Independentzia klase-afera da eta generoa klasearen erdigunean dago

Cat Boyd, Radical Independence kanpainako bozeramailea elkarrizketatu du Danele Sarriugartek Argiarako.

Eskozia independentea nahi du, dena aldatzeko, feminismoa, sozialismoa eta anti-inperialismoa oinarri. Liburu batean bildu ditu independentziaren aldeko argudio feministak, Jenni Morrisonekin batera. Iragan urrian Alternatiben Herrian izan zen, eta mahai-inguru arrakastatsuaren biharamunean jardun genuen berarekin. 

Nola abiatu zen Radical Independence?

Hasteko, Eskoziako Parlamentua ez zuten diseinatu gehiengo nazionalista batek gobernatzeko, ezpada koalizio batek agintzeko. 2011n, nazionalistek gehiengoa lortu zutenean, orduantxe konturatu ginen erreferenduma izango genuela. Erakunde sozialista iraultzaileetan ibilitako hamar lagun inguru bildu eta kanpaina bat abiatzea erabaki genuen, zeinaren ardatzak ez baitziren izango SNP alderdia, nazionalismoa, eskoziar identitatea... Aitzitik, klasea jarri nahi genuen erdigunean, ikuspegi anti-inperialistatik abiatuta.

Nola ekin zenioten kanpainari?

Ezker tradizionaleko erakunde britainiarrek uste dute langile guztiek batuta iraun behar dutela. Aldiz, Eskoziako talde sozialistak, ezker erradikalekoak, independentziaren alde daude. Gure asmoa zen eztabaida irabaztea eta independentziari buruzko diskurtso berri bat sortzea. Argi utzi nahi genuen independentzia ez dela Eskoziako bandera soilik, gure prozesua nazioarteko mugimendu zabalago baten parte dela, eta estatu britainiarra haustea ezinbestean dela ekintza progresista bat.

Atez ateko kanpaina egin zenuten, Yes kanpaina ofizialetik aparte.  

Britainian oso ohikoa da horrelako kanpainak egitea. Yes kanpaina ofiziala SNPrena zen. Hasieran, beren ideia nagusia honako hau zen: independentzia bozkatu, denak berdin jarrai dezan. Hala ere, aurrera egin ahala, ezkerrerantz lerratu ziren, gure jardunaren ondorioz. SNPkoak izugarri trebeak dira atez ateko kanpainetan. Biztanleei buruzko erregistroak dauzkate: nor zaren, zeri ematen diozun botoa, botoa emateko izena emanda ote zauden... Operazio militar baten antzekoa da, botoa hauteslekura eramateko operazioa.

Guk, ordea, geure gidoi propioa idatzi genuen. Monetaz galdetzen zigutenean, zera esaten genuen: librari euts diezaiokegu, baina gure moneta propioa ere izan dezakegu. Diskurtso ofizialetik urrundu ginen, eta, nire iritziz, jende gehiago konbentzitu genuen. Izan ere, gerriko industrialeko biztanleak alderdi laboristaren jarraitzaileak izan dira tradizionalki, SNP baino ezkertiarragoak. Kanpainak aukera eskaintzen zigun jendearekin hitz egiteko, sekula bozkarik eman gabeko jendearekin ere. Benetan desio genuen jendeak prozesu demokratikoan parte har zezan.

Atez ateko prozesua oso gogorra da, nekagarria buru eta gorputzarentzat. Beraz, saiatu ginen ekintza hori ekintza politiko bilakatzen, manifestaldia balitz bezala, erresistentzia-inauteria, neoliberalismoaren eta austeritatearen aurka.

Zer ikasi duzue prozesuari esker?

Bi urteko epea geneukan biztanleen erdia baino gehiago konbentzitzeko. Beraz, presio eta presa handia sentitu nuen, eta gauza batzuetan huts egin genuen. Kanpainaren ostean zenbait lezio ikasi genuen, barne-demokraziari eta ardurei buruz. Era berean, ikasi genuen beharrezkoa dela korronte feminista indartsua edukitzea. Kanpora begira, ikusi dugu SNP oso erakunde boteretsua dela. Erreferendumaren aurretik 25.000 kide zituzten, eta orain, aldiz, 110.000. Gauza ona izango litzateke RI alderdi politiko bilakatzea, SNPrako isuri hori geldiarazteko. Baina alderdi askotako jendeak osatzen du RI, eta horregatik abiatu dugu alderdi berri bat, RISE.

Jenni Morrisonek eta biek idatzitako liburuan diozuenez, emakumeek inork baino gehiago irabaziko lukete independentziarekin, baina, gertagarriena zen gehienek aurka bozkatzea.

Yes kanpainak ez zuen genero-ardatza txertatu, eta, nire ustez, horregatik galdu genuen erreferenduma, besteak beste. Emakumeei ez zieten ezer eskaini, eta kanpainako hitzaldietan, emakumeren batek galdetzen bazuen ea zergatik eman behar zuen independentziaren aldeko botoa, zera erantzuten zioten: “doako haurtzaintza-zerbitzua emango dugu”. Emakumeen arazo bakarra balitz bezala, emakume guztiena, eta emakumeena soilik.

Nolatan erabaki zenuten liburu hori idaztea?

Begira, erreferendumaren harira, emakumeen mobilizazio handi bat izan zen, Women for Independence (WFI) kanpaina, baina ez zuten feminismoaz hitz egin. Politikan jardundako emakumeek osatzen zuten, Eskoziako Parlamentuko kide ohiek eta abar. Sekula ez da izan horrelako emakumeen mobilizaziorik, eta asko miresten ditut. Kanpaina arrakastatsuak egin dituzte, besteak beste, emakumeen presondegi bat eraikitzearen aurka, baina sakonago jo behar lukete. Ni zain nengoen, independentzia eta feminismoaren arteko lotura potentzialak zeinek aipatuko, eta Jenni berdin sentitzen zen. Ikuspegi politiko oso antzekoa daukagu biok, erakunde sozialista erradikaletan ibilitakoak gara, eta marxista feministatzat daukagu gure burua. Liburuaren ondorioak nahiko garbi geneuzkan, baina prozesuan sakondu nahi genuen.

Zer lotura potentzial daude independentziaren eta feminismoaren artean?

Britainia Handia estatu erreakzionario, arkaiko eta patriarkala da, bere egitura guztiek inperialismoa eta neoliberalismoa dute ardatz. Ideologia britainiar horrek, espezifikoki, emakumeak baztertzen ditu, sexismo instituzionalaren bidez: dirua arma nuklearretan inbertituz eta ez hezkuntza edo osasungintzan, bortxatutako andreak artatzeko zentroentzako laguntzak murriztuz... Aldi berean, feminismoaren ekarpen batzuk lapurtu dituzte, esanez emakume enpresaburu asko dauzkatela, emakume bat izan zutela lehen ministro... Aurpegia garbitzeko baizik ez dute egiten, kontua ez baita emakumeentzako xendra bat eraikitzea instituzio patriarkal horien barruan. Osorik hautsi behar dira, estatu britainiarra eta britainiartasuna eta instituzioak, lur emankor berria behar dugu emakumeen askapena loratzeko. Ez da perfektua izango, baina independentziak aukera ematen digu borroka feminista toki askoz garrantzitsuagoan ipintzeko.

Klasearekin ere lotu duzue, noski.

Britain is for the rich, Scotland can be ours [Britainia aberatsena da, Eskozia gurea izan daiteke] biltzarrean, independentzia klase-afera dela adierazi genuen, eta aberatsek ezetz bozkatuko zutela. Badago joera bat, klasea eta generoa bereizteko: “klase-afera da, beraz generoak ez du axola”. Aitzitik, Jennik eta biok bestelako diskurtso bat sortu nahi genuen: independentzia klase-afera da, baina generoa klasearen erdigunean dago. Gainera, akordio neoliberalaren kasuan, kapitalismo mota oso zehatz bati buruz ari gara, eta horren oinarrian emakumeen esplotazioa dago, aurreko ezein sistematan baino bortitzago.

 

Elkarrizketa osorik irakurtzeko jo hona

ETIKETAK

Elkarbanatu!