Ez dugu herri normal bat nahi

Pareko egoerarik ez du izan Kataluniako prozesu subiranistak inoiz. Gehiengo independentista gailendu zen iraileko hauteskundeetan, Ezker Independentistaren (EI) adar instituzionala den CUPen (Candidatura d’Unitat Popular) eta Junts pel sí koalizioaren emaitzen ondorioz. Ildo independentistan kontzentratu da prozesuaren buru bilakatu den Jxsíren programa politikoa, oinarrizko beste hainbat aldarrikapen prozesutik kanpo utziz. Testuinguru honetan, prozesu iraultzaile eta feminista erreal baterako programa aurkeztu duen talde bakarra da CUP. ‘Ho volem tot’ (dena nahi dugu) lemapean, argi dute ez dutela independentzia edozein preziotan nahi.

Irati Salsamendi Lozano - Emaraun

Prozesuan “inflexio puntu” kontsideratu diren gertaera ugari jazo dira azken sei urteotan Katalunian: manifestazioak, adierazpen instituzionalak, ANCk (Assemblea Nacional Catalana) deitutako mobilizazioak, Espainiako Estatuaren erantzunak, etab. Hasiera batean Madrilen neurri zentralizatzaile eta espainolistak, eta “itolarri ekonomikoak” eragindako eztabaida zirkunstantziala kontsidera zitekeena, talde politiko eta komunikabideen diskurtsoetan modu iraunkorrean finkatu da.

Egungo testuingurua ulertzeko ezinbestekoa da gizarte zibila deiturikoak izan duen paperean enfasia jartzea. Gizarte zibila kaleko ahotsaren bozeramaile diren erakunde multzotzat har daiteke. Eragile hauek bi ahoko armak izan dira prozesuko buru diren politikoentzat. Alde batetik, hauen kuxin bihurtu dira ANC eta gainerako erakundeak, independentzia ezinbesteko baldintza gisa markatuz, ‘Madril arazo guztien erro’ diskurtsoa zabaldu eta oinarrizko beste hainbat aldarrikapen prozesutik kanpo utzi dituzte. Era berean, independentista deklaratu diren talde politikoek prozesuan atzera egin ez dezaten beharrezkoa den presioa egiteko gaitasuna lortu dute.

 

Testuinguru honetan, beharrezkoa da CUPek duen paperari erreparatzea. EIren adar instituzionala Kataluniako Parlamentuan sartzean (2012ko azaroa), prozesua abian zen jada, baina, ez zuen egun duen indarra. CUPek orain arte izan duen papera herri mugimenduen aldarrikapenak agertoki instituzionalera eramatea izan da. Antikapitalismoa, feminismoa eta sozialismoa ardatz izanik, erroko planteamendu politikoak instituzioetara eraman eta haustura erreal eta iraultzaile baten aldeko apustua egin duen alderdi bakarra izan dela esan daiteke. Azken hauteskundeetako emaitzen ondoren, paper erabakigarria egokitu zaio CUPi.

 

Tres voltes rebel

EIren baitan, duela gutxi arte feminismoa ez zen borroka ardatz estrategiko bat. ARRAN gazte erakundeko Natalia Càmara Camachok dioen moduan, ‘ardatz antikapitalista argi daukagu, baina ez gara gai izan gure aldarrikapenak eta proposamenak oinarritik feministak izan zitezen.’ EIren erakunde guztietan identifikatu dute Maria Mercè Marçal poetak idatzitako aldarriaren garrantzia, zapalkuntza hirukoitza estrategikoki (generoa, klasea eta nazioa) lantzeko beharra, alegia.

 

---------------------------------------------

A l’atzar agraeixo tres dons:

haver nascut dona,

de classe baixa

i nació oprimida.

I el tèrbol atzur de ser tres voltes rebel.

 

-----------------------------------------------

Menturari hiru dohain zor dizkiot: emakume sortu izana,

klase sozial apalekoa,

eta herrialde eta kultura zapaldukoa;

Eta hiru bider errebelde izateko aukera uher eta urdina.

 

Zentzu honetan, Endavant antolakundeko Clara Ponsek mugimenduko erakundeetako emakumeek izan duten garrantzia goraipatzen du: ‘oso erakunde maskulinizatuak ditugu, baina gure artean ditugun emakume ausartei esker, feminismoa hitzetatik harago eramateko bidean gaude orain. Haiek izan dira mahai gainean kolpea emanez feminismoa ardatz nazionala edo soziala bezain ezinbestekoa bilakatzea lortu dutenak.’

 

Prozesuaren buru diren talde politikoei kritika egiten diete, independentziaren izenean oinarrizko baldintzak alboratuta utzi dituztelako. EIren kanpaina garrantzitsuenetariko baten lema ‘Independencia per canviar-ho tot’ (Independentzia dena aldatzeko) izan da, eta honek oso modu egokian biltzen du mugimenduaren planteamendu politikoa. ‘Nik ez dut herri normal bat nahi, normala orain daukaguna delako’, dio Ponsek. Hausturarako unea dela azpimarratzen du, egitasmo eraldatzaileak martxan jartzekoa, baina proiektu batek ez duela ezertarako balio errotik pertsona ororen bizimodu duina bermatzen ez badu.

 

Hala ere, ‘duela urte batzuk feminismoa aldarrikatu arren, mugimenduak ez du oraindik borroka hau modu errealean bere egin.’ Georgina Monge Lopezek, Justa Revolta erakunde feminista eta independentistako kideak dio lan asko dagoela egiteko, patriarkatua oso indartsua delako euren antolakundeetan ere.

 

Egiturek ez dute balio

Indarrean dauden egituren eraginkortasun eza ere aipatzen dute. Alde batetik, estatu eta instituzioen estrukturen analisia egiten du Clarak: ‘ez dira eraginkorrak kapitalismoaren eta patriarkatuaren menpekoak direlako eta hortaz, modu hierarkikoan eraikitzen direlako.’ ‘Gai izan behar dugu instituzioek, estatuek eta merkatuek biztanleriaren erdia menderatuta edukitzeko erabiltzen dituzten mekanismoak identifikatzeko’, hori izango baita, Ponsen ustez, egiturak proiektu politiko iraultzaileen neurrira eraikitzeko abiapuntua.

 

Bestetik, herri mugimenduari dagokionez, Nataliak dio ez daudela feminismoa modu integralean aplikatzeko espazioak, eta erakundeak feminizatzeko borroka beharrezkoa dela, horrela lortuko baita EIn egiten den oro sustraitik feministak izan dadin. Ponsek onartzen du egitura klasikoen analisi eta kritika faltagatik izan daitekeela, baina zentzu horretan, mugimendu barruko gizonen papera jartzen du zalantzan: ‘uste dut askoren autokuestionamendu ezak eta pribilegioei uko egiteko prest ez egoteak zerikusi handia duela.’ Mongek ezinbestekoa ikusten du egunerokotasunean kide, familiar eta militantzia-lagunen partetik jasotzen dituzten indarkeriak seinalatzea eta gizonei zuzentzen zaie: ‘guztiontzat askea izango den herri proiektu batean sinisten badute, haien pribilegioak kuestionatu eta lantzen hastea derrigorrezkoa izango da.’

 

Lan handia denbora gutxian

Feminismoa EIren proiektu politikoaren ardatz nagusietako bat bilakatu denetik, lan handia egin dute mugimenduko erakundeek arlo honetan. ARRANek, esaterako, ‘Lluita Feminista’ izena duen komisio nazionala eraiki du eta autodefentsa feministaren inguruan pausu bat eman dute, ezinbestekoa dela argi izanik, honen erabilpenaren legitimizazioa landuz. Era berean, Endavantek bezala, militanteen arteko indarkeria matxista kasuak prebenitu eta kudeatzeko protokoloa sortu dute; Mongeren esanetan ‘nork bere gain hartu behar du dagokion ardura, indarkeria matxistak ez direlako gure erakundeetatik kanpo dauden zerbait.’ Justa Revoltak lotura zuzena du Crida per Sabadell kandidatura munizipalistarekin; haien helburua, herriko gobernu eta instituzioetan gutxika ikuspegi feminista bermatzea da.

 

Pauso handia da ardatz feminista ardatz nazionala edo soziala bezain beharrezkoa dela onartu eta erabakitzea, eta horren harira, lan handia egiten ari dira EI barneko erakundeak feminismoa proiektu politiko guztietan modu transbertsalean bermatzeko. Prozesuan indar politiko ugarik dute zeresana, baina esan daiteke EI dela feminismoa errotik planteatzen duen bakarra.

 

Barne mailan eragin, kuestionatu eta presioa egiteko duten gaitasuna goraipatzen dute EIko emakumeek, baina harago joateko beharra ikusten du Ponsek: ‘emakumeok ukatu izan zaigun boterea berreskuratu behar dugu eta antolatu egin behar dugu; emakumeon kolektibo bat behar dugu.’ Era berean, Mongek dio asko aurreratu dela teorikoki eta ekintza zehatz askotan ikuspegi feminista txertatzen dela. ‘Hala ere, feminismoa modu sistemiko batean aplikatzea lortu behar dugu, hau izango baita prozesu subiranista eta herri burujabe erreal bat lortzeko giltza nagusietako bat.’

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA