Hauteskundeak direla eta

Hauteskunde giroan erabat murgilduak gaude Euskal Herrian. Hegoaldean Espainiar estatuko gorteetako hauteskundeen kanpainan sartuak dira alderdi politiko guztiak buru belarri. Iparraldean, eskualdeko hauteskundeen bigarren itzulia izango da igande honetan. Kanpaina garaia promesen garaia bilakatzen da, eta guk konpromiso irmoen garaia izatea nahi dugu, aspertuak baikaude praktikara eramango ez diren ametsak entzuteaz. 


Emakumeon aurkako zapalkuntzak bere horretan dirau eta honen aurrean, instituzioen eta hauek kudeatzen dituzten alderdi gehienen jarrera ez da aldatu. Gehienetan azaleko aldaketa besterik eragiten ez duten borondate politiko eskaseko politika publikoak jarri dira martxan, soilik, politikoki zuzena delako. Aurpegi garbiketa izateari utzi eta benetako politika publiko eraginkorrak eskatzen ditugu, erroetara joko dutenak, eta patriarkatuaren egitura iceberga bere osotasunean kontuan hartuko dutenak. 


Hauteskundeen atarian gauden honetan, Euskal Herriko Bilgune Feministatik honakoa adierazi nahi diegu hautagai eta alderdi guztiei:
– Emakumeon zapalkuntza egiturazkoa da, beraz etorriko den aldaketak gaur egungo egituren aldaketa erradikala ekarri behar du. Egoeraren azalean eta modu indibidualean eragiten duten erreformek ez digute balio. Gure zapalkuntzaren dimentsio politiko, ekonomiko eta ideologikoa kontutan hartuko duten politika publikoak martxan jartzea exijitzen dugu.


– Emakumeon egoera aldatzeko pausoak emateko borondate politikoa exijitzen dugu. Jendarte egituraren Eraldaketa helburu izango duten bitartekoak martxan jarri behar ditugun arren, bide horretan emakumeon bizi baldintza kolektibo zein indibidualetan eragina izango duten neurriak hartzea ezinbestekoa da eta momentuan dauden zerbitzuen eraginkortasunaren alde lan egitea beharrezkoa da.


– Martxan jarriko ditugun politika publikoek emakumeon  parte hartzea ahalbideratu behar dute. Bide horretan ezinbestekoa da mugimendu feminista mintzakide politiko gisa onartu eta parte hartze zuzenerako espazio demokratikoak sortzea.


– Guzti hau aurrera eramateko ezinbestekoak diren herritarron beharretara egokituko diren aurrekontuak sortzea eskatzen dugu. Krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuta hainbat murrizketa burutu dituzte arlo sozialean, berdintasun politiketan, ... 

 


Hitz emateak alde batera utzi eta benetako demokrazia parte-hartzaile baten aldeko apustua egiteko deia egin nahi diegu alderdi politiko guztiei. Halaber, sexuen arteko harreman hierarkikoak gaindituko dituen politika feministak garatzeko unea iritsi dela deritzogu. Feministok bide honetan lanerako prest gaude!

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA