Orain, Bilgune Feministako militanteak gara

Arantza Arrutiri elkarrizketa sakona egin dio Berriako Edu Lartzaguren kazetariak. Bere ibilbide militanteaz, ETAz, feminismoaz, ezker abertzaleaz... gogoeta ezberdinak utzi ditu militante abertzale feministak.

Gu feminismoaz aritzen den galdera-erantzunak aukeratu ditugu, baina osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu. Horretarako, jo Berriako elkarrizketara.

«Urte erotikoan» dagoela esan du barrezka Arantza Arruti Odriozolak (Zarautz, Gipuzkoa, 1946). Une honetan 69 urte ditu, eta ez du umorea galdu.

«Elkarrizketa melodramatikorik» ez egiteko eskatu duzu. Egin al dizkizute halako asko?

Bai, hedabide batzuk beti dabiltza morboaren atzetik, emakumeen egoera garai haietan kontatzeko, neure biografia antzekoren bat egiteko... Izugarri gustuko dute, horrek saldu egiten duelako. Gure jendea ere ibiltzen da horren atzetik. Melodrama nobeletarako, mesedez.

(...)

Lehen aldiz atxilotua, 20 urterekin.

Tolosan [Gipuzkoa] harrapatu ninduten detonagailu batzuekin eta bolborarekin. Martuteneko kartzelan egon nintzen hainbat hilabetez. Harrapaturiko aurreneko neska nintzen.

Txundituta geratuko ziren polizia frankistak eurak ere, ezta?

Kontuz! Ni ez nintzen neure garaiko beste neska abertzaleak baino ausartagoa izan. Bazeuden beste neska batzuk, ez asko, baina bazeuden. Ni ez nintzen ausarta: horretara eraman ninduten erabakiak hartu nituen, besterik ez. Behin-behineko askatasunean utzi ninduten libre, baina bi egunera berriz atxilotu ninduten. Banku bat lapurtu zuten Villabonan [Gipuzkoa], eta neu nintzela egilea. Gero, jende asko erori zen, eta, orduan, ezkutura joan behar izan nuen.

(...)

Lehen emakume liberatua izan zinen, beraz, Jone Dorronsororekin?

Bai. Oso liberatu gutxi ginen orduan. Geure artean erabaki genuen Nafarroara joango nintzela, han ez zegoelako inor, eta hura antolatzera. 21 urterekin joan nintzen, eta, geroztik, sekulako maitasuna diot Nafarroari. Ordurako, bilatzeko eta atxilotzeko agindua nuen gainean. Nafarroan sarekada handia egin zutenean harrapatu ninduten bikotekidearekin [1969ko azaroaren 10ean]. ETAren barruan ezagutu nuen hura.

(...)

Burgosko Prozesuan Euskal Herriaren zapalketa nazionala salatu zenuten, langileriarena, euskararena... Bitxia da puri-purian den gai bat aipatu ere ez izatea: emakumeen borroka. Eta hiru zineten han, zu, Jone Dorronsoro eta Itziar Aizpurua. Zergatik?

Jar zaitez urte haietan. Feministak zeuden Frantzian, Ingalaterra... Mundu gerran, gizonen lekua hartu zuten lantegietan. Gu baino askoz aurreratuago zeuden haiek. Emakumea zapalduta zegoela ikusi, sentitu eta esan egiten genuen, baina nik 18 urterekin ez nekien feminismoa zer zen. 'Emakumeen rolloa', bai, baina nik ez nekien hura teorizatzen. Herri Batasunean, gero, Aizan taldea sortu genuen 1980ko hamarkadan, KASen barruan. Mutilek ikusten zuten horren beharra, baina ez zuten onartzen politikoki patriarkatuaren aurkako planteamendurik. Ez zela unea, esan ziguten, Euskal Herriak ezin zuela feminismoa eta gizarte antipatriarkala onartu.

Espero zenuten halakorik?

Kuban eta Aljerian egonda nintzen, oporretan, eta hango emakumeek esaten ziguten: «Kontuz ibili! Guk metraileta eta dena hartu dugu, baina gizonen aginduz. Planteatu ditugunean emakumeon erreibindikazioak, beti gerorako!». Hizkuntzarekin ere gertatu da: euskara ere, gerorako.

Amore eman zenuten?

KASetik bota egin gintuzten. Baina arrangurarik gabe kontatzen dut, gauza oso politiko gisa, ez pentsa haserre nagoenik [barre]. Gizonezkoek ezin zuten politikoki onartu, besterik gabe: gizartea matxista zen, ETA ikaragarri matxista, HB ere supermatxista, baita emakume asko ere. Ez dut kritika gisa esaten, baizik eta aldi bat deskribatzeko. Aizan sakabanatzea erabaki genuen. Ondoren, mutilen aginduz eta haiek eskematxoa eginda, Egizan sortu zuten. Eta ni ez naiz inoiz Egizangoa izan; hori bakarrik behar nuen!

Gizonek diseinaturiko kaiola bat bezalakoa zen?

Sekulako abortua izan zen. Emakume talde bat muga horiekin... pitokeria bat zen. Inork ezer esan gabe desegin zen, ez zuelako ezertarako balio. Orain, Bilgune Feministako militanteak gara.

(...)

Bizitzaren balantzea egiten duzu?

Gauza asko ikasi ditut, eta interesgarria izan da. Sufritu dudana sufrituta ere, bizitza nirekin ondo portatu dela uste dut. Gauzak ulertzea epaitzea baino askoz garrantzitsuagoa da. Ulertzea zergatik gertatu ziren gauza haiek... Adinaren perspektibarekin ulermenaren altxorra zeuregana etortzen da. Nik ez nuen borroka egin bakarrik antifrankista gisa, zapalketaren aurka baizik. Eta Francoren ondoren zapalketak jarraitu zuenez... Beti izan dut argi zapalketak dirauen artean zapaltzaileen kontra joango naizela.

«Hura beste modu batera egin izan balitz» esaten ibiltzea denbora galtzea al da, edo akatsak berriz ez egiteko balio al du?

Azterketak egitea oso beharrezkoa da gero bide berriak jorratzeko. Ezin zara ez atzera ez aurrera geratu. Gure garaian hiru kategoria zeuden bakarrik: lesbianak, gayak eta besteak. Ni ezkontzaren aurkakoa naiz, baina, aurrekoan, Brasilen hiru neska elkarrekin ezkondu ziren. Aukera guztiak irekita daude.

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA