Zauririk gabe, orbainik ez

Euskal Herrian bizi eta genitalen mutilazioa pairatu duten neskato gehienei jatorrizko herrialdean egin izan diete ablazioa. Auziaren ezagutza eta kulturen arteko ikuspegia gakoak dira prebentzioan eragiteko, adituen ustez.

Iturria: Berria - Ainhoa Sarasola

Euskal Herriko hainbat eta hainbat neska-mutikok egin ohi duten gisan, oporraldia igarotzera familiaren jatorrizko herrira joan ziren iazko udan Gasteizko lau neskato. Handik itzuli zirenean piztu ziren alarmak: ahizparik zaharrenak, 14 urtekoak, ablazioa egin ziotela kontatu zion gizarte langile bati, eta ahizpei ere gauza bera egin zieten susmoa zuela. EAEko Adingabeen Fiskaltzaren arabera, Malin oporraldian zirela baliatuta erauzi zizkieten genitalak neskatoei, ustez haien aitona-amonek. Ikerketapean da auzia, baina lau neskei eragindako zauriak jada ez du bueltarik; ablazioaren ondorioekin bizi beharko dute. Halako kasuetan mutilazioa beste herrialde batean gertatu ohi bada ere, adituek nabarmendu dute bertatik ere badela zer egina: prebentzioa da gakoa. Horri begira, programak eta protokoloak ari dira martxan jartzen hainbat erakunde. Nafarroako Gobernuak 2013. urtetik du protokolo bat, eta Bilboko Udalak urrian aurkeztu zuen berea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hainbat instituzioren artean egiten den lehena ere badena. Prebentzioak errespetuz eta kulturartekotasuna landuz gero izango du arrakasta, sustatzaileen ustez.

Nafarroan sortu zen Euskal Herriko lehen protokoloa, 2013an. Urte hartako datuen arabera, ablazioa jasandako 203 andrazko bizi ziren herrialdean, eta beste 93 neskato ziren arriskuan. Osasuna, hezkuntza, justizia eta gizarte zerbitzuetako langileen koordinaziorako esparru bat ezartzeko helburuz sortu zuen testua Berdintasun Institutuak, eta lau esku-hartze maila zehazten ditu: kasuak antzeman eta arriskuak aurreikusteari begirakoa; mutilazioa jasan duten emakumeak artatzeari dagokiona; prebentzioari eta hezkuntzari lotutakoa; eta profesionalen prestakuntzari buruzkoa. Azken arlo horretan indarra jarri, eta ordutik 135 profesionali eman diete prestakuntza.

Emakunderen datuen arabera, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 11.000 dira ablazioa praktikatzen den herrialdeetatik iritsi eta bertan bizi direnak, eta horietatik 800 neskato leudeke mutilazioa jasateko arriskuan. Hori dela eta, egoeraren diagnostikoa egiteari ekin zion 2014an, aurrera begira programa zabalago bat martxan jartzeko. Ikuspegi beretik, Bilbon martxan dute jada halako proiektu global bat. Eta ez da kasualitatea han gauzatu izana, Bilbo baita ablazioa egiten den herrialdeetatik iritsitako emakume gehien biltzen dituzten udalerrietan bigarrena Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Datuei erreparatuta, lurralde horietako 949 emakume bizi ziren Bilbon urte hasieran.

Elkarlanean, aitzindari

Instituzioek elkarlanean sortutako proiektuetan aitzindaria da Bilboko Udalak abian jarritakoa; izan ere, udalarekin batera, Eusko Jaurlaritzak —Emakundek eta Osasun eta Hezkuntza Sailak—, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuak eta Auzolan modulu psikosozialak parte hartu dute programaren garapenean. «Duela urte batzuk zenbait kasu antzeman zituzten Basurtuko erietxean, eta udalak pentsatu zuen era koordinatuan lan egitea eta prestatzea zela egokiena», azaldu du Auzolaneko zuzendari Ana Fernandez Garaialdek. 2013an hasi ziren biltzen, lan ildo nagusiak zehazteko.

«Adingabea babestea da helburu nagusia, eta horri kulturen arteko ikuspegi batetik heltzen diogu. Hau da, indarkeria sexistari lotutako arazo gisa esku hartu behar dugu, baina kulturartekotasuna kontuan hartuta, praktika horrek komunitate horientzat zer zentzu duen ulertu behar dugulako. Mendebaldeko gure ikuspegitik, izugarrikeria bat da, edonola eten beharrekoa, baina praktikak erakutsi digu, askotan, gure ideologia hori indarrez aplikatzeak berekin ekarri duela neska mutilatuak gainera gurasoengandik bereiztea». Horregatik, funtsezkotzat du «buruan sartzea familiek beren alabentzat onena dela pentsatzen dutelako» egiten dutela mutilazioa, «ulertzea nekeza egiten den arren». «Hortik egin behar da lan; ez ulertuz edo partekatuz, baina bai pentsatuz nondik landu daitekeen prebentzioa, eta lan hori gertutasunez eta errespetuz egin behar da. Ezin zara beste kultura batera joan eta izugarrikeriaz hitz egin, baina gai objektiboak jar ditzakezu mahai gainean, eskubideak edo emakumeengan praktika horiek dituzten kalteak azalduz, adibidez».

«Errespetuz, ezagutzaren bidez ahalduntzea». Horixe da Adriana Kaplanek proposatzen duen filosofia. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Antropologia Sozialeko katedraduna da Kaplan, baita Wassu UAB Fundazioko burua ere. Haren bidez, ia hiru hamarkada daramatza ablazioaren aurka lanean Afrikan: Ganbian, Kenian eta Tanzanian. Hala ere, Katalunian eta beste hainbat herrialdetan ere aritzen da, prebentzio eta laguntza plangintzetan aholkulari. Horretan aritu da eta dabil Emakunderekin eta Bilboko Udalarekin. Eta argi du halako planek zein filosofiari jarraitu beharko lioketen: «Xedea da profesionalak ezagutzaren bidez ahalduntzea eta kultura arteko gaitasunak gara ditzaten lortzea, familiekin prebentzioa landu ahal izan dezaten. Profesional horiek betetzen dute zeregin funtsezkoena; horretan inbertitu behar da».

Ezagutzan ikusten du gakoa, halaber, bi aldeetan dauden aurreiritziak gainditzeko. «Ezertan laguntzen ez duen hori guztia deseraiki behar da; esaterako, basatiak direla... Ez: euren alabak maite dituzte, eta uste dute haientzat onena hori dela, hala sinetsarazi dietelako. Beraz, guztiok gure alabak maite ditugula ulertuta, profesionalak beste leku batetik hurbildu litezke arazora, enpatia handiagoarekin, ulertuz ama hori ere mutilatua izan dela, ona zela esan zioten guztia desmuntatzen ari direla bat-batean... Ulertu behar da zer esaten ari diren eurentzat onena hori dela esaten dutenean, jakin ezin diozula esan astakeria bat dela eta legez debekatua dagoela... Hortik ez zoaz inora». Argi du nola lor daitezkeen emaitzak: «Ziur egon: errespetuan eta ezagutzan oinarritutako esku hartze bat egin denean, neskato guztiak itzuli dira bidaietatik ukitu gabe».

Emakume taldeekin lanean

Protokoloek beti aurrekontu eta baliabideez lagunduta joan behar dutela nabarmendu du Kaplanek. Aplikazioan ikusi izan ditu arazoak. «Sarri, prestakuntzaren arloa alde batera uzten da, eta, gero, pediatra batek kasu bat antzematean, zer egin ez dakienez, zuzenean Poliziari deitzen dio». Katalunian hala gertatzen ari dela salatu du, eta hori ez dela bidea. «Ezberdintasun hori ulertu dute Emakundek eta Bilboko Udalak, landutakoa prebentzio programa bat delako, eta ez zigortzailea». Interesgarri deritzo esperientzia hori beste herrietara zabaltzeari.

Bilboko programaren barruan, 50 profesionali eman diete prestakuntza orain arte, Kaplanen Wassu fundazioaren eskutik. Auzolan, berriz, emakumeekin ari da zuzenean, Fernandez Garaialdek azaldu duenez. «Ablazioa egiten duten komunitateetatik datoz, eta haiek ere jasan dute, normalean». Ibaiondo barrutian aritu dira; han bizi dira ablazioa jasan edo egiten den herrialdeetatik datozen andreen %34, eta beste auzo batzuetara zabaltzea da asmoa. «Talde txikietan egiten dugu lan: hamar lagunekoak izaten dira, asko jota. Lau saio izaten dira, ezagutzen truke gisa planteatuak. Beren esperientzia kontatzen dute haiek, eta guk informazioa ematen diegu, mutilazioak zertan kalte egiten dien azalduz. Bestalde, emakumeen eskubideez eta ahalduntzeaz jarduten gara. Tresnak eskaintzen saiatzen gara beren komunitateetan boteretsu senti daitezen, hara bidaiatzean beren alabei halakorik egitea eragozteko. Amonek egin ohi dute ablazioa, gurasoek jakin gabe normalean». Jada, 26 andrazkori eman diete prestakuntza «eragile moduan», eta haiek, beste 41 emakumeri. «Horrek betetzen gaitu gehien: bai hemen eta bai euren herrietan inguruko emakumeekin hitz egin eta informazioaren hedatzaile bilakatzen direla». Ezagutza eta ahalduntzea zabaltzea da, beraz, prebentziorik onena.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA