Pol Galofre

Arantza Santestebanek Pol Galofre elkarrizketatu du Argian. Mundua aldatu nahi duela dioen aktibista honek soinulari egiten du lan zinema dokumentalean. 2005etik Bartzelonako mugimendu trans eta feministan ezaguna da, besteak beste azken urteetan Cultura Trans egitasmoaren koordinatzaileetako bat izan delako.

Ez dizut bizipenetan oinarritutako ohiko elkarrizketa egin nahi. Nolakoa izan da zure trantsizio prozesua, noiz ohartu zinen, eta abar… 

Pozten naiz, niri ere nagi galanta ematen didalako. Nahiago nuke beste leku batetik aritzea eta gisa horretako galderak saihestea. Orain arte hamaika aldiz erantzun izan dut zer den trans-a izatea, nolakoa izan den nire trantsizioa, hormonatze prozesua noiz eta nola hasi nuen... Batez ere bizipen hori duten pertsonei lagundu ahal nielakoan erantzun izan dut baina azkenaldian nekatuta nabil horrekin. Zinea egiten dut, hainbat kolektibotan parte hartzen dut eta hortik kontatu nahi ditut gauzak. Gainera kontziente naiz nire bizipena nirea baino ez dela eta milaka modu dagoela trans izateko. Bakoitzak berea dauka. Bartzelonako auzo batean hazi naiz, gurasoak medikuak ditut eta ez dut prozesua beste batzuek bizi duten modu gatazkatsuan bizi izan. Baina badakit beste pertsona trans askok askoz modu bakartiagoan eta konplexuagoan bizi dutela.   

Cultura Trans proiektuan parte hartzen duzu 2005etik. Zer da?

Erreferente berriak sustatzen ditugu batez ere. Horrekin, sistemaren egitura eraldatu eta trans kultura gizartean erabat barneratzea bilatzen dugu. Era berean, interes berezia dugu belaunaldi trans berrientzako mezu eraikitzaileak sortzeko, etorkizunean leku positiboago batetik pentsa dezaten euren burua. Hori guztia kulturaren eremutik egin nahi dugu jakin badakigulako kulturak ahalmen eraldatzaile izugarria duela, kasu askotan politika konbentzionalak baino handiagoa. 

Erreferenteez ari zarela… Zineman zein da panorama?

Interneten bilaketa bat egingo bazenu harrituko zinateke erreferentzia eskasiarekin. Azken urteetan Lana Wachowski zine zuzendaria (V de Vendett a, Matrix…) da gehien aipatzen dena. Bat-batean pertsona trans bat mainstream-ean errekonozimendu osoz agertzeak pentsamolde arautuaren moldeak hautsi ditu: trans-ek, prostituzioan aritzeaz gain, zineman jardun dezakete, eta Matrix bezalako pelikulak egin. Baina Wachowskiz haratago pertsona trans gehiago egongo da zineman noski, kamera aurrean gutxi batzuk eta kamera atzean beste batzuk.

Zure ustez horrek lagundu egiten du? 

Ba kontraesanak ditut. Alde batetik ikusgarritasuna beharrezkoa dela uste dut. Esan dudan bezala, erreferente trans-ak zirkuitu ofizial edota sozialki onartuetan egoteak, prozesua bizi duten pertsonentzat lagungarria izan daiteke. Baina bestalde, ez dut uste ikusgarri bihurtzen diren pertsona trans horiek komunitate osoa erabat ordezkatzen dutenik. Askotan fribolitate dosi bat onartzen zaien pertsonaia famatuak baino ez direla ematen du. 

Horrek zerikusi gutxi izango du pertsona askok bizi dutenarekin.

Jakina, hori ez da komunitate trans-aren errealitatea. Esango nuke, pertsona trans-en gehiengo zabal batek bazterketa bizi duela oraindik. Sinetzidazu, trans aktibismoan denbora luzea daramat eta denetarik ikusi dut. Oraindik orain transexualitatea eta bazterketa oso lotuta doazen kontzeptuak dira; lana aurkitzeko, hormonazio prozesuak medikuaren jarraipenarekin egiteko, estigmaren ondoriozko kalteei aurre egiteko… Zailtasun asko dago oraindik eta horregatik, bestelako erreferentzia trans-ak berreskuratu eta zabaltzea ezinbestekoa dela uste dut.

Alegia, ordezkaritza duinagoen alde lan egiten duzu(e)la. 

Hala da. Bitxia da, izan ere, azkenaldian ordezkaritzaren gaian arreta jartzen ari bainaiz, batez ere fikzioan, eta ondorio batera iristen ari naiz. Pertsona trans-ak pelikula edota publizitatean irudikatu nahi direnean, ia gehienetan gizonezkoek ordezkatzen dituzte, izan gizon trans-a edo izan emakume trans-a irudikatu nahi den pertsonaia. Transamerica pelikula da emakumezko batek trans baten rola jokatzen duen bakarrenetakoa, Felicity Huffman aktoreak egiten duena, hain zuzen ere. Azken batean, pentsatu nahi dut horren atzean badagoela patriarkatuaren eragina, eta ondorioz, gizonei onartzen zaiela trans kategoria, emakumeei baino neurri handiago batean. 

Bukatzeko: zein da Pol Galofrek egin nahiko lukeen pelikula? 

Ufa… Galdera zaila. Esan ahal dizut zein den nire azken lana. Finantzaketa lortu dugu proiektu baterako non saiatzen ari garen lan mundua eta transexualitatea elkarlotzen eta ikustarazten. Hainbat lanpostutan lan egiten duten pertsona trans-en dokumentazio lana egiten ari gara. Eta beti bezala, uste baino kasu askoz gehiago aurkitzen ari gara. Proiektu interesgarria da, azken batean asmoa dugu trans-ak leku askotan gaudela erakusteko.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA