Beldurrak generoa dauka

Marina Naredo ikerlaria elkarrizketatu du Maider Eizmendi kazetariak Gaur8n.

 

«Ezezagunari beldurra izaten irakasten digute, baina ez harreman toxikoak ekiditen»

Abokatu eta genero eta hirigintza gaietan ikertzaile, Euskal Herrian hainbat hitzaldi eta tailer eskaini ditu emakumeen aurkako indarkeria gai hartuta.

Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen markoan kokatzea ezinbestekotzat jotzen du Maria Naredok, instituzioei erantzukizuna eskatzen dion markoa delako. Prebentzioan sakondu behar dela eta horretarako baliabideak eskaini behar direla uste du; izan ere, «gainerakoan alferrik da gero eskuak burura eramatea nerabeek agertzen dituzten jarrerekin». Beldurraz mintzatzean, beldurraz hitz egiteko beharra bera aipatu du: «Beldurrak gure kasuan generoa dauka».

Azaroaren 25aren bueltan hitzaldi eta tailer sorta eskaini duzu Euskal Herrian. Bai atzera bai aurrera begiratzeko eguna da, egin dena eta ez dena balantzan jartzeko unea.
Nik uste dut gauza asko egiten ari direla, baina ez da oinarrizko eta bigarren mailako prebentzioan behar adina lanik egiten. Oinarrizko prebentzioak kultura aldaketa suposatzen du ezinbestean eta sozializazio eta harreman aldaketarekin du erlazioa. Zer ulertzen dugu bikote gisa? Eta lan harreman gisa? Eremu horiek guztiak patriarkatuak gurutzatzen ditu. Esaterako, hezkuntza arloan ez dugu nahikoa lan egiten eta gero eskuak burura eramaten ditugu nerabeek jarrera matxistak errepikatzen dituztela ikustean. Aurrekontuak murritzak dira arlo honetan, ikastetxeetan egiten den lana irakaslearen borondatearen araberakoa da... Gakoa horretan dago, badakigu, baina ez dago borondate politiko nahikorik. Azken denboran, jende asko entzuten dut kulpa aurrekontuetan izandako murrizketei botatzen, baina nik argi dut inoiz ez dela lehentasuna izan. Erronka da prebentzioari lehentasuna ematea.

Jorratu behar den beste eremu bat detekzioa da. Oraindik sinesten dugu indarkeria matxista kasu isolatuak direla eta oso profil zehatza duten emakumeei eragiten diela. Distortsionatutako begirada dugu eta hori zuzendu behar dugu kasu zehatzak identifikatzeko eta haien aurrean posizioa hartzeko, bai maila sozialean bai eta bizilagun edo herritar bezala. Gaur egun gizarte inpunitate egoera batean gaude. Arlo honetan apenas egon da aldaketarik.

Nerabeekin eskuak burura eramaten ditugula aipatu duzu. Helburutik oso urrun gaude?
Nik uste dut estereotipoak, sozializaziorako bitarteko patriarkalak, ereduak... oso gutxi ari direla aldatzen. Madrilen egin den ikerketa batek ondorioztatu du, esaterako, neska gazteek dituzten lehen bikote harremanak ez direla batere askeak, inposizioz betetako harremanak direla kasu askotan. Prebentzio arloan oso aurrerapen gutxi egin dugu, aipatu dudan moduan, eta lanean jarraitu behar dugu. Salbuespenak badira, noski, zenbait herritan lan asko egin dutelako eta emaitza pozgarriak lortu dituztelako, baina ez da orokorra. Aurrerapen gehiago izan dugu indarkeria izan osteko erreakzioan, baina indarkeriaren oinarriak aldatu gabe jarraitzen du.

Orain urte batzuk prebentzioan egin beharreko lana nabarmentzen zuten adituek, zer egin orain egin ez den lanaren aurrean?
Giza eskubideen markoak izan behar du erreferentzia nire ustez, instituzioei erantzukizuna eskatzen dion markoa delako, hain justu ere. Marko horrek oso ondo marrazten du erantzukizunen bide orria eta egiten ari dena eta ez dena aztertzeko aukera ematen du. Izan ere, ez da nahikoa legeak egitearekin, legeak garatu egin behar dira politika publikoetan eta aurrekontua eskaini behar zaie. Hartzen diren neurrien ebaluazioa egitea oinarri-oinarrizkoa da. Zentzu horretan adibide deigarria epaitegi espezializatuena da. Hamar urte igaro dira sortu zirenetik eta, hainbat arazo izanagatik, ez da baliabide horien ebaluaziorik egin. 2008az geroztik egiteko eskatzen ari gara, epaitegi horietako esperientzia izan duten emakumeen parte hartzearekin, baina egiteke dago. Lege integralak espezializatutako bitartekoak zehazten ditu, baina epaitegi horietan lan egiten duten profesionalei ez zaie prestaketa bereziturik eskatzen emakumeen kontrako indarkerian. Agian, jasoko balute, hobeto ulertuko lukete zergatik biktimen kontakizunak ez diren linealak edota zergatik jarritako salaketa ken dezaketen... Sentsibilitate, jakin-min eta errespetu apur batekin gaia landuz gero, uler daitezkeen gauzak dira.

Eta babes ezagatik salaketak ere izan dira.
Bai, Nazio Batuen Erakundeak  (NBE) Estatu espainola kondenatu du indarkeria matxistaren aurrean emakumeak eta haien haurrak ez babesteagatik. Eta zer egiten ari da Estatua irizpen horien aurrean? Urtebete pasa denean erakunde horrek jarritako irizpideak ez betetzea erabaki du, egin zaizkion aholkuak ez garatzea, NBEri legitimitaterik ez ematea. Sinatu dituen tratatuen ostean erantzukizuna du, baina, hala ere, ez dela loteslea esaten jarraitzen du. Horregatik, emakumeen mugimendutik, mugimendu feministatik... gertatzen ari dena salatzen jarraitu behar dugu, emakumeei ahotsa eman behar diegu.

 

Elkarrizketa osorik irakurtzeko jo hona

ETIKETAK

Elkarbanatu!