Bi koloreren diktadurapean

Neska arrosak eta mutil urdinak sortzeko produktuak nabarmen areagotu dira azken urteetan. Patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko aliantzari egotzi diote adituek sozializazio joera hori.

Iturria: Berria - Maite Asensio

Txokolate etxe ezagun batek egin du bereizketa, berriki. Tableta bera bi modutara merkaturatu du: neskentzat bat, bilgailu arrosan, eta Frozen filmeko irudiarekin; mutilentzat bestea, urdina, Cars pelikulako marrazkiekin; eta barruan, opariak. Ez da jostailuetara mugatzen: haurrentzako gero eta produktu zein jarduera gehiagok daukate genero marka. Gero eta arrosagoa da nesken bizitza, eta gero eta urdinagoa mutilena. Alegia, gero eta sexualizatuago daude ume eta nerabeen sozializazio prozesuak, Ana de Miguel Madrilgo URJC unibertsitateko Filosofia Moraleko irakasleak azaldu duenez: «Gizarte patriarkal batean, mutilak eta neskak, hau da, etorkizuneko gizonak eta emakumeak, balio eta printzipio diferenteekin eraiki behar dira, eta euren bizitzei zentzu diferenteak eman, heldu bihurtzean gizartean funtzio desberdinak —eta hierarkizatuak— bete ditzaten».

Legez parekideak diren gizarteetan gertatutako «inboluzio» hori aztertu du De Miguelek Neoliberalismo sexual liburuan. «Patriarkatu gogorretan, legeek ezartzen dute gizonak eta emakumeak diferenteak direla eta bakoitzak bere funtzioak dituela. Formalki parekideak diren gizarteetan, ordea, kulturaren bidez egiten dute bereizketa hori, neska eta mutil libreak sortuz». Bat dator Luixa Reizabal, EHUko Psikologia fakultateko irakaslea: «Matxismoan errotutako sistema mantendu ahal izateko, ezinbestekoa da emakumezkoak kontrolpean izatea, eta, hori lortzeko, egun indarrean dauden genero arauak transmititu behar dira».

Patriarkatuak kapitalismoarekin duen aliantza azaleratzen da hor. De Miguelen aburuz, ekonomia globalizatuak erraztu egin du arrosa eta urdinaren agintea hedatzea: «Produkzioa indibidualizatzearen ondorioz, den-denak du bertsio bikoitza egun: mutilentzako eta neskentzako borragomak daude, kutxatilak, pilotak...». Helduentzako produktuetan ere indartzen ari da joera hori, baina nabarmendu du haurtzaroan garatzen dela diferentzia, txikienekin tematzen dela sistema: «Hainbat espaziotan, ohikoa da LGTB komunitateko kideak ikustea, aniztasuna agertzea. Baina ez dut uste horrek asko aldatu duenik haur eta nerabeek bizi duten patriarkatua, mutil-neska eta gizon-emakume definizioak. Helduen ustezko transgresio sexualak ez du eraginik hor».

Eta bi koloreen diktadura, auzitan jarri ordez, etengabe hedatzen ari da. Umeen egunerokoari begiratu besterik ez dago: kikara desberdinetan gosaltzen dute neskek eta mutilek, arropa desberdina janzten dute, ikasmaterial desberdinak erabiltzen dituzte, jostailu desberdinekin jolasten dira, bizikleta desberdinetan mugitzen dira, aisialdi jarduera desberdinak egiten dituzte... «Ondorioz, txikienek ere naturaltasun handiz adierazten dute zorro bat neskentzat edo mutilentzat den», deitoratu du De Miguelek. Halakoak orokortzera eta normalizatzera jotzen ari diren arren, polemika batzuk ere izan dira: iaz, adur zapi batzuk erretiratu behar izan zituen saltoki batek, lelo sexistek eragindako kexen ondorioz; Ama bezain ederra zioten neskentzakoek, eta Aita bezain azkarra mutilentzakoek.

Iruditerian ere, urrun

De Miguelen hitzetan, baina, azken urteotan kultura produktuetan gertatu da aldaketa agerikoena: berariaz neskentzat edo mutilentzat sortutako ipuinak, serieak, telebista kateak, abeslariak, aldizkariak eta antzekoak ugaritu dira. «Neskek eta mutilek jada ez dute konpartitzen mundu imajinarioa; sinboloz eta balioz beteta dagoen hori, bizitzari zentzua emango diona. Hau da, neskentzat iruditeria sozial bat eraikitzen ari dira, eta mutilentzat beste bat. Oso larria da: ez dute oroitzapenik partekatuko, ez dute haurtzaroaren ondasun komunik izango. Eta horretan datza ideologia patriarkala: pertsonak gizon eta emakume bihurtzean, ezaugarri eta gaitasun diferente baina ustez osagarriekin».

Dikotomia horren transmisioa jaio aurretik hasten dela nabarmendu du Luixa Reizabalek. Sendietatik hasita: «Gurasoek itxaropenak sortu ohi dituzte haurraren sexua jakin bezain pronto. Hala, neskengandik lasaiak, ederrak, otzanak izatea espero dute; mutilengandik, berriz, mugituak, indartsuak, independenteak». Eta horrek umeekiko tratua baldintzatzen du: «Neskei enpatia, afektua eta harremanekin eta zainketarekin lotutako gaitasunak bultzatzen dituen tratua ematen zaie; mutilei, aldiz, gaitasun instrumentalak eta lidergorakoak sustatzeko modukoa».

Sozializazio diferentzial horretan eragin handia dute jostailuek edota ipuinek bultzatzen dituzten balioak eta gaitasunak. Baina urdinaren eta arrosaren kultura osatzen duten elementu guztiak elkarri lotuta daude. Arropa jarri du adibide Reizabalek: «Neskei apain egoteko soineko eta oinetako dotoreak erosten zaizkie. Leunak eta hauskorrak izaten dira, beraz, puskatu ez daitezen, neskek ezin izaten dute edozein mugimendu egin: jolasa mugatzen diete. Mutilei galtzak eta kirol zapatak erosten zaizkie, praktikoak, erosoak eta funtzionalak: mugitzeko askatasun handiagoa dute, nahi bezala jolasteko».

Transmisioa, nahi gabe ere

Adituek argi dute genero marka duten produktu sorta hori merkaturatzea ez dela kasualitatea: kontsumo neurrigabearen eta sexuaren araberako gizarte banaketaren uztarketari erantzuten dio. Baina zer gertatzen da familiekin? Kontzienteki transmititzen al dituzte balio horiek? Reizabal: «Batzuetan nahita egin daitekeen arren, gehienetan nahi gabe izaten da; oso barneratuak ditugu sexismoa transmititzen dituzten hainbat jarrera, jokabide, ohitura eta beste».

Ana de Miguelek ere sumatu du guraso asko ez direla konturatzen. Belarritakoak erabili ditu adibide: «Guraso askok jarraitzen dute alabei jaio berritan belarrietan zuloak egiten, eta handik urte batzuetara harrituta adierazten dute ez dakitela zergatik gustatzen zaizkion hainbeste belarritakoak neskari. Haiek eraiki dute horrela beren alaba, genero marka hori jarri diotenean! Baina ez dira ohartzen; halako portaerak naturaltzat dituzte, eraikiak direla ikusarazten dieten arte».

Izan ere, belarritakoen auziari esanahi sinboliko sakona ikusten dio: «Gizarte parekideetan, desberdintasunak emakumeen gorputzetan adierazten dira: soinean daramatzate, halako marken bidez. Belarritakoen inguruko gogoetak uste baino urrunago eraman gaitzake, batik bat erabiltzeari utzi nahi dioten neskek eta andreek aurkitzen dituzten erresistentziei erreparatuta: askok esaten dute belarritakorik gabe biluzik sentitzen direla, gaizki ikusten dutela beren burua...». Nabarmendu du inor gutxik lotzen dituela belarritakoak agindu batekin, ustez askatasunez erabiltzen dituztela emakumeek. «Liberalismoak berekin dakar askatasunaren ideia faltsu bat: zu librea zara, baina guk bideratzen zaitugun ildorantz joateko».

Jokabideak irauli

Bada joera horietatik ihes egiterik, ordea. Luixa Reizabalek onartu du gero eta material arrosa eta urdin gehiago dagoela, baina dikotomia hori hausteko baliabideak ere badaudela. «Neurri batean, behintzat, helduen esku dago joera hori urritzea». Erantsi du hezitzaileek hausnarketa egin beharko luketela: «Aztertu behar dute zerk ezartzen duen umeekiko jokabidea: arrazoi, nahi edo itxaropen pertsonalek, ala jendarteak sexu bakoitzarentzat zehaztu dituenak? Erantzuna bigarrena bada, buelta eman behar zaio». Eta tresna bat ere eskaini du: iraulpenaren araua. «Emakumeak dauden tokian gizonak jartzeari eta gizonak dauden tokian emakumeak jartzeari esaten zaio. Imajina dezakegu hezten ari garen haurra beste sexukoa dela, eta aztertu harekiko itxaropenak, tratua, jantziak eta jostailuak berdinak izango liratekeen ala ez. Erantzuna ezezkoa bada, genero aginduen araberakoak dira, eta, beraz, aldatu beharrekoak».

De Migelek ere ezinbesteko jo du gurasoen gogoeta: «Eskatuko nieke pentsatzeko zer egiten dieten alabei txikitatik eder eta sexi izateko mezuak igortzen dizkietenean, edo semeak futbolean jolas daitezen tematzen direnean». Izan ere, neska-mutil eredu zurrunek haurrei kalte handia egiten dietela azpimarratu dute biek. Reizabal: «Eredutik at gelditzen direnek —adibidez, edertasun estandarretik urrun daudenak edo heterosexualak ez direnak— sufrimendu bikoitza pairatzen dute. Batetik, beren burua modu negatiboan epai dezakete, eta horrek autoestimu arazoak ekar ditzake. Bestetik, zigor gogorrak jasotzen dituzte ingurukoengandik; besteak beste, irainak, bazterketa, jazarpena... Sufrimendu horrek, noski, pertsona horien osasun fisiko, psikologiko eta sozialari kalte egin diezaioke». De Miguel: «Lotsagarria da patroiekin bat ez datozen neska-mutilak baztertzea, eta euren generoarekin identifikatzeko arazoak dituztela esatea».

Zigorrak, gainera, gogorragoak dira genero arauak hausten dituzten mutilentzat: onartuago dago neska bat futbolean aritzea, mutil bat panpinekin jolastea baino. «Neskek ere ez dute erraz futbolean jolastea: gehienek nerabezaroan uzten dute. Baina egia da mutilentzat zailagoa dela», zehaztu du Ana de Miguelek. Gogoratu du oraindik irain gisa erabiltzen direla neska eta maritxu hitzak. Arrazoia esplikatu du: «Gizarteak beti jartzen du indar handiagoa lehen sexua sortzeko prozesuan. Neska batek izan dezake mutil baten antza, mutila delako baliotsuena, gizaki zentrala: idazle, musikari, edo astronauta izan daitekeena. Baina neska baten definizioa ama eta emazte izatearekin identifikatzen denez, tabu handiagoa da gizon bat horra hurbiltzea. Hortaz, txarto ikusia dago mutil batek lehen sexuko kide bihurtzetik desertatzea; aldiz, neska batek sexu nagusirantz joateko helburua izatea sustatu egiten dute guraso askok».

Hori dela eta, balioetan ere iraulpenaren araua erabili beharraz mintzatu da De Miguel: «Mutilekin bereziki landu behar da enpatia, atxikimendua eta elkartasuna; eta neskekin, berriz, irmotasuna, ausardia eta segurtasuna». Haurrak gizon edo emakume bihurtu ordez, nahi duten izaera eta ezaugarriak garatzen utzi behar zaiela berretsi du: «Eta argi utzi behar zaie ez dagoela korrika egiteko modu bat neskentzat eta beste bat mutilentzat».

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA