Salaketa faltsuen mitoa eta beste hainbat pertzepzio

Asteon izan da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta Eusko Jaurlaritzak inkesta bat argitaratu du gai horren inguruan. Bereziki datu batek sortu du kezka: inkestari erantzun diotenen %39k uste dute indarkeria matxistagatik jarritako salaketen artean «asko» faltsuak direla.

Berriako Garikoitz Goikoetxeak salaketa faltsuen mitoa gezurtatzen duten datuak landu ditu, eta Argian, goian aipatutako ikerketak emanadko datu ezberdinak landu dituzte. Jarraian biek landutakoa.

Salaketa faltsuen mitoa: %0,11 izan dira aurten ezarri dituztenen artean

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbakiak eman ditu Jaurlaritzak, irailera artekoak. Denera 3.714 kasu zenbatu dituzte: haietatik lau ziren faltsuak.

Berria. Garikoitz Goikoetxea

Asteon izan da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta Eusko Jaurlaritzak inkesta bat argitaratu du gai horren inguruan. Bereziki datu batek sortu du kezka: inkestari erantzun diotenen %39k uste dute indarkeria matxistagatik jarritako salaketen artean «asko» faltsuak direla. Hain justu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak horri buruzko datu batzuk eman dizkio Eusko Legebiltzarrari asteon, EH Bilduk eskatuta, eta mito hori erabat gezurtatu dute. Indarkeriarekin lotutako 3.714 kasuren berri izan du Ertzaintzak irailera arte —gizonek pairatutako erasoak ere barruan dira—, eta horietatik lau ziren gezurrezkoak. Salaketen %0,11 dira.

Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkideak egin dio galdera Segurtasun sailburuari, Estefania Beltran de Herediari: irailera arte zenbat andrek eta zenbat gizonek salatu duten «genero indarkeria», eta horietatik gezurrezko zenbat salaketa atzeman dituzten.

Emakumeen kontrako delituak genero indarkeria gisa izendatzen ditu Ertzaintzak, eta 2.926 kasuren berri eduki du irailera arte; behin baino gehiagotan biktima berbera izan arren, eraso bakoitza zenbatzen dute. Gainerako kasuak familia barruko indarkeria modura hartzen dituzte, eta horietan pilatutako salaketetatik, 788 dira gizonek aurkeztutakoak.

Guztiak batuta 3.714 kasu dira urtarriletik irailera. Lau salaketa izan dira gezurrezkoak, Segurtasun Sailaren arabera. Eginbideak hasi dituzte guztietan, delitua baita salaketa faltsuak aurkeztea. Ez dute jakinarazi lau horietatik zenbat diren emakumeen aurkako kasuei buruz jarritakoak eta zenbat familia barruko indarkeriatzat jotako delituei buruzkoak.

Eusko Jaurlaritzaren inkestak erakutsi du zabaldua dagoela salaketa faltsuei buruzko mitoa, eta gobernuak kezka agertu du —aintzat hartu behar da, gainera, aurreko inkestaren aldean igo egin dela iritzi hori dutenen portzentajea—. Josu Erkoreka bozeramaileak esan du «zuzendu beharrekoa» dela uste oker hori. Neurriak aztertzearen alde agertu da.

Bide bereko, salaketa faltsuen kopurua «oso eskasa» dela ohartarazi du EAEko fiskal nagusiak, Juan Kalparsorok. Uste okerraren atzean zer ote dagoen galdetuta, bi gako aipatu ditu: batetik, etxe barruan gertatzen direla eraso asko, «lekukorik gabe»; bestetik, erasotzaileak «pertsona normal gisa» ageri direla. «Emakumeei ez sinestea dakar horrek». Horrelako pertzepzioak indarkeria matxistari aurre egiteko bidean kalterako direla ohartarazi du Kalparsorok: «Salatzeko motibazioa ken diezaieke emakume askori».

Eta hor zer egina badago. Emakundek asteon ohartarazi du salatzen direnak baino askoz ere kasu gehiago daudela, «izozmendiaren punta» bakarrik direla zenbaki ofizialetan ageri direnak. Horren kontra egitea «denen ardura» dela nabarmendu du Izaskun Landaida zuzendariak: berdintasuna benetan lor dadin balio aldaketa bat nahitaezkoa dela dio.

 

Genero indarkeria onartezina, tratu txar psikologikoak ez hainbeste

Argia.eus

EAEko biztanleen %96k uste du onartezina dela gizon batek bere bikotekidea edo bikotekide ohia indarkeriaz tratatzea. Tratu txar psikologikoak larritzat dituzten biztanle portzentajea dezentez murritzagoa da.

Azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Eguna dela probestuz, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak inkesta egin du azaroan. 2.000 lagun elkarrizketatu ditu, eta emakumeek gizonezko bikote eta bikote ohiengandik jasotako indarkeriaz galdetu diete.

Onartezina da

%90ak uste du emakumea indarkeriaz tratatzea onartezina dela eta zigortu egin behar dela beti. %6k dio onartezina dela, baina beti ez dela legez zigortu behar. %1ak baino gutxiagok dio onargarria dela. Indarkeria ez onartzean, Europar Batasunean, EAEk Espainia eta Grezia baino ez ditu aurretik.

Jotzea oso larria da, emakumea kontuan ez hartzea ez hainbeste

Indarkeria mota guztiak ez dira larritzat hartzen, ez behintzat portzentajeak ikusita. Hiru maila eginez gero honelakoa da sailkapena:

Inkestatuen %75 baino gehiagorentzat oso larriak diren indarkeriak:

Jotzea, %96.

Bere borondatearen aurka harreman sexualak izatera behartzea, %88.

Emakumearen irudiak, argazkiak, informazioa, hedatzea bere baimenik gabe, %80.

Mehatxatzea, %75.

Herritarren erdiak baino gehiagok uste du oso larria dela:

Sare sozialen eta mugikorren bidez kontrolatzea, %69.

Senide eta lagunekiko harremanak mugatzea, %63.

Janzteko modua kontrolatzea, %62.

Gauzak erabakitzen ez uztea, %60.

Erdia baino gutxiagok oso larritzat dituztenak:

Etengabe gauzak egiteko duen moduaz kexatzea, %47.

Iraintzea, %38.

Ardura edo jaramonik ez egitea, kontuan ez hartzea, %25.

Mito batzuk gero eta indar handiagoa dute

Alkohol eta droga abusua ekintza gehienen atzean dagoela galdetuta %62 oso ados edo ados dago. 2012an %50 zen portzentajea.

Eraso gehienak estres maila handia dagoenean edo kontrola une batez galtzen denean gertatzen dela uste du %61ak. 2012an %42k.

Salaketa faltsu asko dagoela uste du %39k, eta 2012an %25ak.

Etxean bortitza dena lanean eta lagunekin ere hala izango dela uste du %38k.

%27k dio atzerritarrak direla emakume biktima gehienak.

Ehuneko 14tik beherako zifrak dituzte ondoko iritzi eta mitoek:

Emakumeen jarrerak berak eragiten du bere aurkako indarkeria; klase pobreenetan gertatzen da; etxeko indarkeria kontu pribatua da; genero indarkeriak ez du gazteengan eraginik.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA