Gizonentzat ate, emakumeentzat murru

Emakumezko artistak ikusarazteko hitzaldi zikloa antolatu du EHUko Arte Ederren Fakultateak, eta Naia del Castillo eta Erreakzioa taldeko Azucena Vieites eta Estibaliz Sadaba izan dira hizlari.

Iturria: Berria - Iñigo Astiz

Murru batek itxita deskribatu du museoetako ateak Txaro Arrazola artista eta EHUko Arte Ederren fakultateko irakasleak. «Fakultate honetan matrikula egiten duten ikasleen %70 dira emakumezkoak, eta %30 soilik gizonezkoak, baina gizartean eta museoetan nabarmen aldatzen dira datu horiek. Euskal Herriko museo nagusietan ere bai. Gasteizko Artium museoan, esaterako, azken hamar urteotan egindako banakako erakusketetan %83 inguru izan dira gizonezko artistei buruzkoak, eta Bilboko Arte Ederren museoan, berriz, %100 da portzentajea. 44 banakako erakusketa egin dira azken 12 urteetan, eta guztiak izan dira gizonezkoei eskainitakoak». Aurkezpen modura aipatu zituen datu horiek Arrazolak atzo Leioako fakultatea. Izan ere, Euskal Herriko emakumezko artisten ahotsak entzunarazi eta ikasleentzako erreferenteak eskaintzea da saio horien asmoa. Horregatik gonbidatu zituzten atzo hitzaldi bana ematera Naia del Castillo (Bilbo, 1975) artista, eta Erreakzio taldea osatzen duten Azucena Vieites (Hernani, Gipuzkoa, 1967) eta Estibaliz Sadaba (Bilbo, 1963).

«Garai hartan ez zegoen ezer ere». Desertu bat deskribatu zuten atzo Vieitesek eta Sadabak beren hitzaldian. Haien hitzetan, 90eko hamarkadan urriak ziren feminismoa eta artea lotzen zituzten zubiak, eta hutsune horren aurkako erreakzio modura sortu zuten Erreakzioa taldea 1994an. «Beharra ikusten genuen artean ikuspegi feminista hori txertatzeko. Ez zegoen diskurtsorik, ez gogoetarako baliabiderik, ez libururik... eta ezinbestekoa iruditzen zitzaigun gai horien inguruan gogoeta egiteko gune bat sortzea. Gertatzen zena ikusten genuen, baina zergatik gertatzen zen aztertu nahi genuen, eta horren aurrean beste jende batzuek egiten zutena ere ezagutu nahi genuen». Genealogia eta debate falta ikusi, beraz, eta genealogia eta debatea sortzeko hasi ziren gai horiei buruzko fanzineak publikatzen.

Garai hartan, baziren mugimendu feministak kaleratutako fanzine batzuk — Sorginak eta Geu emakumeok, adibidez—, eta baziren arteari buruzko argitalpenak ere, baina bidegurutzeko ezer ere topatu ez, eta horregatik sortu zuten Erreakzioa. «Ikusten ez duzun zerbait ikusi nahi baduzu, ba zuk zeuk egiten duzu, hain zuzen ere, halako zerbait ikusi nahi duzulako». Vieitesek eta Sadabak zehaztutakoaren arabera, anglosaxoiak ziren beren erreferenteak: Guerrilla Girls, Women Artist Coallition (WAC), Judy Chicago...

Artisten zerrenden eske

Umore puntu batez kontatu zuen Sadabak lehen zenbakia egin zutenekoa. «Euskal Herriko emakumezko artisten zerrenda bat eskatu genion Emakunderi, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari diru laguntza eskatu genion. Garai gatazkatsuak ziren, eta elkarrizketa bat pasatu behar izan genuen diru hura jasotzeko. Pentsatuko zuten akaso ezker muturrekoak ginela eta auskalo zer egin nahi genuela, baina ikusi gintuztenean ohartu ziren artistak ginela, eta ez ezker muturrekoak». Eta Vieitesek albotik: «Edo bai!». Barreak.

Itzulpenak egin dira geroztik, hitzaldiak egiten dira, eta badaude feminismoa eta artea lantzen duten argitalpenak, baina oro ez dela urre gogorarazi zuen Sadabak. «Unibertsitatean genero ikasketak sortu behar lirateke, ze hemen sentsazioa da eztabaida guztiak gaindituta ditugula, eta unibertsitateko moldaketekin baliteke alor hori urtuz joatea, eta 90eko hamarkada hasierako amateurismora itzultzen aritzea. Eta pena da hori».

Espazioen agintea

Bere arte jardunaz aritu zen Naia del Castillo ere. «Eguneroko gauzak interesatzen zaizkit, uste baitut egunerokoen atzean ezkutatzen dela absurdoa eta eguneroko horrek beti daukala alde bortitz bat». Eguneroko objektuak dira maiz Del Castilloren artelanetan ageri direnak, baina beti izaten dute mehatxu aire bat. Aulki bati itsatsita dagoen gona bat, erdi soineko den ohe bat... Onartu zuen atzokoan, gainera, askotan jotzen duela historikoki emakumezkoenak izan diren gune eta objektuetara ere bere obretan, eta adibide sorta baten bidez azaldu zien bere sorkuntza prozesua hitzaldira gerturatutakoei.

Espazio domestikoaz aritu zen, adibidez, altzariekin sortutako pieza sorta bat erakutsi bitartean. «Funtzioak definitutako espazio pilaketa bat da funtsean espazio domestikoa. Jangela dago jateko, logela dago lotarako, sukaldea kozinatzeko... Espazio horien premisen arabera mugitzen gara etxean. Eta horrek sortzen dit galdera: zenbateraino gara espazio horren jabe, eta zenbateraino da berak ezarritakoaren arabera jokatzera behartzen gaituen espazio hori gure jabe?».

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA