Euskara eta feminismoa bidaide

Duela ia urtebete, “Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?” mahai ingurua antolatu zuten euskalgintzako eta mugimendu feministako hainbat eragilek Arrasaten. Iazkoak izan zuen harrera ikusita, “Euskara eta feminismoa bidaide” solasaldia antolatu zuten aurtengo urrirako. Ordukoak utzitako hari solteei tiraka, feminismoak eta euskalgintzak duten harremanaz aritu ziren Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre kazetari eta antropologoak.

Iturria: Topatu.eus

Lehen hizketaldi hartatik bigarrenerako tartean, ikerketa eta eztabaida askotako gaia izan da feminismoaren eta euskalgintzaren arteko harremana; eta hedabideetan ere eskaini zaio tartea. 

ZAPALKUNTZA ANITZAK

Zapalkuntza hirukoitzaren ideia Angela Davisek plazaratu zuen arren, ez da gaur goizekoa zapalkuntzak alderatu eta parekatzearena. Feminismo postkolonialista zein feminismo beltzek sarritan aipatu dute zapalkuntza hirukoitza; klase eta sexu-genero azpiratzeei arraza-jatorriaren araberakoa erantsiz. Euskal Herrian ere berritik gutxi du kontuak. 70. hamarkadako euskal feminismoan esaterako, arreta berezia eskaintzen zitzaion hizkuntzari nazio zapalkuntzaz hitz egitean. 

NORTASUNAREN ERAIKUNTZA

Hizkuntza eta generoa, biak dira nortasuna eraikitzeko tresna; eta honenbestez, baita norbanakoa jendartea egituratzen duen botere harremanen sarean kokatzeko elementuak ere. 

Paraleloak izango dira emakume edo euskal hiztun bezala pertsonak izan ditzakeen bazterreko edo menpeko izatearen bizipenak. Molde berekoak dira emakumeek eta euskal hiztunek zapalkuntzaren naturalizazio prozesuan jasotzen dituzten mezuak ere; bazterrean sortzez dituen ezaugarriek jarri dutela sinestarazten zaie zapalduei. Horrela, funtzio bertsuak ezartzen zaizkie euskarari eta emakumeei: zaintza, etxea, sukaldea eta emozioak. 

                                               Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana, 

                                                  klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa.

 

                                                      Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra. 

                                                                                                        Maria Merçe Marçal, 1952-1998 

 

DISKURTSOEN ERABERRITZEA ETA EREMUARTEKOTASUNA

Zapalkuntzak bezain paraleloak izan daitezke horien aurkako borrokak eta ahalduntze prozesuak. Norbanakoak, bizitako konfrontazio egoera bati esker hartuko du emakume edo euskaldun denaren kontzientzia; eta eraikita eman dioten horren inguruan hausnartzeari eta berriz (des)eraikitzeari ekingo dio.

Jendarte gero eta indibidualistagoan bizi garen pertsona postmodernoek (duela hamarkada batzuetako herritarren aldean) ez dugu misio absoluturik. Euskal Herriko egoerari erreparatuta, esan liteke mugimendu feministak euskalgintzak baino hobeto asmatu duela horri buelta ematen. 

Nortasun edo identitate auzi bat (generoa/hizkuntz eskubideak) justizia sozialaren eta jendartearen demokratizazioaren terminoetara egokitzeaz aritu ziren hizlariak, eta baita boterearen beste irakurketa bat egin beharraz ere.

 

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!