Politikoki perreatu

Polemikaz inguratuta egon da reggaetoia, gure tabernetara iritsi zenetik bertatik. Hainbat gauza leporatu zaizkio: erritmo errepikakorrak, musikalki batere landua ez izatea... Indar bereziz aditu da beste salaketa bat ere: reggaetoia matxista dela. Edonola den, musika-estiloa bera al da matxista? Reggaetoi komertziala al da reggaetoia egiteko modu bakarra? Medeak talde transfeministako Kattalin Miner, Pikara Magazineko June Fernandez eta Chaneka reggaetoi-talde transfeministako kideak izan ditu solaskide Danele Sarriugartek Argian. 

Abuztu partean piztu zen atzera eztabaida, indar berriz piztu ere, Elgoibarko jaien harira. Udaleko berdintasun-sailak kantu-zerrenda bat banatu zien ostalari eta txozna-guneetako arduradunei, musika ez-sexistaz osatutako zerrenda bat. Gerora ezagutu zen bertsio hori, hasieran zenbait hedabidek bestelako mezua zabaldu zuten-eta: Elgoibarrek reggaetoia debekatu zuela. Zergatik eta, bistan da, musika-estilo matxista delako. Udalaren ekintza positiboa nolatan bihurtu zen titular sentsazionalista argitzeko dago, eta bide horretan egin genitzake zenbait galdera pertinente, tartean, zergatik erreparatu zitzaion automatikoki reggaetoiari eta ez adibidez Euskal Rock Erradikalari, askoz ugariago entzuten baita hainbat jai-girotan? 

Baina nolatan izango zara reggaetoi-zalea eta feminista? 

Galdera hori behin eta berriro aditzeaz nekatuta idatzi zuen June Fernandez kazetariak Si no puedo perrear no es mi revolución (Ezin badut perreatu ez da nire iraultza) artikulua. Agidanez, kezka orokor bati erantzun zion, izan ere, 100.000 lagunek baino gehiagok irakurri dute, Mexikoko bi aldizkaritan argitaratu, elkarrizketa-iturri izan da... Fenandez: “Nire ustez, reggaetoia hedatu da, hein handi batean, gure gizartean badagoelako behar bat gorputza askatu eta elkar gehiago ukituz dantzatzekoa. Reggaetoia eskandalagarri zaigu sexualitatea ekartzen duelako gogora, baina ez da berez beste estilo batzuk baino sexistagoa. Tangoan, adibidez, gizona da gidari, emakumea gidatu, eta salbuespenak salbuespen, ez da aukerarik izaten sexu bereko bikoteak dantzan aritzeko. Reggaetoia, aldiz, solte dantzatzen da, eta pertsona bakoitzak erabakitzen du beste dantzariengana zenbat hurbildu, eta nola. Perreoa sexista da soilik rol jakin batzuekin errepresentatzen denean”.

Orain 10 urte pasa sortutako Medeak talde transfeministak ere hasieratik izan du desira eta gozamena politizatzeko helburua. Zentzu horretan, reggaetoia oso baliagarri gertatu zaie. Horrela azaldu du Kattalin Minerrek: “Emakumeen azpiraketa sustatzen duten mezu pila iristen zaigu modu sotilagoan, eta nik eskertu dut reggaetoiaren esplizitutasuna, hain zuzen, gordin erakusten duelako patriarkatua. Ez gara inozoak, eta badakigu emakumeen aurkako bortizkeria errepresentatzen duela, baina parodiarako aukera handiak ere ematen ditu. Izan ere, guk reggaetoia aldarrikatu izan dugu eredua irauli nahi genuen heinean. Adibidez, bi andrek beraien artean perreatzen dutenean edo elkarri letra horiek kantatzen dizkiotenean, errotik iraultzen da reggaetoian hain presente dagoen maskulinizazioaren goreste hori”. 

Azkenaldian, asko aldatu bide dira gauzak, Minerren iritziz: “Urte oso gutxiren buruan reggaetoia txertatu egin da gure espazio politikoak izan daitezkeenetan, bai behintzat jai-girokoetan. Demonioa kendu zaio. Gu baino gazteagoek nahiko natural bizi dute musika hori beren parranda-testuinguruan, beraz ez dakit zenbateraino iraultzen den. Bestalde, oso ezberdina iruditzen zait taberna hegemoniko edo diskoteka batera joan eta bertan reggaetoia dantzatzea ala gure jai feminista batean geure artean perreatzea”.

Besteren begiko izpia itsusi... 

Reggaetoiaren matxismoan hainbesteko arreta jartzea susmagarria iruditzen zaio Minerri: “Ez dut inoiz entzun Eskorbutoren edo Cicatrizen kantu batzuen harira horrelako harrabotsik altxatzen zenik, ez gero Daddy Yankeeren kantuekin sortu den adinakorik. Hori hipokrita da. Euskal Herriaren alde edo zerbaiten aurka sexismoa erabiltzea zilegi da, honako hau, adibidez, ozen kantatu izan dugu guztiok: ‘quisiera encontrarme una mujer policía para estar jodiéndola todos los días, todos los días’ (‘nahiko nuke andre polizia bat aurkitu, egunero etengabe ematen aritzeko’). Hor, garrantzitsuagoa da polizia bat izorratzea emakume bat bortxatzea baino. Horrekin ez da ezer egiten, eta, aldiz, “dále con el látigo” (‘emaiozu zigorrarekin’) tratu txarretarako bidea iruditzen zaigu. Galbahe bikoitza da: ondo pasatzeko musika denez, eta ez daukanez edukirik, sexismoa bakarrik ikusten dugu; musika politikoan, ordea, arazorik gabe onartzen da”. 

Fernandezen arabera, klasikoa da euskal gizarteak aiseago identifikatzea kanpotarren matxismoa bere propioa baino: “Seguru asko, reggaetoia matxista dela dioten pertsona horiek eurek esajeratutzat hartuko naute esaten badut musika-jaialdi indieak sexistak direla. Baina, galde diezaiogun gure buruei: zenbat emakume DJ aritzen dira musika elektronikoko aretoetan? Zer emakume eta gizon eredu sustatzen ditu heavy metalak? Zenbat emakume musikari egon ohi dira rock-jaialdietako karteletan?”.Aurtengo Hatortxun, bi.

Letretara eta rolen erreprodukziora etorrita, Fernandezen ustez, begiradan datza gakoa, eta, gizarte patriarkal batean bizi izanda, gaitz orokorra da hori: “Reggaetoi-letra ezagunenak gizon heterosexualek idazten dituzte, begirada beti da maskulinoa eta heterosexuala. Gizon horiek beren desiren arabera zehazten dute zelakoak diren andreak eta zer duten gustuko. Hara hor traba nagusia, emakumea ez dela subjektu gisa agertzen eta bere desioez mintzatzen. Dena dela, kontu hori ez da reggaetoiaren beraren ezaugarri bat, diskurtso androzentrikoaren ondorioa da, eta musika komertzialean barra-barra agertzen da”

 

Erreportajea osorik irakurri

ETIKETAK

Elkarbanatu!