Borroka feminista Vs. propaganda inperialista

Pussy Riot eta Femen bezalako taldeek borroka feminista egiten dute, edo propaganda inperialista hutsa? Gure borroka kideak dira, edo gure klase etsaiak?

Galdera hauei erantzuten saiatu dira Nahia eta Garazi Topatu.eus-en duten "Gora Munduko Emakumeok!" blogean.

“Emakume langilearen askapen borroka ezin da izan emakume burgesak bere klaseko gizonaren aurka daraman borrokaren antzekoa; aitzitik, emakume langilearena bere klaseko gizonak kapitalisten klasearen aurka daraman borrokari lotuta dago”. 

 Clara Zetkin

 

Masa komunikabideetan ez dugu ezer entzun ez irakurri Argentinako jatorrizko emakumeek daramaten borrokaren inguruan; oso gutxitan iristen zaigu Saharako emakumeen borrokari buruzko berririk; historia liburuetan Argeliako independentzia gerran borrokatu ziren emakumeek ez daukate lekurik. Euskal herriko mugimendu feministak ere zer leku dauka hedabideetan? 

Emakume langileon borrokak ez dauka lekurik mass medietan, baina ezin zitekeen bestela izan: borroka hauek inperialismoari eta kapitalismoari aurre egiten diete, eredua dira munduko herri zapalduetako emakume eta gizonontzat. Zergatik eginen liekete ba lekua enpresa inperialista handien mesedetara dauden tresnek? 

Baina, badaude hedabideetan oihartzun handia duten eta euren buruari feminista deitzen dioten taldeak. Asmatu duzue nortzuei buruz ari garen? Seguru baietz: Pussy Riot eta Femen bezalako taldeei buruz idaztera goaz oraingoan.

Pussy Riot punk talde errusiarra da. 10 artista eta 15 teknikarik osatzen dute. 2011-2012 urteetan protestak izan ziren Errusian Vladimir Putinen aurka, ospatu berri ziren hauteskundeetan tranpak egitea egotzita. Protesta hauek kutsu mendebaldetar argia zuten, eta Estatu Batuek bultzatutako “koloretako iraultza” horien antza zeukaten. Ez zuten lortu Errusian Estatu kolpe “leuna” martxan jartzea, baina protesta horien artean Pussy Riot taldearen kasuak nazioarteko medioetan sekulako oihartzuna izan zuen. 

Elkarrizketa batean taldearen oinarri ideologikoei buruz galdetuta, hau da haietako batek erantzun zuena:

“Mundu mailako mugimendu antikapitalistaren parte gara, anarkista, trotskista, feminista eta autonomistek osatutakoa. Gure antikapitalismoa ez da antiokzidentala edo antieuropearra. Guk mendebaldeko partetzat daukagu gure burua, eta kultura europearraren fruitu gara. Kontsumoaren gizartearen kontraesanek kezkatzen gaituzte, baina ez dugu kontsumo gizartea suntsitu nahi. Askatasuna dago gure ideologiaren bihotzean, eta askatasunaz dugun kontzeptua okzidentala da. Hau askatasunaren definizio egokiaren inguruko borroka da”. 

Antikapitalistak izan daitezke Venezuelako gobernu bolibartarraren aurkako kanpania golpista laguntzen dutenak? eta hilary clinton bezalako faxista batekin lasai asko biltzen direnak? Zein ote da ba haien “askatasunaren” definizioa?

Dagoeneko Pussy Riot taldea gaurkotasunetik desagertu da. Femenek dauka orain leku hori. 

Femen 2008an sortu zen eta nazioarte mailan antolatzen den talde “feminista” da. Leku esanguratsuetan edota kargudun pertsonen aurrean bular biluzia erakutsiz egiten dute protesta. Askok beraien ekintzak txalotzen dituzte ausartak direla esanez, eta emakumeon gorputza borrokarako tresna bezala erabiltzen dutelako.

Baina kritika asko ere jasotzen ditu. 

Batetik, beraien diskurtsoa erabat despolitizatua dela esaten dute askok. Eta egia da, ez dute aipatzen kapitalismoa, ezta ere patriarkatuaren sustraiak: ez dira joaten salatzen dituzten egoeren arrazoien bila. Irakurri bestela bere “oinarri ideologikoak”

1. Ukrainiako estatu kolpearen alde agertu dira hasieratik. Bere militanteetako bat den Yevgeniya Kraizman-ek Odessako sarraskian parte hartu zuen, argazki honetan ikusi ahal den moduan. 

2. Herrialde musulmanekiko sekulako mespretxua adierazten dute. Emakume musulmanei buruz bere bozeramaileak hauxe esan zuen: “Esklabuak dira eta, noski, esklabuek beti ukatzen dute haien esklabutza”. Jarrera erabat neokoloniala agertzen dute, eta ez bakarrik diskurtsoetan, baita ere ekintzetan, duela gutxi Marokon egin zuten bezala

Beraien azkeneko “ekintza” internet bidez zabaldu duten argazki bat izan da, non Aliaa Elmadh aktibista agertzen den Estatu Islamikoaren banderaren gainean kaka egiten eta menstruatzen. Argazkia Femenek zabaldu du eta honen harira Inna Shevchenko Femeneko bozeramaileari egindako elkarrizketa batean, honakoa esan zuen islamari buruz: “Musulman batzuk esaten dute Estatu Islamikoak ez daukala Islamarekin zerikusirik, baina hori barregarria da. Yihada ongi azalduta dago Koranean, hori da bere erroetan dagoena. Ez zaigu axola jendeak pentsatzea ez dugula Korana errespetatzen(…) ez dugulako egiten".

3. Lekuan lekuko talde feministekin ez daukate inolako harremanik, ez dute haien plangintza eta borroka errespetatzen. Duela bi urte taldeak bere lehen ekintza egin zuen Espainiar estatuan, Diputatuen Kongresuaren barnean abortuaren alde protesta eginez. Madrilgo militante feminista batek jarraipena egin zion gertakariari eta oso interesgarria iruditu zaigu bere lekukotasuna. Gainera, dirutza manejatzen dute, nondik ateratzen ote dute diru guzti hori?

Kontuz ibili behar gara Pussy Riot eta Femen bezalako taldeekin. Ongi informatu ezean erreza izan daiteke hasiera batean haiekin sinpatizatzea, baina egiten dutena borroka feminista da ala propaganda inperialista, ikuspegi okzidental-kapitalista hedatu eta beste proiektu politiko eta kulturen kontrako diskurtsoa garatzeko? Gure borroka kideak dira, ala gure klase etsaiak? Zer ekarpen egiten diote horrelako taldeek borroka feministari? 

Eta puntu honetara iritsita, debate bat planteatu nahi genuke. Klase borrokan txertatu gabeko “feminismoa”, feminismoa al da? Ze jarrera hartu beharko lukete emakume langileon talde feministek emakume kapitalista eta inperialisten “feminismoaren” aurrean? Ados zaudete artikulu honen hasierara ekarri ditugun Clara Zetkinen hitzekin? 

ETIKETAK

Elkarbanatu!