handiko trenetan segurtasun arkuak jartzea; alerta antiterrorista zabaltzea... Horiexek Europako hainbat herrialdek, eta, batez ere, azken hilabetean, Bataclaneko erasoen ondoren, Frantziak, Europar Batasunaren babespean hartutako neurrietako batzuk. Polizia gehiago kale bazterretan, eta, hori gutxi balitz, bonba gehiago Sirian. “Segurtasunaren” izenean, segurtasun eza, izua hezurmamituz.

Jada ez da bake hitzik entzuten diskurtso politiko hegemonikoetan. Bakea, segurtasunagatik ordezkatu dute agintari politikoek. Bakea ez da soilik zuzeneko indarkeriarik edo gerrarik gabeko egoera. Aldiz, giza eskubideekin, garapenarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin lotutako epe ertain eta luzeko prozesu konplexu gisa ulertzen dut. Egun, oraindik existitzen ez den egitate modura, alegia. Gogora ekarri nahi dut Jule Goikoetxeak berriki idatzitako artikuluan adierazitakoa: bakea ez da existitzen, feminismoa bai.

Honenbestez, “segurtasuna” ere birdefinitu behar dugu. Segurtasunaren kontzeptu klasikoa, “segurtasun nazional” deritzona, Estatuan zentratzen da. Herritarrak kontuan hartu gabe eta kanpoko erasoen aurrean defentsa militarrean oinarrituz. Baina segurtasunaren paradigma horrek, ongi ikusten ari garen moduan, ez ditu ez giza eskubideak bermatzen ez eta errespetatzen ere. Hortaz, edo birdefinitzen dugu edo ez digu balio. Segurtasunaz mintzo dira, hala nola, Hollande, Obama edo baita Raxoi bera ere, aste honetan etxeetara iritsi zaigun hauteskunde aurreko eskutitzean kasu.

Baina ez gaitezen segurtasunaren promesa zahar-berriarekin trabatu eta erori. Pertsona guztiok geure oinarrizko beharrak asetzeko ahalmena adierazten duen giza segurtasunaren alde egitea proposatzen dut. Batez ere, zaurgarritasun handiko egoeretan, gerran nahiz baztertuta, bizi diren pertsonen ongizatea bermatuz. Bakea nahi dugunok, gerrarako presta ez gaitezen. •

ETIKETAK

Elkarbanatu!