Genero rolak komikietan

Generoaren ikuspuntutik dekonstrukzio lan apur bat, Asterixen azkenari tiraka

Ion Tornerren hausnarketa, Argiako bere blogean


Zesarren papiroa du izena Asterixen bildumako berrienak. Post honek komikiari buruzko kritika izan beharko luke, baina nahiago dut galiarren abentura berriko azken binetak eragin didan barne-eztabaidari  heldu, emakumezko pertsonaien rola ardatz.

Kontua da Asterixen komikiko azken marrazkian, Post Scriptum osagarrian, hiru gizonezko ageri direla kafetegi bateko terrazan hizketan. Laugarren figura batek erakarri du ordea nire arreta. Istorioari ez dio batere ekarpenik egiten, figurante hutsa da, baina… Zer egiten du neska ilehori honek hemen? Eta galderaren atzetik beste bat: Zein paper betetzen dute Zesarren papiroa komikian ageri diren emakumezkoek? Eta atzetik beste galdera bat eta beste bat… Zein paper betetzen dute oro har emakumezkoek Asterix bildumako komikietan? Eta Tintin edota Lucky Luke –niretzat erreferentzia izan diren beste bi bilduma aipatzearren– bezalakoetan? Bonemin, Abraracurcix buruzagiaren emazte ipurterrea; Bianca Castafiore opera abeslari jasanezina… eta ia ez dut besterik oroitzen! Tantaka ageri dira eta gainera marisorgin gisa gehienetan. Heroi guztiak gizonezkoak dira, gaizkileak ere bai… baita hiru bildumetako zakur protagonistak ere: Idefix, Milu eta Rantanplan. Bai, badakit, banuen garaia desorekaz jabetzeko!

 

Zesarren papiroa komikiaren harira, hauxe idatzi du Igor Leturiak blogean: Komiki-pertsonaia mitikoekin jatorrizko egileak ez diren beste batzuek jarraitzea ez dut asko atsegin, baina horrelako pertsonaia klasiko bat euskaraz argitaratzea beti da berri ona, haurrentzako komikiak jada oso gutxi ateratzen baitira, eta harrobia landu beharra dago komikiek etorkizuna izatea nahi badugu”. Erabat ados. Euskarazko komikigintzak beharrezko ditu Asterix modukoak, irakurleak “hezi” aldera. Baina, bestetik, generoaren ikuspuntutik begiratuta, komikietan nagusi den eredua hankaz gora jartzeko saiakera egin beharko genukeela pentsatzen dut, izan irakurle soil, kazetari-kritikari, guraso, irakasle edota irakurle klubeko dinamizatzaile. Nola lortu, ordea, komikiotako diskurtso zaharkitua fundamentuz eraberritzea?

Bada, dekonstrukzio lan apur bat eginez, Iban Zaldua idazleak dioen bezala. Hamazazpi kultur aholku artikulua plazaratu du Hazi Hezi aldizkariaren udazkeneko zenbakian, non bildu dituen 7-8 eta 11-12 urte arteko umeengan –Zalduak bi alaba ditu– pentsatuta dauden produktuak (film eta liburuak), beti ere gurasoren batekin ikusteko edo irakurtzeko. Tartean komiki batzuk ditu hizpide: Xabiroi aldizkariak argitaratutakoak –”horietako batzuk agian nerabeentzat, haurrentzat baino”–; Marvel etxeko super-heroienak; W.I.T.C.H. sail italiar jatorrikoa; Bone, ezpata eta aztikeriazko mundu nahiko tolkiendar batean gertatzen dena baina “pertsonaia femenino boteretsuxeagoak” dituena; eta Thorgal saila, zientzia-fikzioa eta abentura erdi arotar-bikingozalea nahasten dituena.

Marvel etxeko super-heroiez mintzo dela idatzi du pare-parean harrapatu gaituen esaldia: “Egia da generoaren ikuspuntutik dekonstrukzio lan pixka bat –edo asko– egin behar dela horiekin guztiekin –ez, ordea, Asterix edo Tintinekin baino gutxiago–”. Eta beheraxeago, artikuluaren amaieran: “Filmak ikustea bezain inportantea izan daiteke, ondoren edo bitartean, haiei buruz hitz egitea, gertakizunetan ilun geratu diren alderdiak argitzeko eta, batez ere, komikietan bezala, genero eta etika kontuak eguneratzeko eta, ahal dela, eztabaida sortzeko”. Azalpen gehiago jaso asmoz, bizpahiru galdera egin dizkiogu Zalduari.

Irakurri elkarrizketa blogean bertan

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA