Hau ez da gure bakea

Aurtengo Azaroak 25ean "HAU EZ DA GURE BAKEA. EKIN AUTODEFENTSA FEMINISTARI" leloarekin aterako gara kalera.

Hala diote, normalizazio prozesua bizi dugula Euskal Herrian. Patriarkatuaren funtzionamendu “baketsua” alegia? Bakea, ez da soilik indarkeria jakin baten eza, eta bistan da. Emakumeok ez baikara “bakean” bizi, ez behintzat emakumeon kontrako indarkeria normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan: zeinetan, emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, prekarietate eta muturreko pobrezia egoerak, etab eguneroko errealitate diren.

 

Indarkeria sexistaren aurrean autodefentsa feministaz ahalduntzea izan zen eta da gure hautua, eta bide honetan jarraituko dugu indarkeriak gure bizitzak kolpatu bitartean. Behar, ardura eta zilegitasun osoa daukagulako gure buruengan sinetsi, saretu eta blokeatzen gaituen beldurra erasoei erantzuteko emozio aktibatzaile bihurtzeko. Emakumeok erasoen aurrean, biktima gisa jarduten dugun bitartean, jendartean ez da arazorik. Baina ahalduntzean, erantzuten dugun momentuan gure erantzuna zalantzan jartzen da, zigor zuzen nahiz sozialen bitartez. Gu, erantzuteko eskubidean berresten gara, gure bizitzak jokoan daudelako, guk ez badugu egiten ez duelako beste inork egingo.

 

Bakearen aroa bada, izan dadila denontzako bake garaia.

 

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!