... Ezkondu, zoriontsu izan eta eperrak jan!

Amaia Zufia bilgunekideak Klittorako maitasun erromantikoaren inguruan idatzitako artikulua.

Aspaldi ekin genion feministok maitasunaren izenean, etxe barruan, izaren azpian eta haurtzaindegien sarreretan gertatzen zenari arreta ipintzeari. Esango nuke gaur gaurkoz jada zenbait kontu zahar-berriren inguruan egindako lanketek eta kritikek ez dutela atzera bueltarik: bat-bateko maiteminak, laranja erdiak, maitasunagatik printze bihurtutako basapiztiak eta “maite zaitudalako jeloskor nago” esaldiak ekintzara bideratzen gaituzten alarma gorgarria sortzen dute guregan. Kezkatzen nau baina, ipuin hauen guztien dimentsio materialak gure analisietan behar besteko lekurik ez hartzeak.

Maitasun erromantikoaz ari garenean, sistemaren bihotzaz ari gara. Makinariak hamaika kate-begi ditu: gure bizitzak ordenatzen dituen ziklo, bikote eta familia ereduak; gure (emakumeon) lanaren aitorpen eza, hots, menpekotasunera lotzen gaituen “maitasun-zaintza-muxutruk”aren egitura; “All you need is love”aren industriak fakturatutako milioiak; hipoteka, zerga eta baja baimenak neurtzen dituzten irizpideak; gizonezkoen gailentasuna mantentzeko botere harreman eta indarkeria justifikatzen dituzten mezuak; eta gure identitate, estetika, harreman praktika eta desirak arautzen duen hetero-erregimena, besteak beste. Maitasun gorputz-subjektu nor den eta nor ez den definitu (lesbianak, beltzak, migranteak, transak, putak, zimurrez betetako ezkondu gabeko emakumeak, gorputz gizenak, gurpil-aulki batez mugitzen direnak eta sistemak bazterrean utzitako gainerakoak, noski, maitasun goren horretatik at geratuko lirateke), bai eta maitasuna noiz, norekin eta nola sentitu behar den ere iradokitzen duen mendebaldeko diskurtso hegemonikoa da maitasun erromantikoa. Honek sostengatzen duen sistema kapitalista eta heteropatriarkala ez da, ez, mito hutsa, gure haragia eta bizitza zeharkatzen duen errealitate gordina da. Eta maitasun eredu hegemonikoa tekla klabea da gorputz, emozio eta desioak diziplinatzen eta bideratzen oinarritzen den gure kontrol-jendartearen eskeman.

Gure bizitzako eremu hau politikoki kokatu eta talde zein pertsonal mailan eraldatzeko bidea hartzen dugunean, gatazka eta bertigoz betetako eszenatokiak topatzen ditugu. “Ezetz, bakarrik ez dudala zahartu nahi!” esaten duen garrasia odolusten da heste txikian, eta zilegi izan nahi dudala, ulergarri izango den bizitza bat desio dudala, besterik gabe, normala, pelikula, teleberri eta publizitatean ageri diren simulakroetan bezain zoriontsu, bezain egi. Jainkoarekin, iraultzarekin, lanarekin, balio eta komunitatearekin lotutako hainbat heriotzengatik doluan gauden honetan segurtasun eta egonkortasuna erregutzen dabil antsietatez betetako ahots inkontzientea, geroz eta indibidualistagoa den paisaia honetan, azaleko loturak gainditu eta harremanetan sakontzea kostatzen zaigun whatsapp-abiadura biziko aroan.

Bagenekien ez zela gauetik egunerako afera izango, gure fantasiak berrasmatzea, beldurrez darabiltzaten barne oihuak eustea, gure gorputzetako zelulak martxan jartzea, eta heteroarauaren haitzean arrakalak sortzea. Baina kolektiboki prozesu hau eutsi dezakegu, minak ekarri ditzakeen baina baita plazer berrien ateak irekiko dizkigun bideetan barna. Barne printzesari begietara begiratu eta aski dela esan diezaiokegu, ez garela maitasun gaixo baten zain biziko, ez beti lirain ez isilik egongo, ez garela besteen araberakoak izango, eta gure burua inor ez ezerengatik ez dugula baztertua utziko. Emakumeoi gabeziazko izakiak garela sinestarazi digute eta horren aurrean boteretzeko eta subjektu izateko tresnak garatzea hobe dugu gure harremanetan osorik, aske eta orekatu sentitu nahi badugu. Gure behar eta desioez arduratu, erabakiak hartu eta harremanean negoziatu, ezetz denean ezetz esaten trebatu, etorkizuneko kezketan baino oraina bizi, konpromisoa beste klabe batzuetan eraiki… Gure harremanak gozagarri eta askeagoak egiteko norabidean asko dira abiarazi ditugun formulak.

Baina maitasun erromantikoaren aparatua iraultzea ez datza gure intimitate harremanak bizigarriago egitean, edo ez behintzat soilik horretan. Eremu honetan hitzarmen batzuk lortu eta gure beharrak presenteago egotea garrantzitsua bada ere, sistemak erraz jasan ditzake mugimendu horiek. Maitasuna bera desnaturalizatu, des-zentratu, profanatu, zikindu eta beste eredu eta praktikak eraikitzean dago gakoa, maitasun hegemonikoari benetako disidentzia politikoa eginez. Beste kultur eta pertsonai eredu feministak sortuz, bikoteaz gaindiko harreman sare sendoak elikatuz eta heteroarauari iskin eginez alternatiba anitzen bitartez. Maitasunari patriarkatu kilo denak izerdiaraziko dizkiogu, sistema anker honen mekanismo eta aurpegi guztiak biluzten eta erroko eraldaketa eraikitzen jarraituko dugu. Hori besterik ez dugu hemen eta orain gure maitasun ipuinen jabe izateko.

Iturria: Klitto.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA